San Marko, bozgorailu eta sinbolo
ARGIA astekarian, 2240. zenbakian - 2010-07-25, Xabier Letonak, San Marco, bozgarailu eta sinbolo izenburupean artikulu interesgarria idatzi du. Hona hitzez hitz:
San Marko, bozgorailu eta sinbolo
EAJ, PSE ETA H1 lasai dira dagoeneko, Ezker Batuko lehendakari Ricardo Ortega San Markoko Mankomunitatetik kentzea lortu dute, orain arte erakunde honetan EBk eta ANVk zuten nagusitasuna hautsiz. Ez ei da Usurbil, Hernani eta Oiartzunek indarrean jarri duten zaborren atez ateko bilketari aurre egiteko. Baina bai, agerikoa da baietz. Mankomunitatearen kudeaketa txarra aipatu da kargugabetzearen arrazoi gisa, baina aginte aldaketa hau oraintxe eman da, justu Hernani eta Oiartzun atez ateko bilketari ekin eta bizpahiru hilabetera.
Zalantza barik, ez da kasualitatea. Usurbilen duela hiru urte atez atekoarekin hasi zirenean inork gutxik pentsa zezakeen esperientzia hark laster jarraitzaile garrantzitsuak izango zituela. Munduko beste leku askotan egiten bada ere –Italia eta Katalunia aitzindari dira–, aurkakoek herri txikietan baino ez duela balio argudiatu ohi dute Usurbilgo arrakastari begira. Eta halako batean, maiatzean, ia 20.000 biztanleko herrian jarri zen indarrean, Hernanin, eta posible eta arrakastatsua dela ikusi da berriz ere. Deba Goieneko Mankomunitateak ere atez atekoari ekingo diola jakinarazi du, bertako udalek hala onartzen badute behintzat.
Bai, argi da atez atekoaren zabalkundeak ekarri duela EAJren eta PSEren akordioa San Markora. Finean, bi sinbolo jartzen dituelako aurrez aurre: atez atekoa eta erraustegiarena. Zaborra kudeatzeko bi eredu. Atez atekoak zero zabor kontzeptua du oinarri, bigarrenak zabor ugari kontzeptua, “balorizazio energetikoan” oinarritutako erraustegiak zabor ugari behar baitu energia sortzeko eta berau errentagarri egiteko. Atez atekoak ez du dena konpontzen, zalantzarik ez, hor geratzen da birziklatu gabeko %20 inguru (Usurbil eta Hernaniren kasuetan esaterako), baina erraldoien urratsa da zaborraren kudeaketan adostasuna nagusi den bi kontzeptutan: birziklapena eta berrerabilpena.
Ezker abertzalea gaiaz “baliatzen” ari dela entzuten zaie zenbait politikariri, beraien interesak defenditzeko “erabiltzen” dutela zaborren gaia. Eta bai, izan liteke, baina ez iruzkinon ikuspegi negatiboan, erabat positiboan baizik. Ezker abertzaleak egiten duena erabat zilegi izateaz gain, inteligentea ere bada, aspaldikoz egunerokoan arazo handia denari alternatiba egiazkoa eta zentzuzkoa eskaini diolako. Hamarkadetan “borroka nazionalaren” totemari bueltaka jardun du ezker abertzaleak, ohiko arazo handien aurrean “marko aldaketa”ren bandera astinduz. Oraingoan, arazo handi bati egiazko alternatiba eskaini dio, noiz eta azkenean borroka armatuaren gaia atzean uzteko hautua egin duen garaian.
Betoz halako “baliatze” eta “erabilera” ugari, hori baita azken finean politika egitea, euskal gizartetik ezker abertzaleari behin eta berriz eskatu zaiona. Betoz eta lehia daitezen leial eta demokratikoki. Eta betoz Ezker Batua eta ezker abertzalearena moduko aliantza partzial horiek, zabor kontuetan gero eta gehiagok dioena –Kaliforniako estatua, Greenpeace, ELA, Gipuzkoako EA…– gauzatzen ari baitira. Finean, bi ereduk egin dute talka San Markon: Mendebaldeko gobernu gehienek sostengatu eta politikoki zuzena bezain faltsua den jasangarritasun ofizialaren eredua, eta planeta eta pertsonen osasuna zaintzearen aldeko eredua.
Zubietako erraustegiaren moratoria errealista eta posible da. Gaia gori-gori da eta datozen udal eta foru hauteskundeetan Gipuzkoan puntako gaia izango da zaborrarena. Hobe, beraz, San Marko moduko bozgorailuak ondo lotzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: