Lasarte-Oriak San Markoko lehendakaria kargugabetu nahi du

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-07-07 12:31

Lasarte-Oriako hirigintza afera bat babestu nahi ez duelako, San Marko Mankomunitatean duen kargua kenduko diote Ricardo Ortegari biharko goizeko 10.00etatik aurrera burutuko den udalbatzan. San Markoko lehendakaritza galduko du horrela.

 

Ezkontzerik ez duten bi jarrera daudenean, elkar lagundu baino, elkarri ahalik eta oztopo gehien jartzen saiatzen dira aldeak. Gipuzkoan, hiri hondakinak kudeatzeko, errauste plantaren aldeko apustua egin dute agintari batzuek -Foru Aldundiak, Hondakinen Partzuergoak eta herrialdeko mankomunitate gehienek-; beste batzuek, berriz, errauste plantaren aurkako eta birziklatzearen aldeko politika lehenetsi dute, atez ateko sistema ezarrita. San Marko Mankomunitatea azken horietako bat da -Debagoienarekin batera-. Eta Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Ezker Batuko zinegotzia, hango lehendakaria.

 

Legealdia hasi zenetik, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak bide batetik jo du -Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Nagusia eta Zubietako errauste planta oinarri hartuta-, eta San Marko Mankomunitateak beste batetik: ahalik eta herri gehienetan atez ateko sistema ezartzearen alde. Horrek etengabeko tentsioa eragin du, eta bi erakundeen arteko harremana ez da batere gozoa izan. Horren adibide dira bi erakundeek elkarren aurka zabalik dituzten auzibide ugariak.

Azkenaldian Zubietako lanak gerturatu eta atez ateko sistema hainbat herritara zabaltzearekin batera, tentsioa areagotu egin da, eta alderdi batzuek -H1ek eta EAJk bereziki- PSE-EEri deia egin diote, ezker abertzaleari, Alternatibari eta Ezker Batuari San Markoko gehiengoa kentzeko. Izan ere, sozialistek kontrolatutako Lasarte-Oriako eta Donostiako ordezkaritzek eman die gehiengoa errauste plantaren aurkakoei.

Odon Elorzari begira

Orain, hirigintza afera baten aitzakitan, Lasarte-Oriako Alkateak lehendakaritza kenduko dio Ortegari. Eta pilota Odon Elorzaren teilatuan geratuko da. Ezker Batuak, Alternatibak eta ezker abertzaleak San Marko Mankomunitatean gehiengoa izatea Elorzaren esku egongo da. Duñike Arrizabalagari ordezkaritza kenduko balio, errauste plantaren aldekoek hartuko lukete Gipuzkoako mankomunitate handieneko gidaritza.

Elorzaren jarrerarekin desadostasuna erakutsi dute orain arte H1ek eta EAJk, eta «leialtasun eza» ere leporatu diote aldundiak eta hondakinen partzuergoak aurrera eraman nahi duten hondakinen politikarekiko. Beste alderdietatik ez ezik, PSE-EE barrutik ere ez zaio presiorik faltako Odon Elorzari.

Izan ere, berriki alderdiko Gipuzkoako alkate eta zinegotziek hondakinen inguruko bilkura egin zuten, eta hartan Denis Itxaso Donostiako zinegotzi eta partzuergoko lehendakariordeak hitz gogorrak egin zituen atez ateko sistemaren aurka. Bidenabar, sistema horren aurkako jarrera aktiboa hartzera deitu zituen herrialdeko kargudun sozialista guztiak.

Ortega eta Lasarte-Oriako PSE-EEren arteko harremanen gaiztotzea ez da oraingo kontua. Duela hilabete batzuk, EBk eta PSE-EEk zuten udal hitzarmena hautsi zuten, hain zuzen ere, hondakinen politiken inguruko desadostasunengatik. Orain, hotel bat egiteko arau subsidiarioak aldatu nahi ditu Jesus Maria Zaballos PSE-EEko alkateak urbanizatu ezin den lur zati bat urbanizatzeko modukoa egiteko. Ortegak uko egin dio operazioa babesteari. «Gure ustez, natur kapitalaren galera justifikaezina ekarriko du operazioak, konpetentzia izan ez duten sustatzaile partikular batzuen interesen neurrira egindakoa», azaldu zuen Ortegak atzo, Antton Karrera Gipuzkoako EBko koordinatzailearekin egindako agerraldian. «Koherentziaz» operazioa ez babestea erabaki du Ortegak, eta mankomunitatetik kendu izana «xantaia» dela adierazi du.

Bihar egingo dute udalbatza Lasarte-Orian, eta San Markon duen kargua kenduko diote Ortegari, EAJk eta H1ek babestuko baitute kargu aldatzea. «Alderdi horiek desiatzen daude mankomunitatetik bidaltzeko, erakusten ari garelako errauste planta saihets daitekeela atez ateko bilketa bezalako sistema alternatiboekin», azaldu zuen Ortegak.

Bestalde, atzo Donostiako Udalak errauste planta egitea baimentzen duen hirigintza plana onartu zuen PSE-EE, EAJ, H1 eta PPren botoekin. Aralar eta Alternatiba kontra agertu ziren.

 


Honen inguruko berriak gaurko prentsan:

 

 


Utzi iruzkina: