Sei hilabeteko amatasun baja

xomorrotxo 1456153793712 Xomorrotxo bat etxean | 2007-11-22 08:11

Aspalditik ari dira hainbat elkartetatik sei hilabeteko amatasun baja eskatzen, gaur egun 16 astekoa baita. Haurdun nengoela ginekologoarenera eta amaginarenera egindako bisitetan ikusi nituen eskakizun horri buruzko informazio orriak, baita sinatu ere. Momentu hartan, jende gehienak bezala, arrazoi sinple bat ikusten nuen: haurra zenbat eta denbora gehiago egon amarekin, hobe.

Orain, lanera joateko ordua iritsi zait eta hobeto ulertzen dut eskakizun horren zergaitia. Ez da haurrarengandik banatzerakoan nabaritzen den sentimentu garratz horregatik (hori bost hilabeterekin, zortzirekin edo urtebeterekin berdin berdina izango baita); ezta haurra amarekin hobeto egongo delako haurreskolan edo beste zaintzaile batekin baino. Ez ez ez. Arrazoi nagusia umearen elikadura da.

OMSek (OrganizaciĆ³n Mundial de la Salud) haurra bularreko esnearekin soilik elikatzeko gomendatzen du sei hilabete dituen arte, ongi hazten ari baldin bada behintzat. Gaur egun, ordea, ama-esnearen aukera egin dugun gehienok lanera hasi behar dugunean uzten diogu bularra emateari, haurrak lau edo bost hilabete dituenean. Eta askotan, beste elikagai batzuk hartzen ongi ohitu ez direla hasten gara lanean. Ondorioz, lehenengo egunetako otordu batzuk infernu bilakatu daitezke haurra zaindu behar duenarentzat.

Gu fase horretan gaude orain. Pottolok bost hilabete ditu. Zerealak eta formulako esnea hartzen hasi beharko du; janari berri bat bizitzan lehenengo aldiz. Trantsizio hori nirekin egitea nahiago nuke, baina ezin.


Utzi iruzkina: