Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak atez atekoarekin Antzuolan eta Elgetan hastea proposatzen du

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-06-23 08:28

ANTZUOLA

Antzuolako Alkateak, Pedro Iturbek, atez atekoa legegintzaldi honetan martxan jartzeko asmoa dutela azaldu du.

ELGETA

Litekeena da, bi aste barru ez ohiko batzar bat deitzea gaiaren gainean eztabaidatu eta erabaki bat hartzeko. Oxel Erostarbe alkatearen esanetan, ordea, "presa ez da lagun ona erabakiak ondo hartzeko".

"Ezinezkoa ikusten dut agintaldia bukatu aurretik Elgetan atez atekoa ipintzea", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak, eta hausnarketarako denbora eskatzen du. "Atez atekoa defendatzen dut, baina jakin nahi dut zein den elgetarren iritzia", esan du. "Ezin dira herritarren ohiturak egun batetik bestera aldatu. Usurbilen ere egin zuten, eta uste dut Elgetan eta Debagoienean ere galdeketa egin beharra dagoela, eta horren arabera erabakiak hartu". Plangintza estrategikoa, ekintza plana eta bideragarritasun txostena ere beharrezko ikusten ditu Elgetako alkateak.

Argi dago ate joka dugula atez atekoa Elgetan ere. Erabaki serioa da agintariek uneotan esku artean dutena. Labur esanda atez atekoa edo bosgarren edukiontza da mahai gainean dituzten bi aukerak. Ezker abertzalearen eta Aralarren aldeko botoekin Elgeta parte den Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak ekainaren 9an onartu zuen atez atekoaren alde egitea. Gainera, zabor bilketa sistema horrekin herri txikietan hastea aztertzen dihardute, eta Antzuola eta Elgeta dira lehenengo bi aukerak.

Zaborraren udal batzordea

Elgetako alkateak esan du hurrengo asteetan landuko dutela gaia udalean talde bakoitzak bere iritzia eman dezan. Udal talde politikoak gaia aztertzeko eskaera jaso dute, eta udal gobernuaren asmoa da batzorde bat sortzea gaia lantzeko. Ferixa Nagusiko jaien ondotik izango da hori.

Bosgarren edukiontziaren aukera

Atez atekoak kontrako iritziak ere sortu ditu. Bosgarren edukiontziaren alternatibaren alde agertu dira, orokorrean, sozialistak eta jeltzaleak. Azaltzen dute epe luzera atez atekoa garestiagoa dela eta emaitzak antzekoak direla.



Utzi iruzkina: