Sutrak I (eta 5). Oztopoak yoga bidean eta horretarako konponbideak.
Namaste.
Ze oztopo edo eten aurkitu ditzakegu yoga bidean?
Galdera horixe egin genuen sutrei buruzko azken atalean eta galdera horri erantzungo diogu gaur sutrekin jarraituz.
I.30. "Buru-argitasuna garatzeko bidean 9 oztopo mota daude: gaixotasuna, adimen geldotua, zalantza, aurreikuspen gabezia, nekea, barkaberatasuna, gure benetako buru-egoerari buruzko irudipenak, jarraikitasun falta eta atzeraldia. Buruko nahasmenduak sortzen dituztelako eta distrazioak sustatzen dituztelako dira oztopoak."
I.31. "Oztopo guzti hauek ondoko zantzuak eragin ditzakete: buruko sosegurik eza, pentsamolde ezkorra, gorputzaren jarrera ezberdinetan eroso egoteko ezintasuna eta arnasketa menderatzeko zailtasuna."
Hurrengo 8 sutratan oztopoak menperatzeko iradokizunak daude. Aholku hauek denentzat dira erabilgarriak, bai Jainkoagan sinisten dutenentzat eta bai sinisten ez dutenentzat ere.
I.32. "Norbaitek adimena baretzeko baliabide egoki bat aukeratzen badu eta praktikan jartzen badu, ez oztopoak eta ez probokazioak ezingo dira sustraitu."
I.33. "Eguneroko bizitzan gure inguruan gu baino zoriontsuago edo gu baino zorigaiztokoago diren pertsonak ikusten ditugu. Haietako batzuk laudorioak merezi dituzten gauzak egingo dituzte eta beste batzuk, berriz, arazoak sortuko dituzte. Gure gogamena baretasunean egongo da gu baino zoriontsuago direnekiko pozik egon bagaitezke, gu baino zorigaiztokoagoak direnekiko bihotzberak izan bagaitezke, merezimenduzko gauzak egiten dituztenekin alai ibili bagaitezke eta besteen akatsekin lasai gelditu bagaitezke."
I.34. "Oso lagungarriak izango zaizkigu arnas-botatze luzeko arnasketa ariketak."
Hala ere teknika hauen irakaspenak egokiak izan behar dira.
Ikusmena eta entzumena bezalako zentzuek itzelezko informazioa ematen diote adimenari. Pertzeptzioaren ateak dira eta askotan beraien esklabu bihurtzen gara. Baina, ezin al dugu ikertu guregan zentzuak baino ahaltsuago den hori? zentzuak zorroztu eta gure zerbitzura jarri ditzakegu?
I.35. "Zentzuen zereginei buruzko ohiko ikerketa baten bitartez adimenaren deformazioak urrituz joango dira."
I.36. "Bizitza zer den eta bizirik zerk iraunarazten gaituen jakiten dugunean, ezagupen hori, gure adimenaren gora-beherentzako aringarria izan daiteke."
I.37. "Arazoekiko parez pare gaudenean, antzeko egoerak menperatu izan dituen norbaiten aholkua jasotzea oso lagungarria izan daiteke."
Asko dakigula uste dugunean harroputzak bihurtu gaitezke eta honen ondorioa aztoragarria izaten da. Izan ere, eguneroko gertakari arruntena ere gure adimenarentzako ez da beti ulergarria izaten.
I.38. "Ametsen, loaren eta ametsetan izaten ditugun egoeren ikerketek gure arazoetako batzuk argitzeko balio dezakete."
I.39. "Edozein ikerketa interesgarriak baretu dezake gure adimena."
Batzutan ikerketa objektu xumeenek ere buruko nahasmenduak askatzen lagundu gaitzakete, adibidez, jaioberri baten negarrak. Beste azterketa konplexuagoek ere, hala nola, hipotesi matematikoek, balio dute. Baina ikerketa hauengatik ez dugu helburu nagusia ahaztu behar, hau da, oharkabetasunetik noranzko bat izatera pasatzearena.
I.40. "Yoga egoerara iristen garenean ez da ezer geldituko gure ulermenetik kanpo. Adimenak xumea edo konplexua dena, infinitoa edo infinitesimala dena, hautemangarria edo hautemanezina dena ulertuko du."
I.41. "Adimena distrakzioetatik aske dagoenean ikerketa objektuari erabat lotzeko gai da. Egoera horretan, pixkanaka-pixkanaka, objektuan murgilduta gelditzen da. Orduan, adimena, akatsik gabeko diamante bat bezalakoa da, objektuaren ezaugarriak, besterik ez, isladatuko dituena."
I.42. "Hasiera batean, gure ideia eta esperientziek objektuarekiko ulermen okerra izatera bultzatu gaitzakete. Entzun, irakurri edo sentitutako guztiak eragin dezake gure ulertzeko moduan.
I.43. "Adimenak objektuarekiko arreta mantentzen badu, iraganeko oroitzapen eta ideiak baztertzen joango dira. Adimena beira bezain gardena bihurtuko da eta objektuarekin bateratu egingo da. Momentu horretan norberaren sentimenturik ez dago. Pertzeptzio hutsa da."
I. 44. "Prozesu hau edozein motatako objektuekin eman daiteke, edozein pertzeptzio mailatan, bai azaleko eta orokorrean edo bai sakoneko eta zehatzetan."
I.45. "Adimenak ez du atzematen gure barneko pertzeptzio iturria; egingo balu bere jakintza objektuak mugagabeak lirateke."
I.46. "Adimena norabide batean zuzentzeko prozesu guzti hauek ikerketa objektu bat behar dute."
Beharrezkoak izango dira baita ere, prestakuntza bat aurretik, progresioa pixkanakakoa izatea eta etengabeko jakin-mina.
Adimena norabide batean zuzentzeko gaitasuna lortzen dugunean:
I.47. "Orduan norbanakoa egiazki bere burua ezagutzen hasten da."
I.48. "Orduan, ikusten duenak edo besteekin partekatzen duenak ez du akatsik."
I.49. "Dagoeneko bere ezagutza ez dago oroitzapenetan edo ondorioetan oinarrituta. Bat-batekoa eta zuzena izango da eta ohiz kanpoko sakonera eta indarra izango ditu."
I.50. "Berriki lortutako adimenaren gaitasun hau indartzen denean, uste okerretan oinarritutako joerak menperatuko ditu."
I.51. "Adimenak lortzen duen egoera honetan ez du inolako hunkipenik izango. Irikia dago, garbia, gardena, besterik ez."
"Patanjaliren yoga sutrak" liburuaren T.K.V. Desikachar-en bertsiotik.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: