AZALKERIA
Zurikeria edo itxurazalekeria dira hitz honen sinonimo. Zerbait, bere itxura besterik ez duena. Horrelaxe dio Harluxet hiztegiak kontsultatu dudanean. Eta, definizioa ikusita, hainbat adibide etorri zaizkit burura, hipokrisiaren adibideak, alegia; faltsukeriarenak.
Guztietan nabarmenenak, maiz, politikak ematen dizkigu. Beharbada horregatik gaude herritarrok hain nazkatuta politikarekin; edo, hobeto esanda, alderdikeriarekin. Eta, aspaldion, perlarik distiratsuena politikeria-kontu hauetan, ezbairik gabe, Francisco López portugaletetarrak utzi digu bere “Euskara askatasunez” manifestuarekin.
Euskara askatasunez ikasi eta egin behar dela diosku Franciscok, PSEren buru eta lehendakarigaiak. Nik, albistea entzun nuenean, txantxa zela pentsatu nuen, adar-jotze hutsa. Baina ez, serio eta sinetsita esan duela dirudi, inoiz lehendakari balitz euskarari benetako askatasuna eman nahi balio bezala. Agerian da hamaika ikusteko jaio garela, bai eta entzuteko ere, bai horixe!
Tira, manifestua irakurrita, edozein euskaldunek badaki, onenean ere, ez duela sinesgarritasunik. Gogoan dut, esaterako, orain ez denbora luze, Portugaleteko udal sozialistak ez zuela "Berria" egunkaria erosten udal liburutegirako, aurrekonturik ez zegoelako-edo. Eta garai hartan ere, "Argia" aldizkariarekiko harpidetza kendu zioten udal euskaltegiari, ETAren propagandarako astekaria zelako aitzakian. Beraz, orain, hipokrisia nagusi, bistan denez.
Kontua da azken urteotan euskara sartzen hasia dela Osakidetzan eta Ertzaintzan, PSEren euskal erresuma instituzionaletan. Bazen garaia hor ere euskara-plangintzaren bati edo besteri ekiteko, euskara ofizialkidea baita aspaldiko partez, baina bertako langile erdaldunek ez bide dute gure hizkuntza askorik maitatzen. Eta, antza denez, erakundeotako entxufatu guztiak urduritzen hasi eta azalpen eske jo dute alderdiaren ateetan.
Marcos Merino jaunak, orain Sestaoko alkate denak, soziata haiek guztiak entxufatu zituenean Osakidetzan, pentsatuko zuten eurei ez zietela inoiz euskara jakiterik eskatuko, baina oker zebiltzan. Ertzaintzan ere, EAJren baimen eta laguntzarekin, sozialista erdaldun eta espainolista asko entxufatu dituzte urteetan zehar, euskaldunak ez baitzeuden prest beren neba-arrebak jipoitzeko uniforme baten azpian ezkutatuta. Orain, ordea, beraiek ez daude prest euskararen peajea ordaintzeko, eta Francisco López haien defentsan atera da, noski.
Dena den, nik ez dut uste portugaletetar faltsu honek aukera errealik duenik lehendakari izateko datorren martxoko hauteskundeak irabazita. Ezta beste inorekin koalizioa eginda ere. Kezkatzen nauena, ordea, beste kontu bat da: jeltzaleak gai izango ote diren berriz ere herri hau saldu eta PSErekin gobernua osatzeko. Hala bada, urte gutxitan, euskal erresuma sozialista instituzional bakarrak ez dira izango Osakidetza eta Ertzaintza, ez horixe. Gogora dezatela jeltzaleek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: