Ipar Irlandakn atentatua armada britaniarraren aurka
Larunbat gauean Ipar Irlandako Antrim konderrian armada britainiarraren kontrako atentatu bat egin zuten. 38. errejimentuko soldadu bi hil ziren bertan eta beste lau pertsona (soldadu bi eta pizza banatzaile bi) zauritu ziren. Atentatua Benetako IRA taldeak (Real IRA) hartu du bere gain.
Benetako IRA 1997an sortutako talde armatua da. Irlandako Errepublikako, Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuek terroristatzat jotzen dute. IRAren banaketatik sortutako taldea da, IRAren barnean gehienek Belfasteko hitzarmena (Ostiral Santukoa) onartu zutenean. Benetako IRA taldearen helburua Britainia Handiko tropak indarrez Irlandatik kanporatzea eta uhartearen batasun politiko erabatekoa lortzea dira.
Talde honek 1998ko abuztuaren 15ean egin zuen ekintzarik bortitzena, Omagh hirian bonba auto bat leherrarazi zuenean. Beraien helburua poliziaren egoitzaren aurrean atentatua egitea zen baina ez zuten aparkatzeko tokirik izan eta autoa komisariatik 400 metrora jarri zuten. Ondorioz, poliziak okerreko lekuak hustu zituen eta bonba lehertu zenean 29 lagun hil eta 220 zauritu ziren (Ipar Irlandako gatazka odoltsuan hildako gehien utzi zituen atentatua izan zen). Atentatatu horrek jaiotzear zegoen bake prozesua arrisku bizian jarri zuen baina politikarien eta hainbat talderen ahaleginari esker aurrera jarraitu zuen.
Larunbateko atentatuak hainbat erreakzio sortu ditu. Britainia Handiko lehen ministroak adierazi duenez "ezerk ez du bake prozesua oztopatuko, aurrera jarraituko du, Ipar Irlandako biztanle gehienek babesten dute eta". Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroaren arabera, atentatua "iraganeko gertaeren oroigarri ikaragarria da [...] Atentatu hau gizartean ordezkaritzarik ez duten eta garaipenerako inolako itxaropenik ez duten batzuek egindakoa da". Sinn Fein alderdiko buru Gerry Adams-ek, bere aldetik, dio atentatua burutu dutenek "Irlanda batua lortzeko inolako estrategiarik ez dute. Beraien helburua soldadu britainiarrak berriz ere kalera ateratzea da, Irlanda iragandako gatazkara bueltatzeko. Irlandar errepublikar eta demokratek horren aurka egiteko eta bake prozesua defendatzeko egitekoa dute".
Bake prozesuaren eta Belfasteko hitzarmenaren aurka dauden errepublikarrek, aldiz, bestelako ikuspuntua kaleratu dute. Sinn Fein-en eszizio Republican Sinn Feinn taldeko buru Ruairí Ó Brádaigh-ek, adibidez, honakoa dio: "Britainiar gobernuak eta okupazioak bere hortan dirauten bitartean beraien aurka borrokatuko duten irlandarrak egongo dira. [...] Inork inoren heriotza desio ez duen arren, Irlandako egoerak dakartzan ondorio errealei aurre egin behar zaie bere horretan".
Euskal Herritik askotan begiratu ohi dugu Irlandara. Ez noa egoerak parekatzeko modukoak direnik esatera. Baina kezkaz ikusten dut urte luzeetako gatazka odoltsuaren ondoren hain egoera kritikoan gauzatu den bake prozesua horrelako talde minoritario baten ekintza batengatik arriskuan izatea. Apaltasun guztiz Ipar Irlandako alderdi guztiei eskatuko nieke orain, inoiz baino gehiago, egindako lanari eusteko. Adorerik ez galtzeko eta bake prozesuaren aurka dauden sektore minoritario horiei garaipenerako aukerarik ez emateko. Irlandak merezi du benetako aukera bat heldutasunez eta demokraziaz bere etorkizuna aukeratzeko. Guztiak kontura daitezen armen bidez urteetan eduki duten gatazka behin armak ixilduta konpontzen hasi dela.
Orain, inoiz baino gehiago, bakea eta askatasuna, Irlandan bezala gurean ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: