Euskara da euskal presoei geratzen zaigun errepublika independiente bakarra

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-09-15 12:00
1


Ez pentsa Amazonaseko bazter galdu batean nagoela... baina ostatu hauetan gaudenontzat interneteko web-orria eta bloga bezalako kontzeptuak erabat arrotzak egiten zaizkigu. Beraz, ez daukat oso garbi nola garatu behar dudan gaurko idazki hau, bat-batean internauta bilakatzearena zertxobait arraroa egiten zaidalako. Badakit ez duela zer ikusirik astronauta izatearekin, baina une honetan sentsazio berberak eragiten dizkidate bi kontzeptu horiek.

Ene bada! irakurtzen nuenean, arreta osoz begiratzen nituen orri horietan agertzen ziren berri guztiak, Legazpin gertatzen ziren hainbat gauzez jabetzen bainintzen. Horren ondorioz, Ene bada!-ren desagerpena sekulako ezustea izan zen niretzat.

Zorionez, “ero” batzuk elkartu zineten berriro eta, egun batean, Artajorran-en lehendabiziko alea heldu zen nire eskuetara. Logikoa denez, bai diseinuan, bai edukian nolabaiteko aldaketak nabaritu nituen. Dena den, garai bateko ohiturak berreskuratu eta, berriro, herriko berriak neureganatu nituen.

Umea koskortzen den bezala, Artajorrangileak bide berriak jorratu behar zenituztela erabaki zenuten eta ZingiZango egitasmoa errealitate bihurtu duzue. Abagune berrietara egokitzearena guztiz logikoa da, nahiz eta neure kasuan “kaltetua” suertatu, ezin baitut komunikazio gune berri honetan murgildu.

Arestian aipatu dudana ez nuke nahiko inork txartzat hartzea, errealitate baten isla baizik. Horregatik, legazpiar orori bertan parte hartzera animatzea gustatuko litzaidake, euskararen biziraupena gure eskuetan dagoelako.

Che-ren irudia guztiz internazionala bihurtu zen bezala, gure herrian Gabinoren eta Gariren fotokonposaketarekin antzeko zerbait gertatu zelakoan nago. Bertan agertzen zena erabat zuzena dela uste dut “euskara baita euskaldun egiten gaituena”. Norberak euskararekin harreman mota desberdinak izan dituela esan genezake, aro guztiak ez baitira berdinak. Hori bai, hizkuntza bakoitzak bere unibertsoa du eta, arlo honetan, belaunaldi desberdineko euskaldunak antzeko bizipenak izan ditugula iruditzen zait.


Nire kide batek idatzi zuen bezala, euskara da euskal presoei geratzen zaigun errepublika independiente bakarra. Ingurune arrotz honetan, euskara erabiltzen dugun aldi bakoitzean, gure arbasoek zapaltzaile guztien aurrean euskararekiko erakutsi zuten atxikimendu bera gauzatzen ari garelakoan nago. Honen ondorioz, euskaraz idatzitako liburua irakurtzen dudanean, nire kideekin, lagunekin edo familiarekin euskaraz hitz egiten dudanean eta lau lerro hauek idazten ari naizen une honetan, espetxetik at nagoela sentsazioa dut. Hau da, gune independiente honetan murgilduta nabil, nahiz eta batzuk horrelakorik izatea ezinezkoa dela uste.

Hor kanpoan antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait. ETB-1, Euskadi Irratia, Berria, Argia, Elhuyar, Ikastolak, Hitza eta hainbeste argitalpen euskaldun egon arren, guztiok dakigu gure hizkuntzaren etorkizuna ez dagoela erabat ziurtatuta. Beraz, euskaraz bizi ahal izateko burutzen dituzuen eginahal guztiak, gune independiente honen aldarrikapenean bihurtzen direla uste dut.

Ez nuke politikaren bide nahasietan erori nahiko, baina espainolek eta frantsesek gure hizkuntzarekiko daramaten jarrera ezezkorra guztiz nabarmena da. Bai irakaskuntza alorrean, bai euren telebistetan erabiltzen dituzten edukietan erdara da “benetako” hizkuntza bakarra.

Baina, tira, euskaldun guztion artean gure hizkuntzak behar duen bultzada emateko gai izango garela sinetsi nahi dut. Hainbat jende sekulako lana egiten ari baita benetan horrela izan dadin, eta guztion esku dago norabide horretan zerbait egitearena.

Beraz, neure animo guztiak ZingiZango-ko partaide guztientzat, egiten ari zareten lana guztiz funtsezkoa baita. Bere burua euskaldun jotzen duen orori, ahal den guztietan errepublika independiente honetan murgil dezala animatuko nioke.

Ez dakit internauta edo astronauta izatera heldu naizen, baina euskararen unibertsoko izarrak distiratsuagoak daudela iruditu zait. Azken finean, euskaldunen eskuan baitago hau benetan honela izan dadin.

Kepa Solana Arrondo


Centro Penitenciario Puerto I
Apdo. 555
11500 Puerto de Santa María (Cádiz)

Asier

Asier 2007-09-15 15:28 #1

Oso gutun ederra. Biharko erromerian ez zara hemen izango baina ea datorren urtekoan.<br />Besarkada bat.<br />


Utzi iruzkina: