Indiako egoera
Azken egunotan Indiako Mumbay hirian izandako gertaera lazgarrien berri izan dugu. Ustez Al Qaedarekin lotura duen talde batek hiriko hainbat hoteletan sartu eta sekulako sarraskiak eragin ditu. Hoteletan zeuden hainbat bezero eta langile erail dituzte eta beste asko larri zauriturik edo ezkutuan egunak igaro ondoren irten ahal izan dira. Guztira 183 izan dira hildakoak, Indiako gobernuak kaleratutako datuen arabera (horien artean 22 atzerritar).
Ez dut hemen aztertu nahi nortzuk izan diren sarraskiaren egileak, nondik sartu ziren, kanpoko herriren baten (adibidez Pakistanen) babesik izan zuten... Nire helburua komunikabide garrantzitsuenetan gertaera honi eman zaion jarraipena aztertzea da, batez ere.
Indiako biztanleen (1.147 milioi biztanle ditu) aniztasuna hainbat esparrutan nabari da: gehienak erlijioz hinduak dira (%80); %13 musulmanak; %2,5 kristauak (24 milioi adibidez); %1,9 shik-ak, etab. Hizkuntzei dagokienean, datuen arabera 1.600 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Azalerari dagokionez, 3 milioi Km karratu dituenez landaredi, fauna eta paisaia aberastasun izugarria du.
Gai nagusiari eutsiz, esan nahi nuke Indian gertatzen diren hainbat gauzari buruz ez dakigula ezer ere ez. Komunikabideak ez dira horretaz arduratzen. Uda honetan, adibidez, abuztuaren 24an Orissa estatuan jarraitzaile hindu batzuk kristauen kontrako oldarraldi bizia eragin zuten. persecution.org helbidearen arabera, hinduismora bihurtu nahi ez zuten kristauak hiltzen hasi ziren. Azaroaren 27ko berrien arabera, 118 kristau hil eta beste milaka beraien bizilekutik kanporatu zituzten. Horri buruz ez zen hain jarraipen zehatzik egin hemengo komunikabideetan.
Zergatik ote bakarrik "guretarrak" (mendebaldeko aberatsak, esan nahi nuen) arriskuan daudenean ohartzen gara India bezalako herrialde batean eguneroko ogi diren gatazka politiko eta sozialetaz? Ez al dute bertako biztanleek (beraien erlijio edo hizkuntza edozein dela ere) errespetu eta arreta berbera merezi? Zer dela eta horrelako jazarpenen aurrean beste aldera begiratzen duten komunikabideek albistegi bereziak egiten dituzte Mumbayko gertaeren antzekoak gertatuz gero? Zer gertatu behar du behartsuak, gosez hiltzen ari direnak, egunen baten albistegietako protagonista izateko?
Agian, propagandarako, Esperanza Aguirre edukitzea faltako zaie, bere alpargata famatuak dindilizka dituela odol putzuak zeharkatzen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: