"Gheranda Samhita": Hatha yogari buruzko liburu garrantzitsua.

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-08-25 09:54

Namaste. 

"Gheranda Samhita" Hatha yogari buruzko liburu garrantzitsu bat da, "Yoga Pradipika" liburua bezala. XVII. mendekoa da. Bitxia da, baina, "Gheranda Samhita" Hatha yogari buruzko liburua da edukien aldetik baina bertan ez da "Hatha" aipatzen. Bertan deskribatzen den yogari "Saptanga Yoga" esaten zaio (7 pausotako yoga) edo baita "Ghatastha Yoga" ere. "Ghata"-ren esanahia, gizakiaren alderdi fisiko eta psikikoaren batasuna litzateke. Bestalde, gogoratu Patanjalik deskribatzen duen yogari "Ashtanga yoga" esaten zaiola, hau da, 8 pausoetako yoga.

"Gheranda Samhita"-k Gherandaren bilduma esan nahi du eta bertan Gheranda maisuak Candakapali ikasleari Ghatastha yoga zer den erakusten dio.

Esan bezala 7 pausoetako yoga aurkezten da eta horregatik liburua 7 atal edo ikasgaietan banatuta dago. Ikasgai bakoitzak hainbat sutra ditu eta sutra horietako batzuk idatziko ditugu hemen laburpen gixa: 

 

I. ATALA: GORPUTZ FISIKOAREN ENTRENAMENTUA

I.8.: Gorputza egosi gabeko buztinezko ontzi bat bezalakoa da, uretan sartuz gero desegin egiten dena. Horregatik, yogaren sutan jarri beharko genuke, indartzeko eta purifikatzeko.

I.9.: Gorputzaren trebakuntzarako 7 jakintzak hauetxek dira: purifikazioarena (sodhana), indartzearena (drdhata), tinkotasunarena (sthairyam), lasaitasunarena (dhairyam), arintasunarena (laghavam), errealizazioarena edo pertzeptzio zuzenarena (pratyaksam) eta isolamentuarena (nirliptam).

I.10.: Satkarma-(e)k gorputza purifikatzen dute, asanek indartu egiten dute, mudrek tinkotasuna ematen diote eta pratyahara-k baretasuna.

I.11.: Pranayama-k arintasuna ematen dio gorputzari, dhyana-k izatearen errealizaziora darama eta samadhi-ak isolamentura, benetako askatasuna dena (mukti).

I.12.: Hurrengo satkarma edo ekintza purifikatzaile hauek praktikatu behar dira: dhauti, basti, neti, lauliki, trataka eta kapalabhati.

(Dhauti, gorputzeko hainbat garbiketa egiteko teknikak dira: urdaila, hesteak, hortzoiak, sudur-zuloak. Basti, kolon garbiketari dagokio. Neti, sudurzuloen garbiketari dagokie. Lauliki edo Nauli, urdailaren garbiketari dagokio. Trataka, begien garbiketari dagokie. Kapalabhati, sudurzulo eta biriken garbiketari dagokie.)

Garbiketa prozesu hauek kriya izena dute. 21 kriya azaltzen dira Gheranda Samhita-n.

 

II. ATALA: ASANA

II.1.: Animalia espezie bezainbeste asana daude. Zivak 84 milloi dauzka deskribatuta. 

II.2.: 84 asana dira garrantzitsuak eta horietatik 32 oso onak dira izaki hilezkorren mundu honetan:

II.3-6.: Siddha, padma, bhadra, mukta, vajra, svastika, simha, gomukha, vira, dhanu, mrta, gupta, matsya, goraksa, paschimottana, utkata, samkata, mayura, kukkuta, kurma, uttanakurmaka, uttanamanduka, vrksa, manduka, garuda, vrsa, salabha, makara, ustra, bhujanga eta yogasana.

 

III. ATALA: MUDRA

III.1-3.: Hurrengo 25 mudrek arrakasta ematen diote yogiari: maha mudra, nabbo mudra, uddiyana, jalandhara, mula bandha, maha bandha, maha vedha, khecari, viparita karani, yoni, vajroli, sakti calani, tadagi, manduki, sambhavi, 5 dharanak, asvini, pasini, kaki, matangi eta bhujangini.

 

I.V. ATALA: PRATYAHARA

IV.1.: Orain Pratyahara bikaina azalduko dut. Jakintza honen bitartez desioa bezalako etsaiak suntsituak izan daitezke. 

IV.2.: Noranahi joaten den gure gogamen ezegonkor eta errari hau Izatearen mendean jarri behar dugu.

IV.3.: Begirada joaten den tokira doa gogamena ere, beraz, Izatearen mendean jarri behar dugu.

IV.4.: Gogamenak entzuten duen guztiarengandik urrundu behar du, entzundakoa errespetuzkoa, iraingarria, entzuteko atsegina edo izugarria izan arren, eta Izatearen mendean jarri behar du.

(Jarraian berdin esaten du hotz ala beroarengatik, usaiengatik eta zaporeengatik.)

 

V. ATALA: PRANAYAMA

V.1.: Orain Pranayamaren arauak azalduko ditut. Hauek praktikatuz gizakiak Jainkoaren antza har dezake.

(Pranayama egin baino lehen, horretarako leku, garai eta janari egokia zein den azaltzen du. Ondoren nadiak nola garbitzen diren.)

V.46.: 8 kumbhaka daude eta hauexek dira: sahita, suryabhedana, ujjayi, sitali, bhastrika, bhramari, murccha eta kevali.

 

VI. ATALA: DHYANA

VI.1.: Dhyana edo meditazioa 3 motatakoa dela esaten da: sthula (landugabea, baldarra, zakarra), jyoti (argitsua) eta suksma (zorrotza, fina, sotila). Sthula dhyana, forma edo irudi konkretu batengan egiten den meditazioa da, adibidez, Guru edo Jainko batenganakoa. Jyotidhyana, Brahma edo Prakriti argi masa bat bezala irudikatu eta argitasun horrengan egiten den meditazioa da eta Suksmdhyana, Brahman edo Sakti "gai" bezala aukeratuta egiten den meditazioa da.

VI.6.: Yogiak irudika dezala 1000 lore-hostoko perikarpoan (Sahasrara-n), 12 lore-hosto txuri dituen beste loto bat, oso diztiratsua, 12 bija mantra dituena: ha, sa, ksa, ma, la, va, ra, yun, ha, sa, kha, phrem, hurrenkera honetan. Loto txikiago honen perikarpoan hiruki txiki bat dago eta 3 aldeak a, ka eta tha dira eta 3 angeluak ha, la eta ksa izena dute eta hirukiaren erdian Pranava dago (Om). (Meditatzeko adibide bat da hau).

 

VII. ATALA: SAMADHI (samadhi edo erabateko zoriontasuna zer den eta nola lortu dezakegun; horretarako meditazio desberdinak azaltzen dira)

VII.9-10.: Nada Yoga Samadhi: arnasa hartu mantso-mantso Bhramari kumbhaka eginez eta ondoren arnasa mantso-mantso bota. Erle haundi baten hotsa entzungo da. Gogamena barruko hots horretara zuzendu. Horrela, "So-Ham" edo "ni hori naiz" esperientziak ematen duen Zoriontasunaz samadhi-a eskuratuko dugu.

VII.18.an Trimurtiari buruz hitzegiten du. Trimurtia zer den ere aipatzen du: Brahma, Visnu eta Siva 3 oinarrizko funtzioak betetzen dituzten jainkoak dira: Brahmak sortu egiten du, Visnuk iraunarazi eta Sivak hondatu eta birrindu, zikloa berriz ere has dadin.

-----

Horrela bukatzen dugu Gheranda Samhita liburuari egindako lehenengo hurbilketa. Hemen agertutakoak sakontzen joango gara hurrengo azalpenetan.

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: