Erresuma Batua, Europar Batasunean?

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2013-01-24 22:56

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak bart goizean egindako hitzaldian adierazi zuenez, 2017an erreferendum bat proposatuko du Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraitu behar duen edo ez erabaki dezan. Nola ez, ideia horrek hautsak harrotu ditu Erresuma Batuan zein Europa guztian.

Erresuma Batuak harreman gazi-gozoa izan du betidanik Europar Batasunarekin. Kontuan izanda EBren haziak Frantzia eta Alemaniaren (nagusiki) arteko harremanaren fruituak direla hasieratik, Londresetik mesfidantzaz begiratu izan zaio gehienetan. II. Mundu Gerraren ondoren europar lankidetzaren bultzatzaileetakoa izan zen (W. Churchillek proposatutako "Europako Estatu Batuak" gogoratzea baino ez dago), baina Europarekiko izan duen jarrera ez da inola ere integrazioaren aldekoa izan. Aitzitik, Londresen aburuz Europa ideala merkatu bateratu hutsa da (negozio eta salerosketa gune soila), beti ere demokrazia parlamentarioaren printzipioei eta estatu kideen subiranotasunari uko egin gabe. Horrela, hasieratik parte hartu du Europako Kontseiluan (demokrazia eta giza eskubideak babesteko nazioarteko elkartea, Europar Batasunarekin zerikusirik ez duena), eta 1973an gaur egungo EBren aurrekari izan zen Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen, orduko kideen (bereziki Frantziaren) mesfidantza gainditu ondoren.

Herrialde barneko politikari begiratuta, 1970eko hamarkada hartan Alderdi Kontserbadorea Europako merkatu bateratuaren aldeko zen; izan ere, enpresa britainiarrei negozio aukera zabaldu zitzaien sarrera horrekin. Ezkerreko alderdiek eta sindikatuek, ostera, susmoa zuten Europako merkatuan sartzeak langileen bizi-baldintzak okertuko ote zituen.

Egoera nabarmen aldatu zen 1980ko hamarkadatik aurrera. Europaren baitan, Alemaniak eta Frantziak bultzatuta nagusiki, integrazio politikoa eta nolabaiteko federalismoa bultzatzeko joera indartu zen. Orduko lehen ministro Margaret Thatcher-ek bateratze horren aurkako diskurtsoa egin zuen. Salatzen zuenez, Europak, bere hasierako helburuak alboratu eta estatuen gaineko superpotentzia bihurtu nahi zuen. Ondorioz, politika britainiarrean “euroeszeptizismoa” indartu zen, bereziki kontserbadoreen artean.

Atzoko hitzaldian, Cameronek zioen berak Erresuma Batua Europan izatea nahi duela, baina harremana birplanteatu behar dela. Askok amarrutzat jo dute, berak nahi duen moduko Batasuna lortzeko trikimailutzat. Ukaezina da, edonola ere, gaur egungo EB hasiera hartakoaren desberdina dela. Adibidez, estatu kideetako parlamentuetan (baita erregional edo autonomikoetan ere) onartzen diren legeen 3/4k EB mailan dute jatorria gaur egun. Horrek hainbat herrialdetan (Erresuma Batuan zalantzarik gabe) ikuspegi ezkorra indartzea dakar, besteak beste demokrazia gabezia eta herritarrenganako urruntasuna leporatzen baitzaizkio. Demokraziari bide ematea aipatu du erreferendumaren argudiotzat, baina bera EBren baitan geratzearen aldekoa bada, arrisku handiegia dirudi horrek.

EBk ez dauka prozedura zehatzik estatu kide bat batasunetik kanpo uzteko. Bestalde, ez dut uste Erresuma Batuak Norvegiak edo Suitzak duten estatusa onartuko duenik; azken horiek ez duten EBko politikagintzan parte hartzen (ez dute erabakiak bozkatzeko eskubiderik) baina merkatu bateratuaren kide izateko hainbat betebehar ezartzen zaizkie. Erresuma Batuak, aldiz, harreman bilaterala nahi du Batasunarekin, ez Bruselatik gidatutako txotxongilo izatea.

Aurrera joanez gero, EBk mundu mailan indarra galduko luke, bertako hirugarren estatu garrantzitsuena (eta potentzia diplomatikoa) galtzean. Baina, aldi berean, batasun politiko sakonagorako urteetan izan duen oztopo handiena ere kenduko luke gainetik. Bertako kide batzuek argi adierazi diote Erresuma Batuari EBn egotea kontu serioa dela; ezin duela nahi duena hartu eta gainerakoa baztertu, beste inor kontuan izan gabe.

Erresuma Batuan, beraz, datozen urteetan erreferendum giroa izango da nagusi. Berehala dator Eskoziaren independentziari buruzko galdeketa; EBri buruzkoa 4-5 urte barrurako aurreikusten da; eta zenbati ahots hasi dira Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko balizko batasunaren inguruko erreferenduma proposatzen.

Galdeketa demokratikoak, beste behin, Europako herrialde demokratiko eta modernoen tresna direla dakusagu. Beste toki batzuetan (izenik ez dut gogoratu nahi) debekatu egiten dira, edo proposatzaileak mehatxatzen dituzte; hain herrialde moderno eta demokratikoak ez direlako, agian.


Utzi iruzkina: