Urtetako zabortegiaren itxiera sei urtez atzeratzeko eskatu diote Udal Elkarteari

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-07-20 17:58

Ezker abertzaleko, Aralarreko eta Ezker Batuako ordezkariek prentsaurreko bateratua eskaini dute gaiaren harira.

UROLA KOSTAKO HITZA. Amaia Ventas. 2010-07-20

Urola Kostako Ezker Batuko, Aralarreko eta ezker abertzaleko ordezkariek Urtetako zabortegiaren itxiera sei urtez atzeratzeko eskatu diote Urola Kostako Udal Elkarteari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Ordezkariek jakinarazi dutenez, «azken urteotako kudeaketa desegokiak eraginda», Mankomunitateak ez du dirurik 2012an zabortegia ixteko egin behar diren lanak ordaintzeko.


Ildo horretatik, sei urteko moratoria aplikatzeko eskatu diete bi erakundeei: «Sei urte horietan, orain artean ez bezala, herritarren eskutik hondakinen arazoari behar bezalako irtenbidea ematea da helburua». Izan ere, EBko, Aralarreko eta ezker abertzaleko kideen iritziz, «herritarrek soluzioaren parte izan behar dute, ez soilik zergak ordaintzen dituztenak».

Ordezkarien arabera, zabortegi bat irekitzerakoan zenbat iraungo duen zehaztu behar da, berau ixteak zenbateko kostua ekarriko duen jakitearren. Hala, zabortegia irekita mantentzen duten urteetan zehar ordaindutako zabor tasaren portzentaia bat gordeko litzateke ixteko lanak ordaintzeko. «2005ean itxiko zutela aurreikusi zuten, 16 urteko biziraupena izango zuela. Urte horietan, beraz, berau ixteko lanak ordaintzen joan behar zen, itxiera zabortegia erabiltzen dutenek ordaintzeko eta ez ondorengoek», adierazi dute. Ofizialki 2013an itxiko dutela jakinarazi dute, baina hala ere, ixteak suposatzen dituen 18 milioi euroak «ezingo dituzte ordaindu, legealdi honetara arte ez baitiete kontzeptu horregatik herritarrei kobratu».

«Ez dute dirurik»

Bestalde, 2009ko uztailerako zabortegia irekita mantentzeko eginak egon behar luketen lanak bukatu gabe daudela azaldu dute: «Horretarako ere ez dute dirurik, nahiz eta azken urteotan zaborren tasa neurrigabe igo duten». Izan ere, egun tonako 129 euro ordaintzen dituzte herritarrek; 2005ean, berriz, 36 euro. Horretaz gain, 11.500 tona zabor sortuko zirela aurreikusi zuten 2009ko aurrekontuetan; egun, aldiz, 24.060 tona aurreikusten dituzte. «Zabor gehiagorekin diru sarrera gehiago lortzen dira, horrela orekatu dituzte aurrekontuak, jasoko ez dituzten zaborrak kontuan hartuz», nabarmendu dute.

Bestalde, erraustegia ere ordaindu behar dutela gaineratu dute: «Urola Kostari 16 milioi euro ordaintzea dagozkio; nola ordainduko ditu guztira 34milioi euro?». Ildo horretatik, 2015era arte zabortegia irekita egongo dela iritzi diote: «Zabortegia lepo bete beharko dute, eta beste udal elkarteek zaborra ekartzen jarraitu beharko dute, behar duten dirua lortzearren. 20 urtez Udal Elkartearen kargu egin direnen arduragabekeriak ekarri gaitu egoera honetara eta, orain, egoera honetatik irteteko erraustegia martxan jarri nahi dute. Garestia eta osasunarentzat kaltegarria den kudeaketa eredu baten alde egiten ari dira eta, hori guztia, herritarrei ezer galdetu gabe».


Utzi iruzkina: