Elbarrenako gaztelua
Denok dakigun bezala Legazpik historia luzea du. Aspalditik bizi da gizakia gure haranean eta aztarna ugari utzi ditu modu batera edo bestera. Baina, oso gutxi ikertu da eta, ondorioz, kosta egiten zaigu aztarna horiek ikustea eta, are gutxiago, ulertzea.
Artxiboetan aztarna horietako asko aurki ditzakegu, eta tira eginez gero ustekabe ugari izan dezakegu.
Nik, oraingoan, adibide bat besterik ez dut jarriko. Duela urte batzuk, Ramon Martin artxibari lagunak Madrileko Archivo Histórico Nacional-ean dagoen Legazpiko dokumentu bat pasa zidan, 1532. urtekoa, eta orri batean hara zer topatu nuen:
“e otro mojon yendo mas arriba hacia Gaztelu Mendihondoa...".
Elbarrena auzoan zegoen Areizabalaga baserriaren mugak deskribatzen ziren pasarte horretan. Azaltzen diren beste leku-izenengatik (Mendiguren, Laquidiola, Mendiaras...) garbi dago Mendiarasgoikoa baserritik gora dauden lekuez ari dela.
Bada, hor azaltzen den leku-izenari kasu egitera, garbi dago Legazpin bazela gaztelu bat, gutxienez. Ez zen izango gogoan ditugun gaztelu handi horietakoa, baina zerbait bazela, seguru.
Non zegoen zehazki? Zein funtzio betetzen zuen? Mendi horretan gaur egun hainbat izen gorde dira: Arrobisakona, Arrizabalaga, Otsazuloeta, Mendiguren, Bentatxo, Bidakurutzeta... eta baliteke horietako bat gazteluaren kokagunea izatea.
Nire iritzian, gaztelua izateko kokagune egokia Lekuonako egileorra izeneko lekua da, Mendiguren mendian. Gaintxo horretatik ikusmira ederra dago bai Legazpi aldera eta bai Zumarraga aldera. Eta pentsatu behar dugu antzina, Legazpi aldera Gurrutxategi oinetxe garrantzitsua zegoela; Zumarraga aldera, berriz, Mendiaras eta Legazpi oinetxeak, beren burdinola eta errotekin.Gainera, Lekuonako egileorraren inguruan harri solte asko dago. Legazpiko gazteluaren aztarnak ote dira?
JLU
Iruzkinak
A.Gurrutxaga 2007-05-16 17:52 #1
<p> </p>
<p> Ez nuen bela pentsatuko Legazpin inoiz gaztelurik izan behar zuenik!</p>
<p>Aztarnarik ez da egongo, baina ba al dago bere jatorriaz jakiteko modurik? Nafarrak gineneko garaikoa edo ondorengoa izan ote daitekeen? Paraje hori zehatz non den maparen batean Zingizangon jartzea ba al daukak Jose Luis? </p>
<p> Aitor</p>
Utzi iruzkina: