Xabier Zabaltzari elkarrizketa Euskonews-en

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2009-03-06 11:43

Eusko Ikaskuntzak kaleratzen duen Euskonews aldizkari elektronikoan Xabier Zabaltza historiagile eta saiakera idazleari egindako elkarrizketa irakurtzeko gomendatzen dizuet.

Euskal abertzaletasunak hainbatetan erakutsi duen joera historizisten aurrean (historia proiektu politikoak justifikatzeko oinarri bihurtzea, alegia) Zabaltzak historiari buruzko eztabaida arlo akademikora eramatea defendatzen du, eztabaida politikoa herritarren gaur egungo nahi eta beharren arabera egin behar dela defendatuz. Eta, batez ere, ondokoa dio: proiektu politikoak gauzatzeko herritarren onespena lortzea dela ezinbestekoa, beti ere indarkeria baztertuz. Zer esanik ez, bat egiten dut berarekin ondoko hau dioenean:

"Euskal Herria askatzeko, gizaki bakar batek hil behar baldin badu, ez zait interesatzen. Espainiaren batasunari atxikitzeko, gizaki bakar batek hil behar baldin badu, ez zait interesatzen. Gaur egun indarrean diraute Sébastien Castellionek duela bost ehun urte ahoskatu zituen hitzek: “Gizaki bat hiltzea ez da doktrina baten alde egitea, gizaki bat hiltzea baizik”. Gainerako guztiaz eztabaidatzeko prest nago."

Elkarrizketa hau Gu, nafarrok liburu argitaratu berria ardatz hartuta egin zioten Euskonews-en. Ez dut oraindik liburua eskuratu eta irakurtzeko aukerarik izan, baina elkarrizketa irakurri ostean horretarako gogoz gelditu naiz.

Ea zuei zer iruditzen zaizuen. Hemen duzue helbidea:
http://www.euskonews.com/0475zbk/elkar_eu.html


Utzi iruzkina: