Oriotarrak atez atekoaren alde eta erraustegiaren kontra

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-06-27 12:55

Segidan gaur bertan BERRIAn argitaratutako eskutitza:

Jon Redondo, Orioko alkate jauna!

Ardura gabe jokatzen ari zara Ingurumen Batzorde informatzaileetara deitua izan eta etortzen ez zarenean. Kontua ez da zeinek zein konbentzitzen duen. Orioko alkate zaren aldetik eta hilean 4.000 euro udaletik jasotzen dituzun horrek egiten diren deialdietan parte hartzeko ardura handiena duzu.

Batzorde informatzailearen bilerak informazioa mahai gainean jarri eta denon artean aztertzeko egiten ditugu.

Ardura gabe jokatzen ari zara, Udaleko gehiengoak herriko hondakinak ez erretzea erabaki baitugu. Orion ere gehiengoak moratoria -6 urteko geldiune bat- eskatu dugu erraustegiarentzat, birziklatzearen alde, ditugun ahalik eta baliabide gehien jartzeko.

Eta ardura Udalarena da, 10/98 hondakinen estatu legeak eta 1.481 errege dekretuak diotenez. Urola Kostako Udal Elkartea, besteak beste, osatzen dugun herriek hondakinen gestioan ahalik eta gehien birziklatzeko eta ingurumena zaintzeko ditugun baliabideak elkarrekin erabili eta aprobetxatu zitezen sortu zen. Horregatik jartzen ditugu urtean 500.000 euro. Besteak beste, hondakinen birziklatze maila altuenak eragiten dituzten sistemak udalekin bat aztertuz martxan jartzeko. Eta posible da, San Marko Udal Elkarteak erakutsi duen lez; lankidetza hitzarmenak, arduren berreskuratzeak, elkarlana egin daitezke. Ingurumen eta osasunaren aldeko borondatea besterik ez da behar.

Atez atekoak herritar guztiok birziklatzen jarri eta erraustegiaren beharra desagertuko lukeen moduan, 5. edukiontziak eta edukiontzien sistemak, orokorrean, birzikla daitezkeen hondakinak nahastuta isuri eta gaizki egiteko aukera ematen du -gure herriko %80-, erraustegiaren beharra indartuz. Erraustea sekula ez da birziklatzea baino hobea izango.

Eta noiz ikusi dugu gure herrian nahi duenak ongi aparkatzen eta nahi duenak gaizki, isunik jaso gabe? Noiztik dira udal zergak borondatezkoak?

Onartuko al zenuke Orioko Palotetan erraustegi bat jartzea, minbiziak, malformazioak, ernaltze zailtasunak, asmak, alergiak eta abar ekar ditzakeela, eta, gainera, atez atekoa jarriz gero beharrezkoa ez litzatekeela izango jakinda?

Nolatan jasan behar dute Zubietan, Orion birtziklatzen ez dutenen eta baliabide egokiak jartzen ez dituztenen arduragabeke-ria?Jakin, gainera, nahiz eta erraustegia Zubietan egin, Orio lehen aipatutako gaixotasunak pairatzeko arrisku altuko eremuan dagoela.

Hori dena dela eta, langileekiko bileretara ere deitu dut. Udaleko gehiengoak onartu ditugun irizpideak azaltzeko. Eta ez naiz hasiko zuk esan bezala bilera hauek lan orduz kanpo egiten, udal langileak zinegotzi eta herritar denon langileak baitira eta ez zureak bakarrik -EAJrenak-. Langileek eskubide osoa dute Udal honetako politikariok erabakitzen ditugun gaiak aztertu eta lantzeko. Eta horretara noa, oso gutxi birziklatzen duen Udal honetan Zero Zabor kontzeptua jakinaraztera, lantzera eta praktikan jartzera. Gonbidatuta zaude parte hartzera, nahiz eta ez etorri.

Ingurumena denon ardura da eta elkarrekin lor genezake Orio garbi, osasuntsu eta ekologikoago bat.

Zuk ikusi, herriari errausketaren ke toxikoa eskaini edo atez ate osasuna zabaldu.

Leire Zinkunegi (Turismo eta Ingurumen Batzordeko burua).

Orio.


Utzi iruzkina: