Legazpiko EB-Aralar alderdien programa

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-05-22 19:00
1




HIRIGINTZA

  • Plangintzako Aholku Kontseilua arautzen duen Ordenantza aldatuko dugu, talde politikoetako ordezkariek eta hiritarrek bertako erabakietan parte hartzeko aukera izan dezaten.
  • Hiri-parke handia sortuko dugu Agirre-Etxeberri eremuan, eta, horretarako, legeak administrazioari ematen dizkion ahalmen publikoak erabiliko ditugu. Hirigintzan, ez dugu inolako marketinik onartuko. Gure ustez, Legazpiko erdialdean berdegune eta jolasgune gutxi daude, legegintzaldi honetan egindako lege-iruzurren ondorioz. Beraz, egoera horri aurre egitea dugu helburu.
  • Benetako apustu irmoa egingo dugu babes ofizialeko etxebizitzen alde. Legeak gutxieneko estandarrak baino ez ditu zehazten, baina guretzat gutxieneko hori ez da nahikoa eta gainditu egin nahi dugu.
  • Plan nagusia aldatuko dugu, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzarako lurrak gordetzeko. Horrez gain, legezko gainerako tresnak erabiliko ditugu, lurzoruaren merkatuan esku hartu ahal izateko. HERRIGINTZA udal-sustatzailea etxebizitzen merkatuan irmotasunez esku hartzeko eta etxebizitza sozialak bultzatzeko tresna izan behar da.

ZERBITZU PUBLIKOAK

  • Udalak Hileta Erritu Zibilen Zerbitzua sustatuko du, sentsibilitate guztiek euren aukera izan dezaten.
  • Zerbitzu publikoen emakidadunen kontrol zorrotza egingo dugu, administrazioarekin eta hiritarrekin hartutako konpromisoak zehatz-mehatz betetzeko.
  • Diru asko xahutzen denez, aholkularitza-enpresa pribatu gutxiago kontratatuko ditugu, udalak bere baliabideen bitartez lanok egiterik badauka. Horrela, bada, gure baliabide teknikoetan eta giza baliabideetan sinesten dugu.
ANTOLAMENDUA
  • Auzoen Zinegotzigoa sortuko dugu, herriko auzoetan sortutako premiei erantzuteko eta euren aldarrikapenak zein proposamenak bideratzeko.
  • Zinegotzigoek bete-betean babestuko dituzte elkarte eta taldeetako kideak, euren borondatezko lanaren bidez abian dagoen herri bizia delako Legazpi.

PROIEKTUAK

  • Kale nagusia oinezkoentzako gune bihurtu baino lehen, herri-galdeketa egingo dugu, eta horren arabera jokatuko dugu.
  • Oinezkoentzako eremu publikoa sortuko dugu Egialdeko arteria nagusian (Lau-Bideren eta Maiatzaren artean). Egindako azterketen arabera, oinezkoentzako gune hori Goierriraino luzatu liteke.
  • LENBURek gardentasunez jardun behar du. Legezko eskakizuna ez bada ere, udal-aurrekontuekin batera onartuko dira bere kontuak. Bertako kontratazioak publikoak izango dira, eta lehiaketa bidez esleituko dira. Langileei dagokienez, kontratazioa publikoa izango da, eta administrazioko langileak kontratatzean eskatutakoak bezalakoak izango dira baldintzak. LENBUR bere kabuz finantzatzeko gai izan beharko litzateke dagoeneko. Bestela, beste era batera egin beharko lirateke gauzak.

FISKALITATEA

  • Legeak udalei uzten dien maniobra-marjinaren barruan, gazteen eta premia handiak dituzten taldeen (pentsiodunen, alargunen, bikote gazteen, langabetuen, familia ugarien…) mesederako zerga-politika garatuko dugu.
  • Zenbait tasa kenduko ditugu (esate baterako, pertsona fisikoek ez dute obra-lizentziagatik ordainduko), eta, justizia sozialaren arabera beharrekoa denean, zerga bereziak sustatuko ditugu.
GIZA BALIABIDEAK
  • Jazarpen morala eta/edo sexuala gertatzen denean jarduteko protokoloa onartuko dugu.
  • Hautaketa-prozesuak argiak eta gardenak izango dira, hautagai onena bilatuko da (ezagutzak eta gaitasunak kontuan hartuta) eta alde batera utziko dira beste era bateko baldintzatzaileak, administrazio publikoaz ari garelako eta, ez, enpresa pribatuaz.
  • Aldi baterako edo bitarteko lanpostuetarako eskaintzetan, merituaren eta gaitasunaren printzipio ekidinezinak ez ezik, PUBLIZITATEARENA ere errespetatu beharko da. Badago eraginkortasuna, egokitasuna, legezkotasuna eta administrazioan lan egin nahi duten GUZTIEN eskubideen betearazpena bateratzerik. Horiek horrela, aukeran dauden lan-eskaintzen berri izango dute.
  • Giza baliabideen premien plangintza behar den moduan egin behar da. Norantz goazen eta etorkizuneko langile-taldea nolakoa izango den jakin behar da. Ez dago aurreikuspenik gabeko eta egoeraren araberako erabakiak hartzerik.
  • Lanaldiaren aldaketa EZIN da inoiz izan langile bakarrak proposatutako eskaeraren emaitza. Enpresa pribatuetan ez da halakorik onartzen eta, are gutxiago, enpresa publikoan. Lanaldiaren ustezko aldaketak azterketa egoki bezain zorrotzaren ondorioa izan behar dira, eta, beti-beti, zerbitzugintza publiko egokiari eta hiritarren poztasunari eman behar zaie lehentasuna.
  • Langile-arloko arauak ezartzeko orduan, subjektibotasunetik urrundu behar garenez, objektibotasunez jokatu behar dugu, arauaren hartzailea nor den eta boterea duenarekin ondo moldatzen den ala ez kontuan hartu gabe.
GIZARTE-ZERBITZUAK
  • Gizarte-zerbitzuak bultzatuko ditugu, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako Saila prestatzen ari den lege berria kontuan hartuta.
  • Gero eta adineko gehiago daudenez, behar den moduko plangintza egingo dugu udalean, premiei aurre egiteko, atentzio egokia eskaintzeko eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko.

gaztea

gaztea 2007-05-23 09:57 #1

pasa zaitez gorrietara<br />


Utzi iruzkina: