Andraitz, Aizkorriko haitz emea

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-06-11 19:05
2



Mendizaleen artean dagoen uste oker bat zuzentzera nator lerro hauekin, Andraitz izena dela eta.

Andraitz ez da, askok uste duten bezala, Legazpi udalerriko mutur bat, Partzuergo Orokorra, Zegama eta Legazpiren artean muga egiten duen tontorra. Ez dago handik urruti, baina ez da hura. Andraitz beherago dago, iturritik behera. Harkaitz handi bakar bati esan izan zaio eta esaten diote inguruan ibilitako artzaiek. 1706. urteko hurrengo pasartean ere harkaitz hori izendatzeko erabiltzen da:

“Yten seguido desde la dicha Cruz de fierro, a la bajada del paraje de Yzosteguieta, junto a la fuente de Gaztanvideta o mandavideta se halla un mojón de piedra arenisca; con su cruz y testigo en forma; sobre la peña llamada Andra Aiza"

Ezin uka izen polita ez duenik. Antzinako garaiak datozkigu gogora, izadia errespetatu eta gurtzen genuen garaiak. Zeren, pentsa, harkaitz hura, izendatu zuen giza talde harentzat, ez baitzen edonolako harkaitza, aitzitik, errespetua eta miresmena sorrarazten zion harkaitza zen. Hortik: Andra Haitz, gizaki bat bailitzan, eta andrazkoa.

Ez dugu jaso, tamalez, Andre Haitzaren inguruko ipuin eta kontu zaharrik (nik behin batean besterik ez nion entzun Telleriarteko agure bati Andraizko Señorea esaten), eta seguru nago izan direla.


Ezkerrean, goian, Burnikuruzko haitza. Behean, Andraitz, zuhaitzez inguratuta.

Irakurleak egingo duen hurrengo galdera zein den badakit: Andraitz beheko harkaitza baldin bada, nola deitzen zaio goiko puntari?

Bada, jakin ezazu, goiko puntari, Burnikuruzko haitza deitzen zaiola (agiri zaharretan Burrunkurutze), burnizko gurutzea egon zelako urteetan eta urteetan, 36ko gerratean kendu zuten arte. Hona hemen nola azaltzen den  1614. urteko agiri batean:

"Mojon de Nardaeguiburu que está derecho con los de Jandurain prosigue la mojonera con los limites de la provincia de Alava el cerro y peñas adelante por Biozcorna y en el dicho puesto de Biozcorna está un mojon grande de piedra alto y va para la Cruz de fierro"

Andraizko pasabideari Igoate deitu izan zaio orain dela gutxi arte eta, horregatik, Burnikurzko haitzari Igoateko haitza ere deitu izan zaio. JLU

Aitor

Aitor 2007-06-12 12:38 #1

Jose Luis, dokument zahar horretan alderdi hori Arabarekin mugante dagoela aitatzen denean, Partzoneriarekin muga egiten duela behar luke, ezta?

joseba

joseba 2007-06-13 10:36 #2

burnikurutz gainean dagoen ikurrean, aldiz, andraitz jartzen du gaur egun. uste okerrak zuzentzeko, oso eragingarria litzateke goiko buzoian burnikurutz jarri eta andraitz kentzea...


Utzi iruzkina: