Txori habia bat bulegoan
Inguruan txorizale dexente ditut, urrutira joan gabe lantokian bat eta etxean bestea (aita). Duela gutxi, CodeSyntaxeko bulego ondoan jarri dugun txorientzako jantokiaren berri eman nion aitari. Nola bulegoko kristalean metakrilatozko jantegi bat itsatsita, tarteka marteka txoriak hurbiltzen zaizkigula bulegoko lehiora. Txoriak lehioko kristalaren kontra jo eta akabatu beharrean, alternatiba erraz bat horma ikusezina jo aurretik geldialditxo bat egin dezaten.
Ba, komentario horren kontura, eta nonbait kaskabeltzek bikotea bilatzeko garaia denaren kontura (aitak esana), habia monitorizatu bat jartzeko ideia sortu zitzaidan. Niretzat, erronka digital modura. Eta nire aita bezalako txorizaleentzat, bada, zer ikusi gehiago izateko aukera modura ;D
Horretarako, Digoo markako kamara merke bat erosi nuen Amazonen bertan eta herriko txori dendan habia egiteko kaxatxoa ere bai. Kamara, barruan torloju batekin lotu eta kablea ateratzeko zuloa egin besterik ez nuen egin (aitaren laguntzarekin).
Kamara merkea eta txikia da, baina ikaragarri praktikoa. Argiaren arabera, modu infragorria ere badu gauean ikusteko eta USB kable baten bidez lortzen du beharrezko energia, beraz bateriarik ez du behar. Bideo irudia berriz, inguruan duen WIFI sare batean konektatu ostean, bertan emititzen du.
Bulegoan sarea 24/7 orduan edukitzen dugunez, eta kamerak bateriarik behar ez duenez, Anaia Handia etengabe eduki dezakegu jarrita. Bulegoaren kanpoaldean, baso alderako fatxadan silikonaz eutsiriko gako batzuk jarri, USB kable luzagailu bat gertuko entxufe batera luzatu, WIFI sarera konektatu eta listo! Bulegoan badugu dagoeneko seinalea.
Hurrengo asteko lana izango da seinale hori hartu eta bideo streaming plataformaren batean (youtuben ziurrenik) jartzea. Txoriren bat sartzen bada, edonork ikusteko aukera izatea nahiko nuke, nola ez!
Oraindik ez da txoririk sartu, baina ea... Barruan ahuntz ile pixka bat jarri diogu etxera lehen aldiz sartzen denean inpresio ona egin diezaion. Oso gustuko omen dute txoriek ile hori bertan habia egin ahal izateko. Orain itxarotea falta da... Baina egin apustu, sartuko al da txoririk esperimentu kaxa honetara? Zein motatako txoria izango da? Hasi jarriko zenioketen izena pentsatzen! ;)
Bitartean, muntaia osoaren bideo bat uzten dizuet. Hona hemen gure txori habiaren "making of"-a.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: