BALIOGABEKO BOTORIK EZ!!
Berehalaxe dira hauteskundeak. Martxoaren bata gain-gainean dugu dagoeneko. Eta, oraingo hauetan, Ezker Abertzalea legez kanpo utzita, badirudi aukeraren bat dutela espainolistek Ajuria-Eneako Jaurlaritza eskuratzeko.
Horregatik, beldur dira jeltzaleak, hainbeste urtean beren gustura maneiatu duten guztia galduko ote duten beldur. Ez da gutxiagorako, egia esanda, baina gainerako naziozaleoi (jeltzale ez garenoi, alegia) ez letorkiguke txarto, behingoagatik, beste batzuek gobernatzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Beste kontu bat da onerako ala txarrerako izango ote litzatekeen aldaketa hori.
Edonola ere, benetako aldaketa beste bat izango da: ezkerreko abertzaleak, legealdi honetan behintzat, legebiltzarretik kanpo egotea. Eta, egoera honen ondorioz, buruhauste galanta planteatzen zaigu ezkertzale eta naziozale sentitzen garen guztioi.
Batzuek Aralar ere hor dagoela diote, beraiek ere ba omen dira-eta “ezker abertzale”. Baina beste askok badakigu ez dela gauza bera, kafe-kafearen eta kafe deskafeinatuaren arteko adinako diferentzia bederen badagoela. Inposaturiko boterearen aurrean makurtu ala intsumisioa agertu, hortxe dago gakoa.
Horrela, D3Mkoek urrezko botoa deitu diote euren botoari; legez, hala ere, baliorik gabeko botoa izango da, legebiltzarrean ordezkaritzarik izango ez duena, alegia. Baina benetako balioa zein duen boto-emaileok erabaki beharko dugu, eta, gero, geure erabakiaren ondorio guztiak onartu beharko datozen lau urteotan, gutxienez.
Asko dira lau urte, batez ere politikan. Sei bat urte pasatu dira, esaterako, Egunkaria itxi zigutenetik eta, dagoeneko, nor gogoratzen da horretaz? Nork egiten du protesta halako astakeriarengatik? Bada, inork gutxik. Denborak dena ahantzarazten baitu, zoritxarrez. Hain eroso eta burges bizi garen herri honetan, oroimen urriko bihurtu gara gehienok, bihurtu gaitu sistemak. Eta, horregatik, urrea ere baliorik gabeko bilakatzen da horrelakoetan, erraz bilakatu ere.
Bitxia da, dena den, Ezker Abertzaleak D3Mkoentzat eskatzea botoa Askatasuna alderdia ere legez kanpo utzi duten honetan. Izan ere, lehenagokoak dira Askatasunakoak. Baina, tira, estrategia-kontua izango da segur aski. Estrategia ona edo txarra, baina estrategia, azken batean. Eta gutariko asko, neu esaterako, nekaturik gabiltza jada hainbeste estrategiarekin, hainbesterainoko zoratzearekin, beti etsaien legeari zirrikituren bat bilatze horrekin… Noiz arte? Horrela lortuko al dugu ezer? Lortuko al dugu horrela askatasuna edota independentzia? Edo, lortuko al dugu, behintzat, presoak Euskal Herrira hurbiltzea? Ala lortuko dugu, aldiz, gatazka gehiago luzatzea, hainbat urte gehiagotan luzatzea?
Ez dakit, galdera asko dira bihotz mindu batek erantzun ditzan. Ez dakit, benetan diotsuet, baina ni neu, behinik behin, nekaturik nago oso. Ez dakit zenbat bozka, urrezko edo baliogabe, izango dituen D3M-k. Asko, ziurrenik, baina ez dira 150.000 izango, ez EHAKri eman genizkion beste, hori ziur dakit.
Izan ere, nik ez dut boto nulorik emango. Nik soberaniaren alde bozkatuko dut, burujabetzaren alde; beharbada ezingo dut ezkerreko botorik eman, baina, sikiera, naziozale bozkatuko dut. Zeuek ikusi zer egin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: