Beranduegi
Hasieran jende gehiago etortzen zen ni bisitatzera. Orain ez. Orain gutxiago. Hala ere, eskerrak etortzen denak lore sorta bat ekartzen duen etortzen denean. Horrela behintzat bixitasun pixka bat ematen dio leku hotz eta triste honi.
Gaixotasunaren berri eman zidatenean ez nuen uste hemen eta horrela bukatuko nuenik. Maindire txuri hauen artean. Leku ilun honetan. Eguzkiak ere bisitatzeari utzi dio eta beti negua da hemen. Berogailurik ere uste dut ez dagoela. Argindarra dagoenik ere ez dakit. Aspaldi ez dut argia piztuta ikusi. Askotan pentsatzen dut idazle horren liburuko pertsonaia horretaz, hain bakarrik zegoen ezen bere buruari gutun bat bidali eta hori ere ailegatu ez zitzaion gizagaixo hartaz. Berak sikera idatz zezakeen, nik hori ere ezin dut egin, ezin dut idatzi. Burua bidaiatzera bidaltzearekin konformatu behar. Eta hori ere ez da nahikoa hemengo bakardade, hotz eta tristurarekin amaitzeko.
Agian, hobe zen bai, beste haren aholkua jarraitu eta nire testamentuan idatzirik utzi izan banu hil eta gero nire gorpua erretzea nahi dudala. Beranduegi, ordea, damutzeko.
Iruzkinak
ari 2009-09-17 21:28 #1
Lehen, kanpaitxo bat jartzen omen zuten hilkutxaren kanpoan eta hilkutxa barrurarte ailegatzen zen hari batekin komunikatuta egoten zen, horrela, zure pertsonaiaren egoeran zegoenak haritik tira egin eta kanpaiak tilin-tilin egiten zuen. Nahiko segurua, ez? <br /><br />Hala ere, hilerriak herrietatik urrun xamar egoten dira gehienetan (beti ez esateagatik)... Nork entzungo zuen kanpaia? Gainontzeko hildakoek, edo hilarri gaieko beleek, agian. <br />
Utzi iruzkina: