Donostia eta Astigarragako udalek 8 milioi eurotik gora zor dizkiote San Markori

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-06-24 08:15


Donostiako Udalak 8 milioi euro zor dizkio San Markoko Mankomunitateari; eta Astigarragako Udalak 185.000 euro zor dizkio. Bi udalei zor zuten diru kopuruen berri eman, eta azalpenak eskatu zizkien, maiatzean, San Markoko Mankomunitateak. «Ez dugu beren erantzunik jaso», adierazi du mankomunitateko kudeatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztutako oharrean. Eta, erantzunik jaso ez duenez, eskaera aurkeztu dio Diputazioari: erakunde horrek udalei urtero ematen dien diru kopurutik zor dutena kentzeko, eta mankomunitateari ordaintzeko. Zorrak ordaintzeko dirurik ez dute, errauste planta eraikitzeko berriz, soberan nonbait.

Mankomunitateak udalei emandako zerbitzuarengatik hainbesteko bat kobratzen die, ekitaldi bakoitzean, bakoitzari emandako zerbitzuaren neurrian. Horrez gain, San Markoko mankomunitatea itxi zenetik, eskualdeko hondakinak beste zabortegi batzuetara eraman eta bertan tratatzeagatik, ekarpen bereziak kobratzen dizkie udalei. Donostiako Udalak ez ditu igorritako fakturak ordaindu iazko abuztutik orain arte. Astigarragako Udalak, berriz, joan den urritik honako hainbat fakturak ez ditu ordaindu. Urte osoan ordaindu beharreko lau hiruhilekoetatik, hiru ez dituzte ordaindu bi udal horiek. Oiartzungo Udalak ere baditu zorrak mankomunitatearekin: 357.000 euro, hain justu. Baina mankomunitatearen oharra jasoz geroztik, zorra kitatzeari ekin dio Oiartzungo Udalak, San Markoko iturriek kazeta honi adierazi diotenez, Donostiako eta Astigarragako udalek ez bezala.

Udalen ordainketan «atzerapen garrantzitsua» gertatzen ari delakoan, mankomunitateak erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundira jotzea. Zerga eta Finantza Politikarako zuzendariari jakinarazpen bat igorri dio, eta kredituak atxikitzeko eskaera egin dio. Diputazioak, aurrekontuetarako, dirua banatzen die urtero udalei; mankomunitateak diputazioari eskatu dio bi herri horiek zor duten diru kopurua erretenitzeko, hartara mankomunitatearekin duten zorra kitatzeko. Maiatzaren 24an egin zuen eskaera mankomunitateak.

Udalek, aurrekontuaren %50

Udalen ekarpena garrantzitsua da mankomunitatearentzat; urteroko diru sarreren %50 inguru udalen ekarpenen bidez lortzen ditu. Iaz 26 milioi euro inguruko aurrekontua izan zuen erakundeak. «Mankomunitatearen ekonomiarako ezinbestekoa da udalek puntualki dagozkien ekarpenak egitea», zehaztu du mankomunitateko kudeatzaileak, diputazioari aurkeztutako txostenean.

Gipuzkoan tokiko erakundeez gaindiko erakundeak arautzen dituen 6/2007 foru arauaren arabera, mankomunitateari udalek zor dioten diruaren ordainketa «derrigorrezko eta lehentasunezkoa» da. Horregatik, udalen ordainketa lehenbailehen egin beharrekoa dela dio San Markok.





Utzi iruzkina: