Gurrutxategi oinetxea

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-04-01 22:59
2

Gurrutxategi etxaldea: Takolokoa, Bengola eta Olaetxe, XX. mendearen erdialdean.

1957. urtean eraitsi zituzten Gurrutxategi etxaldeko eraikinak Patrizio Etxeberriaren lantegia handitzeko. Hiru eraikin nagusi ziren, azken aldera, Urolak eta Ibarrolaerrekak bat egiten zuten zabalgune eder batean: Takolokoa-Bengolea, Bengolea berria eta Olaetxe.

Aspaldidanik aipatzen dira agirietan. Hala, 1384. urteko batean “Sancho Lopes de Gorrichategui” agertzen zaigu, bertako bizilaguna seguruenik. 1426. urteko beste agiri batean, berriz, “la ferrería de Diego Sanches de Gorrochategui” azaltzen zaigu, gerora Barrenolea edo Bengolea izenez ezagutu izan den burdinola.

1557. urtean, etxalde honetako “Doña Mª Joaniz de Gurruchategui, Sra. de Barrenolea” Legazpiko Bikuña jauregiko Juan Martinez de Bikuñarekin, “Sr. de las Casas de Vicuña y Mirandaola” alargunarekin ezkondu zen. Maria Joaniz 1596. urtean hil zen eta ondasun ugari utzi zituen, Legazpin ez ezik baita Villafranca, Leon, Galizia eta Portugalen ere.

1609. urtean Joan Martinez de Bikuña semeak ondasun hauek zituen Legazpin: Gurrutxategi etxaldeko etxe, burdinola eta errota, Egizabal, Muruazpikoa, Masukariola eta Iribarren etxeak. 1744. urtean etxalde honetako Maria Joaquina de Bikuña y Oiarbide Joaquin de Agirre y Porcelekin, San Millango markesarekin, ezkondu zen.

Gurrutxategi burdinola 1876. urtera arte ibili zen, Gipuzkoan gelditu zen azkena izanik. Mende askotan Barrenola eta Bengola izenez ezagutu izan zen, Legazpin zegoen beherengo burdinola zelako. Burdinolaren ondoan zegoen errota, ordea, ez zen 1955. urtera arte gelditu. Azken errotaria Antonio Aztiria Iturbe izan zen.

Takolokoa etxea Bengolea errotaren ondoan zegoen teilatupe batean, pasabide batek banatzen zituela. Ukuiluko askak sukalde aldera zeuzkala esaten dute. Bertako azken bizilagunak Daniel eta Margarita Idiakaiz Agirre izan ziren.

Olaetxe dorretxe zaharra, azkenik, 1925. urtean, Emeteria Aranburu eta Rufino Zabaleta senar-emazteek erosi zuten, haien aurrekoek urte askotan errentan izan eta gero. Historia eta arte aldetik balio handiko etxea zenez, monumentu aitortzeko ahaleginak egin ziren, baina beranduegi etorri zitzaion babesa, eraitsi eta zazpi urtera.

JLU

Xapoto

Xapoto 2007-05-11 09:48 #1

Eskertzen da herriko historiaz arduratzen den jendea egotea. Kasu honetan gainera zuzenean eragiten didan kasua izan arren eta Olaetxeri buruz ezagutzen ez nuen informazio asko ezagutu dudan arren, orokorrean herriaren historiaz lortu daitezken informazioak atsegin ditugun pertsona asko gaude, eta hori dela eta, galdetu nahiko nuke ea badagoen lortzerik cd-an edo legazpiko argazki zaharrak jasotzen dituen bildumarik..
Gure aldetik denborapasa bezala lortu ditugu zenbaitzu, eta iristen ez garen artxiboetako irudiak ikusita, horiek eskuratzeko modurik ote legokeen jakin nahiko genuke.
Bukatzeko, Olaetxeko argazki horien familia berbereko beste zenbait argazki ikusterik nahiko balu jendeak:

http://www.fotozone.es/ficheros/2007/19/fotozone_21552.jpg

http://www.fotozone.es/ficheros/2007/19/fotozone_21551.jpg

http://www.fotozone.es/ficheros/2007/19/fotozone_21553.jpg

Jose Luis

Jose Luis 2007-05-11 16:04 #2

Nik dakidala ez dago argazki-bildumarik argitaratuta, liburu modura gutxienez. Eta Legazpiren gaineko bilduma asko daude: Ignacio Agirrerenak, Enrique Ginearenak, Lucio Bergararenak, Udanako alemaniarrenak... argazki zaharrenak aipatze arren. Enrique Ginearen argazkiak (180 bat dira Legazpikoak) Gasteizko Udal Artxiboan lor daitezke oso modu onean. Bikuña jauregian egon ziren ikusgai duela urte batzuk. Etorkizun hurbilean Burdinola elkarteko kideok beste ahalegin bat egingo dugu bilduma hori ezagutarazteko.

Utzi iruzkina: