LEHENGO LEPOTIK BURUA

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-06-08 13:16

Ostera ere hauteskundeak izan ditugu Euskal Herrian, Euskal Herri osoan alegia (nahiz eta zirkunskripzio ezberdinetan bozkatzera behartuta egon), eta, egia esanda, aurretik bagenekiena egiaztatu ahal izan dugu atzera ere.

 

   Hauteskundeak2009 por ti.

 

Eta zer genekien aurretik? Bada, bistakoa dena:

 

1) Hego Euskal Herrian, behintzat, euskal naziozaleak gara gehienok; espainolak baino dezente gehiago. Ipar Euskal Herrian, ordea, bestelakoak dira gauzak, oraindik ere sustraitu beharra baitago euskal nazioaren kontzeptua. Baina bidean goaz, eta denborak aitortuko digu naziotasun osoa, ez izan zalantzarik.

 

2) Ezker Abertzalea ezinbesteko indar politikoa da, eta, inoiz “euskal gatazka” delakoa konponduko bada, egon egon beharko da konponbide horretan. Agerian gelditu da ezkertiar abertzaleak nork ordezkatzen dituen; ez Aralarrek ez eta Eusko Alkartasunak ere, betidaniko eta betiko ordezkariek baizik, izenik eta pertsonalismorik gabeko herritar xume ezkertiarrek, alegia, edozein direlarik daramatzaten  siglak.

 

3) Abertzaletasunak ordezkaritza bi baino ez ditu behar; espainolismoak beste, hain zuzen. Eusko Alderdi Jeltzaleari dagokio, historikoki, ikuspegi kontserbadore eta zentro-eskuindarraren ordezkaritza abertzalea; bigarren ordezkaritza, ordea, Ezker Abertzaleak izaten du, berez, sigla batzuen edo bestetzuen azpian aurkeztuta frogatu izan duen bezala. Agerikoa denez, eutsi egiten dio bigarren indar abertzalea izateari, eta legez kanpo utzi dutenetan besteri utzitako botoak erraz asko berreskuratzen ditu legezkoa izaten uzten diotenean. Beraz, legeak lege, hortxe dago uka ezinezko egia politikoa.

 

Espainolek ere bi ordezkaritza baino ez dutela erakutsi dute; ez Espainian bakarrik, baita Hego Euskal Herrian ere. PSOE eta PP dira aukera bi horiek. Hirugarren bide bat zabaltzen saiatzen ari badira ere, ez dirudi bipartidismoak alternatibarik duenik. Hortaz, zer hausnartua dute balizko alternatiba hori izan nahi luketen horiek, bai espainolen kasuan (dela IU, dela UPyD), bai eta euskal alderdien kasuan ere (noraezean doan EA, eta tokirik aurkitu ezinik dabilen ARALAR).

 

Hiru egia biribil horien inguruan gabiltza, aspaldiko partez ibili ere, eta, errealitate hori ukatzen jarraitzen duten bitartean, ez da konponbiderik izango. Zeren zain daude, ba, oraingo agintariak, lanean hasteko? Noizko emango diote bide gure errealitate politikoari?

 

Benetako maila politikorik ukanez gero, beharbada aspaldi konponduko zen auzi hau guztia, baina nago maila politiko handirik ez dutela “gure” ordezkari hauek, eta, gauzak horrela, luze jo dezake, oraindik ere, delako “euskal gatazka” honek.


Utzi iruzkina: