ALDUNDIAK HELBURU
Bistan da zein den PPSEren asmoa datozen hauteskundeei begira: aldundiren bat ere, aurretik ostutako Eusko Jaurlaritzaz gain, eskuratzea. Kosta ahala kosta egin nahi dute eta, horretarako, edozer baliatuko dute; nagusiki, jakina, ezker abertzalearen ilegalizazioa luzatzea.
Izan ere, badakite jakin horrelaxe bakarrik lor dezaketela euskal ogasunen diruetan ere eskua sartzea. Francisco Lópezek eta Andoni Basagoitik, lehengo lepotik burua, kalkuluak eginak dituzte eta pentsatu dute Eusko Jaurlaritzarekin egindako gauza bera egin dezaketela, orain ere, aldundiekin. Arabakoa esku-eskura dute lehendik ere, eta Bizkaikoa eskuratzea ia ezinezkoa duten arren, Gipuzkoako Aldundia har dezaketela badakite, baina horretarako, noski, Ezker Abertzalearen botoak desagerrarazi behar dituzte beste behin ere.
Badakite Gipuzkoako Ezker Abertzaleko betidaniko militanteek ez diotela Ezker Abertzaleari baino bozka emango, ez diotela, alegia, beste inori emango, ez EAJri, ez Aralarri, ez eta beste ezeini ere. Eta, horretaz jabeturik, ezin dute oraindik Sortu legeztatu; geroko kontua izango da hori, hauteskundeetatik haratagokoa.
Sortu, ezbairik gabe, legezkoa izango da gerora, ETAk bere azken hatsa emango baitu aurki. Baina, bien bitartean, beste estartegia bat zabaldu da Euskal Herrian barna ezkertiar abertzaleen botoak eskuratzeko asmotan. Bilduz ari naiz, bai. Eta horra hor kuestioa: Bildu ere utziko al dute legez kanpo, hauteskunde hauek igaro eta aldundiren bat ostu bitartean? Ausartuko al dira? Eta, bestalde, asmatuko al dute ezker abertzalekoek botoa norentzat eskatzen? Auskalo. Laster ikusiko dugu.
Nik garbi daukat ez dudala neure botoa zakarrontzira botako. Gure diruak sakratuak dira, eta ezin utzi sasisozialista horiei gure sosak goberrnatzen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: