demagun
Demagun B.A.k aipatzen duen hitz ezezagunen hiztegi hori ez dela hiztegi bat. Demagun entziklopedia bat dela. Pertsona ezezagunen bizitza kontatzen den entziklopedia bat.
Demagun entziklopedia L letran zabalduta M. L. siglak betetzen dituen pertsona ezezagun baten bizitza kontatzen dela... bizitza edo heriotza... Eta entziklopediak kontatuko du nola jaio zen 1782an eta nola ama gaztetan galdu zuen. Aitarekin liskarra eduki zuela ere kontatuko du eta honek beste baserri batera bidali zuela morroi lanetara. 1815eko uztailaren 4an atxilo hartu zutela kontatuko du beherago eta Pauen epaitu egin zutela eta galeretara kondenatu.
Baina entziklopediak ez du kontatuko deliturik gabe epaitu zutela, deliturik gabe heriotzara kondenatu zutela. Ez du azalduko entziklopediak bere aitaren eta anaiaren amarruz atxilotu zutela. Ez du kontatuko torturatuta hil zela galeretan, agian zerua itsaso zikin bat dela esanez...
Baina herriak badaki nor zen M. L siglei erantzuten zien pertsona hori, badaki Martin izena zuela eta Larralde abizena. Eta badaki galeretan poema bat idatzi zuela, edo bertso bat edo zerbait. Eta horregatik kantatzen dute. Martinek bazekien kantatuko zutela eta horregatik idatzi zuen.
J.S.-k ere ezagutzen zuen M.L.ren historia eta horregatik idatzi zuen berari buruzko poeman bat. Eta R.O.k ere izan zuen M.L.ren berri J.S.ren bidez. Horregatik musikatu zuen poema.
Baina badirudi musika eta poesia ez direla ezagunak, eta B.A.ren entziklopedian bakarrik agertzen direla...
http://www.bordaxuri-epaiketa.com/Kantua.html
http://www.bordaxuri-epaiketa.com/
http://www.basquepoetry.net/poemak/0107.htm
eguneratua: http://es.youtube.com/watch?v=tkWjxuBBu1U
Iruzkinak
Ariane 2008-05-28 12:22 #1
...entziklopediek, hiztegiek, historia liburuek, albisteek...denek kontatzen dute komeni zaiena eta gainontzekoa asmatu, edo ostantzean isildu.

Asko gusteu jate, benetan! Segidu hametik bidetik!

Utzi iruzkina: