Gezur bonben azpian, ondo egiten jarraitu
Hernanin Zero Zabor taldearen izenean, Andoni Tolosa Goikoetxeak gaurko BERRIA egunkarian eskutitza argitaratu du Gezur bonben azpian, ondo egiten jarraitu izenburupean. Honela dio eskutitzak:
Gezur bonben azpian, ondo egiten jarraitu
Hernaniko emakume eta gizonoi gutun honen bidez
animoak eman nahi dizkizuegu hondakinen kudeaketa dela-eta asteotan
jasaten ari garen bonbardaketaren erdian.
Zubietan Errauste Planta eraiki eta herritarron hondakinetatik
negozioa egiten segi nahi duten indarrak ofentsiba gogorrean ari dira.
Alde batetik, San Markon estatu kolpea emanda errausketa
segurtatu egin nahi dute, hurrengo hauteskundeen beldurrez agian.
Bestetik, Zubietan lehenbiziko lanei ekin diete. Gainera, Atez Ateko
Bilketaren emaitzak eta sistema guztia gezurren erdian itsustu nahi
dute.
Penagarriaz gain, mingarria da ikustea Gipuzkoan gehien saltzen
den egunkariaren laguntzarekin gure politikari asko nola ari diren Atez
Atekoaren kontrako gezurretan. Gure herria lehen baino zikinago dagoela,
kaleetan kiratsa dagoela, zaborren %40tik gora herritik kanpora
ateratzen dugula... Gezur bat mila bider esanda ez da egia bihurtzen,
baina horrek dirudi helburua.
Kritika politiko zorrotza osasungarria da. Baina Atez Ateko
Bilketaren inguruan herriko politikari batzuk zabaltzen ari diren
gezurrak ez dira kritika: manipulazioa dira. Non ikusi da politikari bat
bere herriaren izen ona zikintzen aritzea? Egoskorkeria galanta eta
interes ekonomiko oso handiak egon behar dute atzean: 400 milioi eurotik
zenbat espero dute kobratzea?
Hernaniko jendeok pauso galanta eman dugu Atez Ateko
Bilketarekin. Gure hondakinak lehen baino askoz hobeto kudeatzen ditugu,
Errauste Planten beharrik gabe. Ia mila familia ari dira beren
organikoak autokonpostez moldatzen. Europako herri aurreratuenen mailan
jarri gara. Horregatik guztiagatik, animo, hernaniarrok.
Gezurrei, intoxikazioei eta manipulazioei erantzuteko modurik
ederrena ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortzen ditugun
hondakinak txukun kudeatzea izan behar du. Uda honetan segi dezagun
denok gure lanak txukun egiten, eta oporren ondoren saia gaitezen Atez
Ateko Bilketa hobetzen, Zero Zabor helburura ahalik eta gehien
hurbiltzeko.
Andoni Tolosa Goikoetxea.
(Hernanin Zero Zabor taldearen izenean).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: