Yoga motak (2): Raja yoga eta Hatha yoga. "Hatha Pradipika" liburua
Namaste.
Gaurkoan, "Yoga motak (1)..." sarreran hasitako azalpenarekin jarraituko dugu. Esan bezala 5 yoga mota edo yogaren alderdi nagusi eta klasiko izendatzen dira: Jñana yoga, Karma yoga, Bhakti yoga, Raja yoga eta Hatha yoga. Lehenengo hirurak aurrekoan azaldu genituen pixka bat eta orain Raja yoga eta Hatha yogaren txanda da.
RAJA YOGA
Patanjaliren yoga sutratan azaltzen den yogari esaten diote Raja yoga, baina "yoga" bakarrik esanda ere berdina litzateke. Raja yoga: erret-yoga edo erregeen yoga bezala itzuli daiteke. Ashtanga yoga bezala ere ezagutzen da, hau da, "8 pausotako yoga". Yoga mentala edo adimenaren yoga bezala ere ezagutzen da.
Hona hemen P.Y.S.-tan agertzen diren zenbait ahapaldi Raja yoga zer den hobeto ulertzeko:
I.2.: Praktikatuz eta praktikaren lorpenekiko aldenduz adimenak yoga egoera lortu dezake.
I.16.: Bere izatea ondo ulertu duenari ez diote oztoporik egingo ez kanpoko eta ezta barruko eraginek ere.
I.39.: Interesgarria den edozein hausnarketa edo ikerketak lasaitu dezake adimena.
I.43.: Adimenak objektu batenganako arreta mantentzen badu, lehenaldiko oroitzapen eta ideiek indarra galduz doaz, adimena kristal bat bezain gardena izatera iristen da eta objektua eta bera gauza bakarra dira. Momentu horretan norbanakoaren sentipenik ez dago. Ulertzea, hautematea, pertzeptzioa garbia da.
II.1.: Yogaren praktikak ezpurutasunak murriztu behar ditu, bai gorputzekoak eta bai burukoak. Gure burua aztertzeko gaitasuna garatu behar du eta, azken finean, egiten dugun guztiaren jabe ez garela ulertzen lagundu behar digu.
Sutra edo ahapaldi gehiago agertzen dira aipatzen diren ondorengo beste sarrera hauetan: "Ashtanga Yoga Patanjaliren arabera", "Yama (1)" eta "Niyama (1).
HATHA YOGA
Gorputzaren yoga edo yoga fisikoa bezala ezagutzen da. Bere oinarrian asanak, pranayama eta mudrak daude. Gorputzean ditugun ezpurutasunak kentzean datza yoga mota hau eta praktikarekin Raja yoga egoerara iristea du helburu, hau da, poz deskribaezinera.
Aurkako bi muturretan dauden bikoteen uztarketa lortzea da helburua: eguzkia eta ilargia, ar eta eme izaerak,...
Hatha yogari buruzko liburu garrantzitsuenetarikoa ekarriko dugu hona: "Hatha Pradîpikâ" Svâtâmarâmak idatzitakoa XV. mendean. 'Hatha Pradipikak' yogaren argi txikia esan nahi du.
4 kapitulo ditu bertsio batzuetan eta 5 beste bertsio batzuetan.
1. kapituloan asanei buruz hitzegiten du:
I.17.: Hatha yogaren lehenengo osagaia asanak izanik asanetaz arituko gara lehenbizi. Asanek baretasuna ekartzen digute (bai gorputzera eta bai burura), gaixotasunetatik libratzen gaituzte eta malgutasuna ematen diete gure gorputz atalei.
I.39.: 84 asanatatik, siddhasana soilik (72.000 "nadi"-ak purifikatzen dituena) praktikatu beharko genuke egunero.
(Nadi-ak gure gorputzean zehar dauden kanaltxoak dira. Bertatik bidaitzen du prana edo bizi-indarrak)
I.64.: Yoga bere alderdi guztietatik praktikatzen duenak arrakasta lortzen du. Izan gazte, zahar, agure, gaixo edo ahul.
2. kapituloan pranayamari buruz hitzegiten du.
II.15.: Leoi, elefante eta tigreak pixkanak otzantzen ditugun bezalaxe, pixkanaka jarri behar dugu arnasketa ere kontrolpean, bestela praktikantea kaltetuta aterako litzateke.
II.22.: Satriyak: 6 prozesu purifikatzaileak hauexek dira:'dhauti', 'basti', 'neti', 'trâtaka', 'nauli' eta 'khapâlabhâti'.
(Laringea, hesteak, sudurzuloak edo begiak garbitzeko teknikak dira.)
II.44.: Kumbhaka-k: 8 Kumbhaka mota daude: sûrya bhedana, ujjâyî, sîtkari, çîtalî, bhrâmarî, mûrcchâ eta plâvinî.
(Kumbhaka: arnasketa hartu eta gero airea biriketan atxikitzeari esaten zaio.) Hemen zerrendatzen direnak 8 arnasketa mota dira (aurrerago ikasiko ditugu).
3. kapituloan mudrei buruz hitzegiten du:
III.6. Mudra-k: hamar mudrak hauexek dira: mahâmudrâ, mahâbandha, mahâvedha, khecarî, uddiyâna, mûlabandha, jâlandharabandha, viparîta-karanî, vajroli eta çakticâlana.
(Aurrerago ikasiko ditugu bakoitza nolakoa den.)
III.16.: Mahamudra praktikatuz gaixotasun asko gainditu daitezke, hala nola, tisia, azaleko gaixotasunak, glandula puztuak, liseriketa arazoak eta askoz gehiago.
III.120.: Asana, prânâyâma eta mudren ihardun nekaezinarekin kundalini-ari erraztu egiten zaio nâdî nagusia zeharkatu ahal izatea.
(Nadiak nerbio bulkadek zeharkatzen dituzten kanalak lirateke. Kundalinia berriz, lo dagoen suge kiribildu baten forman bizkarrezurraren behekaldean pilatuta dugun indarra litzateke.)
4. kapituloan poz deskribaezinari buruz hitzegiten du:
IV.2. Utzidazue orain azaltzen "samâdhi" izeneko prozesu bikaina, bizitza hilkor honi bukaera ematen diona, zorionera eramaten gaituena eta Brahman deritzon goieneko zoriontasuna ematen diguna.
IV.5.: Gatza uretan nahasten den bezala eta bat egiten diren bezala egiten dute âtman eta manas-ek eta bat bihurtzen dira; honi samadhi esaten zaio.
(Atman izaten gorena eta manas bakarkako adimena lirateke.)
IV.82.: Yogiak, eskuekin belarriak tapatuta dituela, entzuten duen soinuan jarri beharko du arreta egonkortasun egoera lortu arte.
5. kapituloan gaixotasunentzako konponbideei buruz hitzegiten du (ayurveda, errezetak):
V.5.: Yogiaren ihardun okerragatik vayu-a gaizki bideratu daiteke eta puntu batean pilatu daiteke. Horrela, yogaren bidea oztopatu dezaketen zenbait gaixotasun garatu daitezke.
(Vayu-a pranayamaren bitartez lortzen dugun bizi-indarra da.)
V.22.: Gaixotasuna azaltzen denean mediku egokiak ezarri behar du tratamentua, medikuntza zientziek agintzen duten eran eta baita tratamentu yogikoa ere.
V.23.: Gaixotasunagatiko mina sentitzen badugu, minez dagoen alderdi hori pranaz bete eta bertan atxiki.
Om shanti shanti shanti.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: