Asanen oinarriak

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-08-08 13:57

Namaste.

Interneten asanen irudiak bilatzen ditudanean argazki ederrak agertzen zaizkit: gorputz argalak, malguak, polit jantziak,... eta oso ondo daude, baina, beti etortzen zait pentsamentu berbera..."horrela, badirudi yoga pertsona argalek eta oso malguak direnek bakarrik praktikatu dezaketela, gorputz "perfektua" dutenek, alegia, eta pentsamendu horrek bultzatuta hasi nuen blog hau, edozein motatako gorputzentzako yoga erakutsi nahi duena. Ez dut ezer berririk asmatu, yoga horrelakoa da, DENONTZAKO. Gainera, Asana yogaren zati bat da, ez osotasuna.

Beste hausnarketa bat ere ekartzen didate asanen irudi horiek. Oso pertsona malguak ikusten ditugu eta ia kontorsionisten posturak eginez. Ordenagailuaren aurrean lanegun luze baten ondoren gozo gozo bizkarrezurra atzeruntz pixka bat eramanda sekulako diferentzia egiten dugu, ez da behar zubi perfektu bat eraikitzea eskuak lurreraino eramanez... ez, ez, askoz ere mugimendu txikiagoarekin nahikoa da sendabidean jartzeko.

Oso malguak diren pertsonekiko inbidi pixka bat ere sentitzen dut, noski, uste dut denei gustatzen zaigula perfekzioruntz begiratzea, baina, yogak ere hori erakutsi nahi digu, gure buruarekin zintzoak izaten eta dagoena poztasunez onartzen.  ;-)

Internet sarean agertzen diren asanen argazki horietan, yoga beraien lanbidea den edo oso malgutasun haundia duten pertsonak agertzen dira. Gu mendian gora abiatuko gara eta ikusiko dugu noiz iristen garen tontorrera. Bidea hasiko dugu behintzat!

ASANEN OINARRIAK

Hasieran esandakoari jarraituz asanen oinarriei buruz hitzegin nahi nuke.

Asanak era "ia perfektu" batean egin daitezke, baina, pauso horretara iristen garen bitartean pauso asko ditugu ibiltzeko. Gure malgutasunaren eta yogari eskeintzen diogun denboraren arabera pauso gehiago edo gutxiago egin beharko ditugu asana ia perfektu horretara iristeko. Pauso hauek ez dira edozein eratara egin behar, bestela mina hartzeko arriskua dugu eta asana ia perfektura ez ginateke sekula iritsiko. Horretarako ditugu asanaren oinarriak. Oinarri hauek gure gorputzean nola funtzionatzen duten aztertzen joango gara eta horrela errazago murgilduko gara asana bakoitzean.

Honako hauek dira kontutan hartu beharko genituzkeen zehaztasun batzuk:

ZUTIKAKO ASANATAN

- Zutikako asanatan oso garrantzitsua da oinak lurrean ondo jartzea. Gure gorputzaren pisu guztia oinetako azalera osoan banatzea garrantzitsua da. Horretarako erreferentziazko 3 puntutan fijatu gaitezke: orpoaren erdiko puntuan eta 1. eta 5. behatzetako haragizko almohadillatan.

- Zutik gaudenean gure bizkarrezurrak bere kurba naturalak mantendu behar ditu. (Ikus "Dandasana" atala). Lagungarria da bizkarrezurraren kurbak marrazki batean ikustea gero guk gurea behar den bezala irudikatzeko. Jarrera egokia hartzen lagunduko digu.

- Zutik jartzen garenean hartzen dugun jarrera ere berrikusi behar dugu. Askotan, gure bizitza sedentarioak bizkarrezurra okertzera garamatza eta, horren ondorioz, zutik gaudenean ez gara bertikalean zuzen kokatzen. Lerro bertikalari jarraitzeko plano berdinean jarri behar ditugu orkatilak, belaunak, aldakak, sorbaldak eta belarriak. Benetan, arretaz egin beharreko zuzenketak ditugu aurrean, poliki-poliki egiteko, maitekiro, gure gorputza errespetatuz eta maitatuz, behartu gabe. 

- Belaunek ez dute zurrun egon behar, ez flexioan ez eta hiperextensioan ere, beti oreka horren bila ibiliko dira eta aurreraka begira. Oinak lurrean ondo bermatuta baldin baditugu belaunak bakar-bakarrik jarriko dira beraien lekuan.

- Sorbalden kontzientzia hartu eta konturatu bata bestea baino altuago dagoen edo aurreraka erorita ditugun edo atzeraka irikiegi eta ekarri erdiko puntura. 

- Besoak eta eskuak hanken kanpokaldeko alderdian behera eroriko dira. Eskuak adi izango ditugu, behatzak bizi.

ESERITAKO ASANATAN

Eserita egiten diren asanatan ere oso garrantzitsua da bizkarrezurraren kurbak bere lekuan egotea. Iskioi hezurrak lurrean ondo jarrita eseriko gara eta hau egitea kostatu egiten bazaigu, belaunak tolestatuko ditugu edo alturatxo baten gainean eseriko gara edo bi laguntzak aplikatuko ditugu. Laguntza behar badugu, lasai erabili, baina, bizkarrezurrak bere kurbak mantendu ditzala.

 

Oinarri hauetan arreta jartzen badugu gure gorputzeko kontzientzia irabaziko dugu eta yoga egoeran murgiltzen lagunduko digu.

 

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: