Errausketazaleak, diruzaleak alferrik zabiltzate
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Partzuergoko Carlos
Ormazabal, Denis Itxaso eta enparauek larri dabiltza. Pasa den astea, gogorra
izan dute.
Ostegunean, ekainaren 24an, Sanmarkoko Mankomunitateak, Donostia
eta Astigarragako udalek 8 milioi eurotik gora zor dizkiotela jakinarazi
zuen. Donostiako Udalak 8 milioi euro zor dizkio; eta Astigarragako Udalak
185.000 euro zor dizkio. Bi udalei zor zuten diru kopuruen berri eman, eta
azalpenak eskatu zizkien maiatzean; baina oraindik ez omen die inolako
erantzunik helarazi.
Maiatzean hain zuzen, Bixente
Arrizabalagak, Astigarragako Alkateak, adierazpen gogorrak egin zituen
komunikabideetan; ezker
abertzaleak eta Ezker Batuak, Sanmarkoko
Mankomunitatea «haiena balitz» bezala erabiltzen ari zirela salatu zuen.
Astigarrako Udalak Sanmarkoko Mankomunitatearekin zuen zorraren berririk ez
zuen inondik ematen ordea. Haatik, Hernanin hondakinak atez ate biltzen hasi
zirenetik, 20 egun martxan zeramala, euren udalerrian zabor kopuruak %11 egin
zuela adierazi zuen. Areago, zabor igoera hori zela eta, Sanmarkoko
Mankomunitateak Astigarrako Udalari 60.000 euro gehiago kobra ziezakiokela
adierazi zuen. Muturra behar da gero, 185.000 euro zor dituzunean, alboko
herriaren aitzikia zabaltzen ibiltzea. Halako politikoak ditugu.
Larunbatean berriz, ekainaren 26an, EAEko
Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak, ekainaren 17an
kaleratutako epai baten berri izan genuen. Bertan, kautelaz bertan behera
utzi du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko batzarrak Txingudiko Mankomunitatea
partzuergoan sartu ahal izateko estatutuak aldatzeko hartutako erabakia.
Sanmarkoko Mankomunitateko kideen ustez, «pitzatzen» hasi da Hondakinen
Partzuergoaren egitura: «Argi geratu da partzuergoaren egitura administratiboa
gaizki egin dela eta pitzatzen ari dela. Porrot egin dezake».
Hala ere, Carlos Ormazabal, Denis Itxaso eta
enparauak mutu izan dira astean zehar.
Errauste plantako kale nagusiaren plataforma
egiteko proiektuko obrak eta lur mugimendu orokorra kontratatzeko esleipen prozesuan parte hartzeko eskaintzak
aurkezteko epea gaur bukatu da. Bihar, etzi edo etzidamu, berriro ere,
betiko egunkari erraustegizaleak erabiliz, orriak eta orriak beteko dituzte,
halako eta halako aurkeztu direla adieraziz, atzera bueltarik ez dagoela
sinestarazi nahirik.
Baina alferrik dabiltza. Arrazoia gurekin dugu eta denbora gure alde. Errausketezale-diruzale hauek ez dute irabaziko. Erraustegiak ez du zentzurik eta geldituko dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: