autoerrepasoa + autokritika = autogorrotoa

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-10-30 20:00
2

Inork ez diezadala galde zergatik, baina lehengunean orain arte idatzi ditudanak irakurtzen hasi nintzen, blogean argitaratu nuen lehenengo testutik hasita. Agian estiloan aldaketaren bat egon den ikusteko, agian zerbaitek merezi duen jakiteko, agian denbora den urruntasunetik beste pertsona bat banintzalez baloratzeko. Eta, azken hau, hein batean lortu dut. Emaitza positiboegia izan ez bada ere.

Ba hori, autoerrepasoa + autokritika = autogorrotoa, nola esan nezakeen argiago? Ezin da. Irakurri dut, eta juzgatu dut. Ni izan naizenaren lehiaketan oraingo epaile izan naiz, eta idatzitako artikulu guztien artetik baten bat kenduta, gainontzekoa zakarrontzira bota dut zuzenean, lehiaketan egotea ere merezi ez balu bezala. Zaplastekoa izan da. Gogorra. Eta nik emandakoa gainera. Gogorragoa, beraz. Filosofia merkea, argudio landugabez jantzitako kritikak, metaforarik gabeko poesia, imajinaziorik gabeko ipuinak eta azaltzea lortu ez ditudan sentimenduak. Horiek nire idazki gogoangarriak! Gora sormena!

Noizbait autoestimarik izan badut (eta izan dudala uste dut), bere burua errepide bustiaren kontra jotzeaz gain, kotxeek beren gurpil zikinez behin eta berriro zapaltzeaz gain, desintegratu egin da azkenean eta bere lekua hutsik gelditu ez dadin jaio da autogorrotoa. Ni bakarrik ez sentitzeko edo.

En fin. Zerbaitek ezaugarritzen banau ilusio eta itxaropena dira eta horregatik ez dut pentsatu nahi idazteko balio ez dudala. Honekin ez dut esan nahi Shakespeare izan nahi dudanik. Momentu honetan nire nahia horretara pixkat hurbilduko balitz sikiera! Nahikoa dut idazten ditudanengatik goragalea ez sentitzeaz gain, idazten jarraitzeko gogoa bizirik mantentzearekin. Ez diot idazteari utzi nahi. Baina nire testuak irakurtzean lotsa sentitu ere ez dut nahi. Behintzat ikasi dut lehen lekzioa. Ez irakurri zureak diren bi artikulu baino gehiago egun berean. Horrela, besteak hobeak izango ote zirelako esperantzak bizirik iraungo du. Hurrengo egunerarte baino ez bada ere. En fin.

En fin.

En fin.

Ez dakidala zer egingo dudan (gehiago irakurtzeaz gain).





Sugoi

Sugoi 2008-10-30 20:48 #1

Arlo guztietan eta momentu oro amets egitea... oso zaila da. Ziur zuk hori ondo dakizula.<br>

gregori

gregori 2008-10-30 21:22 #2

freaks!!


Utzi iruzkina: