Euren kontura!

alternatiba 1456130686283 Alternatiba | 2010-02-21 21:23



Denok ez gaude egoera berean ekonomia krisi bati aurre egiteko.  Adibidez, BBVAk 2009a 4.210  milioi euro eskaseko irabaziarekin itxi du eta Goirigolzarri urteko 3 milio euroko erretiroarekin konformatu da. Beste alde batetik, Hego Euskal  Herrian 2009.ko urte bukaeran 168.854 langabetu zegoen, 2008ko ekainean zegoena baino %66 gehiago. Kopuruak lotsagarriak dira.



Hala eta guztiz ere, hondamendira eraman gaituen ekonomia eredu kudeatzaileek sinestarazi nahi digute eurek aterako gaituztela putzutik kapital pribatuaren bitarteko magikoari esker. Hauen artean ditugu PSE eta PP, euskal aldaketari ekin eta ekin; eta UPN, PSNren utzikeriari esker Nafarroan jaun eta jabe diharduena. Ezin ahaztu PNV eta Hamaikabat, aurrekontu itun kolektiboan Patxi Lopezen lagun bihurtu direnak. Edo Espainian PSOE egiten ari dena, PNVren laguntzarekin kontuak aurrera ateratzeko.

Akordio orokorreko testuinguru honek bakoitzari bere esparruan boterea mantentzea bermatuko dio, aurreko garaietako eredu ekonomiko antzuetatik atera gabe. Elkarrekiko irain eta kazeta bitarteko erantzun bortitzak antzerkia besterik ez dira, denak alde batera geratzen dira etekina banatu behar denean. Orduan krisiari aurre egiteko behar den batasuna aipatzen dute, denon artean pairatu behar dugun ezbehar triste bat bailitzan, behin behinekoa eta zoritxarrekoa, eta aukera bakarra hortzak estutu eta bide beretik jarraitzea izango balitz bezala. Ez digute aditzera eman nahi krisia oraindik indarrean mantendu nahi duten ekonomia eredu hondatu baten ondorio zuzena ez dela.

Baina ezin ditugu inondik alde batera utzi bankuak eta patronala, guk hauteskundeetan aukeratu izan gabe ere, geure egunerokotasunean eragin izugarria dutenak. Patxi Lopezi aholku ematen dion sasijakintsu biltzarra dugu adibide tristeena bere gobernua mutinazioanalen finantza jokoen mende uzten duen ideiarik gabeko politikaria iruditzeko. Patronala gustura izango da gero; izan ere bere ametsak, geure amets gaiztoak, gauzatzear da berriro ere: gastu publikoaren murriztea, soldatenkertzea eta prekarietatea derrigortzea. Hau dugu demokraziaren pribatizatzea.

Gobernuek eskaintzen dizkiguten krisiaren aurkako planak euren lagun diren enpresen medesera eginak dira. Denon diruak xahutzen dituzte gizarte beharrizanetik barik behar pribatuei erantzuten dieten zentzugabeko obretan. Ekologia etsaitzat dute. Hala, Petronorrek coke gunea aukeratu du Muskizen, Iberdrolak eta Endesak GaroƱa ez ixtea erabaki dute eta enpresa eraikitzaileek AHTa, Pasaiako Superportua eta Urdaibaiko Guggenheima abiarazi dituzte.

Bien bitartean, EEEak (ERE gazteleraz) gero eta gehiago dira, txirotasuna hedatu egin da eta prekarietatea izurri bihurtu da. Emakumezkoek gizonezkoek baino soldata baxuagoak jasotzen jarraitzen dute, behin-behinekotasun handiagoa jasaten dute eta prestakuntza sozialik jasotzen ez duten pertsonen gehiengoa dira. Gazteriak ere lan baldintza okerragoak ditu. Aldi Baterako Enpresek morroitza banatzen dute. Espekulazioa bizilege eta ustelkeria goi arte bihurtu dizkigute. Bizitokia ez da egun eskubidea, baizik eta lukurreria epe erosoetan ordaintzen den pribilegioa.
Esaten digutenaren aurka, ez dugu aberastasuna sortzeko gaitasunik galdu, berau banatzeko ohitura baizik. Ez diezagutela harpa jo, ez dezatela krisia erabili euren hondamendiak estaltzeko. Euren krisia euren kontura izan dadila, erantzuleena, bidegabekeria eta miseria zabaldu duten horiena, erabat zulatua dagoen gizarte eta ekonomia eredu zaharkitu bat kudeatu duten horiena.

   


Utzi iruzkina: