OSAKIDETZA eta euskara
Hauteskundeak egin zirenetik, eta kanpainan ere sarritan, behin eta berriz entzun dut Osakidetzan garrantzitsuagoa dela mediku onekin topo egitea, mediku euskaldunekin topo egitea baino. Kontrajarri bezala ipini izan dituzte profesionaltasuna eta euskara.
Argumentua bera merkea eta ahula iruditzen zait. Baina, batez ere, ematen duen irudi okerrak amorratzen nau: Badirudi azken 25 urteotan euskara eskakizuna ez dakit nik nongo langa gorenean jarri dutela, eta Osakidetza profesional euskaldunez leporaino dagoela.
Bizileku aldaketak direla eta, medikuntza orokorreko 5 mediku izan ditut. Bakar bat bera ere ez da izan euskalduna.
Batagatik edo besteagatik, egokitu zaizkidan espezialisten artean, euskalduna bakar bat ere ez dut gogoan.
Egia aitortze aldera, orain hilabete inguru Bilboko anbulategi batean, harrerako behargin batek euskaraz eman zidan hurrengo hitzordua. Gaur, toki horretan bertan informazio gunean zegoen neskak ez du jakin euskaraz esaten zein gelatara joan behar nuen.
Nire galdera da: Hainbeste mesede egin bazaie euskaldunei azken urteotako kontratazio eta oposaketetan, non arraio daude?
Eta hurrengoa: Hemendik aurrera gutxiago balioko badu euskarak lanpostu horiek betetzerakoan, nora arraio iritsiko gara?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: