Sutrak I (4). Yoga eta Jainkoa

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-02-25 19:21

Namaste.

Gaurkoan yogak eta Jainkoak duten harremanaz arituko gara. Patanjaliren sutren T.K.V. Desykachar-en azalpenekin jarraitzen dugu.

I.21. "Erabiltzen dugun esfortzua eta sinesmena zenbat eta biziagoak izan hainbat eta gertuago egongo da helmuga."

I.22. "Ezinbestean sinismenaren indarra aldatu egiten da pertsona batetik bestera edo pertsona bera bizitzen ari den momentuaren arabera. Aldagai horren araberakoak izango dira emaitzak."

I.23. "Seguraski, eguneroko otoitzak Jainkoari eskeintzeak, haren ahalmenarekiko otzantasunez, lagundu egingo dio yoga egoerara iristen."

I.24. "Jainkoa goreneko izatea da eta haren ekintzak uste oker batean inoiz oinarritu ez direnak."

I.25. "Izate gorenak ezagutua izan behar duen oro daki."

I.26. "Jainkoa betierekoa da. Izatez azkeneko maisua da. Bera da maisu guztientzako gidaren iturburua: antzina, orain eta etorkizunean."

Nola hitzegin beharko genuke Jainkoari buruz? Nola zuzendu behar gatzaizkio?

I.27. "Jainkoaren ezaugarriekiko egokia den eran".

Garrantzitsuena errespetu handienarekin hitzegitea da eta larritasunik gabe.

I.28. "Jainkoarekin harremanetan jartzeko beharrezkoa litzateke modu egokian beregana maiz zuzentzea eta haren ezaugarrietaz gogoeta egitea."

Oso erabilgarria izan daiteke haren izena etengabe errepikatzea baina hori bakarrik alperrikakoa litzateke; gogoetak erabateko begirunez lagunduta joan behar du.

I.29. "Praktikatzen duenak, denborarekin, bere benetako izatasuna ulertuko du. Ez du arreta galduko yoga egoerarako bidaian edozelango oztoporik agertuta ere."

Ze oztopo edo eten aurkitu dezakegu yoga bidean?

Hurrengo atalean jarraituko dugu oztopoak azalduz, baina gaurkoa bukatu aurretik, gaurko sutrei buruzko hiru kontu:

  •  I.23. sutrak honela dio sanskritoz: isvarapranidhanadva. Niyama-tan azaldu genuen, baina hemen da berriz ere. Hurrengo esanahi honekin agertu zitzaigun Niyama-tan: "gure gaineko adimen batenganako gurtza edo gure mugen onarpena Jainkoaren aurrean, Orojakilearen gainean." "isvara"-ren itzulpena "izate gorena" litzateke eta "pranidhana"-rena "gurtza, debozioa".
  • I.27. sutra beste era honetara itzuli izan dute baita ere: "Isvara izendatzeko hitz sakratua Om silaba mistikoa da."
  • "Om" silaba hau, hots guztien atzean dagoena litzateke, hots guztien oinarrian dagoena eta unibertsoaren sorreran sortu zen lehenengo gauza (tradizio hinduaren arabera). Om mantraren bitartez Jainkoaren kontzientzia suspertu dezakegu.

 

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: