Dandasana
Namaste.
Dandasana eserita jartzeko oinarrizko asana da eta eserita egiten diren beste asana askoren lehenengo pausoa ere izaten da.
Makilaren gorputz jarrera esan nahi du.
Danda: makila. Asana: gorputz jarrera
ASANARA IRISTEKO JARRAIBIDEAK
- Lurrean eserita jarri hankak luzatuta.
- Ipurdialdeko iskio hezurrak lurrean ondo iltzatuta bizkarrezurra tente jarri (bere berezko bihurguneak mantenduz).
- Orpoak lurrerantz eta oinetako behatzak zerurantz bideratuko ditugu.
- Eskuak gorputzaren bi alboetara lurrean pausatuta egongo dira.
- Sorbaldak pixka bat irekita eta gehiegizko tentsiorik gabe.
- Burua tente (garezurraren goreneko puntutik haritxo batekin goruntz tiraka egingo baligute bezala) eta aurrera begira.
- Mantendu asana 4-5 arnasketaz.
LAGUNGARRI IZAN DAITEKE
Oso erraza dirudi baina Uttanasanaren kasuan esan bezala, iskiotibialak (izterren atzekaldeko muskuloak) zurrunak baldin baditugu zaila egingo zaigu hankak luzatuta zuzen jartzea. Horretarako lagungarri gerta dakiguke aurretik dandasana hurrengo era desberdin hauetan praktikatzea:
- Tolestutako manta edo kuxin baten gainean eseri gaitezke iskiotibialek malgutasuna lortu bitartean.
- Bizkarra paretaren kontra jarri dezakegu (bizkarraren berezko bihurguneak direla eta ez da bizkarrezur osoa geldituko paretari itsatsita).
- Belaunak tolestu ditzakegu: biak batera edo banaka, pixkanaka malgutasuna lortzen dugun bitartean.
ONURAK
- Eguneroko bizitzan zein oker eseritzen garen konturatzeko balio du.
- Era berean, gure eseritzeko jarrera pixkanaka zuzenduz joango da.
- Bizkarra indartuko dugu.
(Bizkarrezurraren irudia medlineplus.gov web gunetik hartutakoa da. Eskerrik asko!)
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: