Zubietako kaltetuek Markel Olanori gutun irekia

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-06-30 18:23

Gipuzkoako Aldun Nagusi zaren Markel Olano: gure buruak aurkezteko, Zubietan Gipuzkoako agintariek eraikitzea erabaki duzuen errauste plantak erdiz-erdi kaltetutako jendea gara. Zubietan bizi garenak. Horietako batzuk bildu gara gu­tun ireki hau zuri idazteko. Lehe­nago, orain dela aste batzuk, zurekin gauzotaz aurrez aurre hitz egiteko zita eskatu genizun, baina erantzun ere egin ez diguzunez, komunikabideen bitartez jakin beharko duzu zuri esateko daukaguna.

1.      Oraindik garaiz gaude Gipuzkoan hondakinen kudeaketan atzerabueltarik gabeko urrats arriskutsuak ez emateko, eta gaia era burutsuan bideratzeko.

2.       Gero eta herritar gehiagok ikusten du hondakinak labe erraldoietan erraustea soluzio txarra dela, kutsakorra, gizakien eta oro har naturaren osasunarentzako pozoigarria, ingurumenarentzako kaltegarria, eta dirutan oso garestia. Errauste planta justifikatzen dutenek ere aitortzen dute ahal balitz, hobe litzakeela hondakinik ez kixkaltzea.

3.      Gipuzkoako hiru herritan erakutsi da hondakinen kudeaketarako sistema hobea badela, Atez Ateko bilketa ar­datz duena. Mundu osoan mi­lioika herritarrek dakite hori, eta Euskal Herrian ere orain frogatu da. Errauste plantarik gabeko alternatiba badago, beraz, garbia, antolatzen erreza eta askoz merkeagoa.

4.      Atez Ateko Bilketa munduan, era, kultura eta maila guz­tietako herri eta hirietan eg­iten dute, agintean kolore po­­­­­­­­litiko oso ezberdinetako poli­­tikariak, ezkerrekoak bezala eskubikoak dauzkaten udaletan. Katalunian bezala, Italian baditugu horren froga nabarmenak. Zu buruzagitzan zauzkan Eusko Alderdi Jeltzaleak hitz egin beharko luke atzerriko bazkide horiekin.

5.      Ezin duzu baimendu ez Foru Aldunditik, ez horretan agintea daukaten bi alderdietatik, eta ez Gipuzkoako diru publikoaz hornitutako prentsatik Atez Ateko Bilketa egiten duten Udalak eta batez ere haietako herritarrak azken urte honetan ikusi den modu lotsagabean matxakatzea.

6.      Usurbilgo Ituna deitu den horretan hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek sei urteko moratoria proposatu du Zubietan eraiki nahi den errauste plantarentzako. Elkarrizketarako eta soluziorako bidea dago eta aukera hau ezin dugu alferrik galdu.

7.      Markel Olano jauna: eran­tzunkizun haundia daukagu gure Herriarekiko. Gaurko eta biharko herritarren osasuna, ongizatea eta baliabideak dauzkagu jokoan. His­toriak denok epaituko gaitu, egin dugunagatik, egin ez dugunagatik eta egitea galarazi dugunagatik. Denon esku dago bide ego­kiak aukeratu eta okerreko bi­deak saihestea. Hondakinen arazoa ondo bideratzeko aukera de­non esku dago, eta Gipuzkoari dagokionez, asko zure esku, Ola­no jauna.

Pello Aranburu Mujika (Hernaniko Kronikan, 2010eko ekainaren 30ean argitaratutako gutuna)


Utzi iruzkina: