MALIKen ama
Malik ezagutu nuen atzo, Europara, bizimodu hobearen bila etorri den mutila. Oraindik horren bila segitzen du. Aurkitzeko esperantzarik ez du galdu.
Irrifarrea ere ez. Sarritan egiten du, mutil otzanaren aurpegia jarriz eta bere azal beltzarekin kontraste itzela egiten duten hortzak aldenik alde erakutsiz.
Kaiuko batean sartu zen Senegalen. Zortzi egun noraezean, ezezagunez beteriko txalupa horretan egin ondoren, itsasontzi batek atera zituen bera eta gainerakoak Kanarietara baino Atlantikoaren erdira zeramatzan txangotik.
Etxekoei ez zien ezer esan Espainiara iritsi arte. Alacantetik, atxiloaldiak pasatakoan deitu zion amari. Eta zoriona eragin zion. Ama harro, oso harro sentitu zela dio. Semerik gazteenak, kuttunenak, bizimodu hobearen aldeko arriskua hartu eta lortze bidean urrats handia emana zuelako. Eta Malik harro dago, irrifartsu berriz, amari halako poza eman ziolako.
Baina segituan itzali zaio irrifarrea. Gaixo dago aspalditxoan ama. Gorputzaren erdia ezin omen du mugitu. Elkarrengandik urrats batera daude amagandik urruti iristea lortu izanagatik sentitzen duen harrotasuna, eta horregatik beragatik sentitzen duen samina.
Gaur Maliken ama hil da.
(Euren sentimendua gogoan, Ismael Lö-ren garrasi-kantua)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: