ARALAR bostgarren zinegotzia LAPURTZERA DOA

zaldibia 1456153825103 herriaren hitza Udaleko giltza | 2007-12-04 14:54

Maiatzaren 27tik gaur arte

Tamalgarria iruditzen bazaigu ere, egoera larrira iritsi gara Zaldibin; eta ezinbestekoa deritzogu herritar guztioi, legegintzaldi berri honen hasiera nola joan den eta gaur egun zein egoeretan aurkitzen garen azaltzea.

Maiatzaren 27an burutu ziren udal hauteskundeak, bertan agertu zen herritarren borondatea zein zen. EAE-ANV taldeko herritarrok 435 boto jaso genituen eta Aralar taldekoek bezainbeste. Berdinketa! Hori zen denon ahotan ibili zena eta orain zer??.

Momentuko zalaparta guztien ondoren (erreferenduma zela eta ez zela, Aralarrek 5 hartuko zituela....) elkarlanerako eta kontsentsurako bidea ireki zela zirudien. 4 eta 4 funtzionatu behar omen genuen, baina noski, EAE-ANVko ordezkariek kargurik hartu gabe. Ondorioz 4 Aralarkoak eta 0 EAE-ANVkoak.

Hasieratik Aralarrek garbi esan zuen:

  • “Ez da gure erantzunkizuna ANVko ordezkariak legeztatzea” Patxi Aierbe
  • “ Ez dugu inoiz, ez dagokigun kargurik hartuko” Patxi Aierbe
  • “Ez dugu legeak ematen digun botererik aprobetxatuko” Patxi Aierbe

Zaldibiako Udalak 9 zinegotzi behar ditu eta berdinketa tarteko gutxiago izan behar badira, 8 izan behar dute. Baina hortxe koxka, udalean 4 bakarrik bait dira kargua dutenak, Aralarkoak. Hau da erdiak baino gutxiago edo mayoria sinple deiturikoa.

Honek arazo larriak dakartza udal gestioa egiterakoan, hartzen diren erabakiek ez bait dute indarrik.

Arazo hau tarteko, Ezker Abertzaleko eta Aralarreko kideak biltzen hasi ginen, egoera nola gainditu adosteko. Bilera ugariren ostean, arazoa gainditu zezakeen oinarria adostu genuelakoan geunden, eta lehenengo proposamen formalak jarri ziren mahai gainean. EAE-ANVk eta Aralarrek beren proposamenak elkartrukatu zituzten.


Ondorengo 3 puntu hauetan oinarritzen da EAE-ANVren proposamena:

1-. Aralarren exijentziari erantzunez. Azken hauteskundetan aurkeztu ziren bi zerrendetatik (ANV eta Abertzale Sozialistak) kanpo dagoen baina Ezker Abertzalekoa den pertsona bat 5. zinegotzi izendatzeko konpromezua hartzen du EAE-ANVk. Pertsona hau Ramon NAZABAL Izango litzateke.

2-. 2008. urtean beste hiru EAE-ANVko ordezkarien izaera ofizializatzeko urratsak ematen hasteko konpromezua hartzea.
 

3-. Herri borondateari erantzunez. Legegintzaldi honetako azken 2 urtetako alkatetza EAE-ANVrena izatea.

Aralar prest agertu zen espainiar legeak duen artikulua aplikatzeko (Loreg 182.2). Dimisioak aurkeztu, izena Madrilera bidali eta ondoren aipaturiko pertsona zinegotzi izendatzeko. Eta ondoren, gure harridurarako baldintza berri bat: hau dena egingo omen lukeen pertsona hori 5 boto behar direnean bakarrik plenora azaltzekotan, eta gero etxera.
 

Ezker Abertzaleko kide batek kargua hartuko balu, egoera 4 eta 1ekoa izango litzateke oraindik. Zertara dator baldintza hau? Dagozkigun eskubideak murriztu eta gu ilegalizatuko gaituena Aralar izan behar al da?

Aralarkoei horretarako ez gaudela prest jakinarazi genien eta gure planteamenduak eskubidetan oinarritua egoteaz gain kudeaketa arazoa gainditzeko balio zuela gogorarazi genien. Alegia, gure proposamenak, etxebizitza proiektuak aurrera eramateko nahiz herriak beharrezko dituen erabaki guztiak hartzeko aukerak irekitzen ditu.
 

Astebete geroago, Aralarko kideek bilera batera deitu eta 5. zinegotzia Aralarkoa izango zela esan ziguten. Erabakia hartua zutela eta kitto!

 

EZKER ABERTZALEAren HAUSNARKETA

Hasieratik esan izan dugu, Udalaren osaketa demokratikoa izan behar zela. Honek esan nahi zuen Aralarko lau zinegotziekin batera, Amaia ETXABE, Josetxo MATXAIN, Aitziber IRAZUSTA eta Garikoitz NAZABAL zinegotzi izan behar zutela. Eta guztiok dakigu zein den egoera.

Hasieratik garbi utzi ziguten Aralarko Ordezkari diren Patxi AIERBE, Damian GARMENDIA, Maria Jesus JAUREGI eta Joxe Ramon IRASTORZAk ez zirela saiatuko gure ordezkariak legeztatzen. Jarrera hau ikusita ere, EAE-ANVk arduraz eta malgutasunez jokatu du,  akordioa lortzearren minimoetaraino jaitsiz.

Ez dugu ulertzen zergatik mugatu nahi dizkioten eskumenak, printzipioz, EAE-ANVko zinegotzi bakarra izan zitekeenari. Madrilek onartuko balu zein arazo luke Aralarrek hori onartzeko? Zergatik ez dute bidali nahi Ramon NAZABALen proposamena?

Aralarrek ez zituen 5 eserleku eskuratzeko adina bozka jaso. Ondorioz Aralarrek bere 5.zinegotzia izendatzea lapurreta da. Lapurreta ezker abertzaleari, lapurreta zaldibitar guztioi eta lapurreta eskubide demokratikoei!

Herritar guztioi dei egiten dizuegu oraindik gauzatu ez duten erabaki honi aurre egiteko, demokraziaren, duintasunaren eta zaldibitar guztion onerako.

BESTELA ZERTARAKO EGIN GENITUEN HAUTESKUNDEAK?

ZERTARAKO HERRI KONTSULTA, EMAITZA ERRESPETATUKO EZ BADUTE?  

ARALAR berriro arazoa EAE-ANVren bizkar gainera bota nahian dabil. BAINA GUZTIOK IKUS DEZAKEZUEN BEZALA EAE-ANVko PROPOSAMENAK ARAZOA GAINDITZEKO BALIO DU.

ORAINDIK IREKITA JARRAITZEN DUGU.

ZER EGIN BEHAR DU ARALARREK ORAIN? UDALA USTELTZEN UTZI?











EAE

ANV