Skafandra Vulvova
Skafandra Vulvova
meatzari alkoholiko baten alaba zen. Aita egunez meatzean sartzen zen,
eta gauez alabaren barrenetan. Hamazortzi urte bete berriak zituela,
aski zela erabaki zuen baina: aita mozkortua gainera etorri zitzaion
gau horietako batean, aitonaren sable zaharra hormatik hartu eta
hankarteko beste sable zatar hura moztu zion. Ondoren, trofeoa beheko
suan jarri, txitxi-burruntzia egin eta aitaren txakurrari eman zion.
Norka poz-pozik jarri zen, eta mokadu baten jan zuen nagusiaren
dindirri erre hura.
Biharamunean
Skafandra Vulvovak alde egitea erabaki zuen. Aitak zigor hura merezita
zuen, baina bera zikin sentitzen zen, bekatu handia zen bere bihotz
ortodoxoarentzat aita hil izana. Europa osoa zeharkatu zuen, bere iragana
eta egindako izugarrikeria ahaztu nahian, eta ez zen gelditu Kantauri
itsasoraino heldu arte. Patuak Berango izeneko herri bateraino eraman
zuen, eta bertako jatetxe batean hasi zen lanean, suetean.
Ezin bekatu
izugarria ahaztu baina. Barkamena behar zuen, bere burua nolabait araztu.
Eta hori lortzeko, zer hobeto Kantauriko ur hotzetan murgiltzea baino?
Ur haien sakontasunean lortuko zuen agian barnean sentitzen zuen lohitasuna
garbitzea. Hartarako, urpekaritza ikastaroa egin zuen. Eta, titulua
lortu bezain laster, kirol hura praktikatzeari ekin zion.
Murgilaldi
horietako batean gertatu zen Skafandra Vulvovaren bizitza aldatu zuen
enkontrua. Kantauriko itsaspean ez da argitasun handirik izaten, eta
egun hartan ere ez. Horrexegatik geratu zen zalantzan, hura ikusi zuenean.
Hasieran zeroia zela pentsatu zuen, edo balea, hain zen handia animalia
hura. Hala ere, zerbait ez zen normala: balea moduko hura itsaspearen
hondoan zegoen, eta pertsona bat balitz bezala zebilen oinez, tirriki-tarraka.
Astiro-astiro hurreraturik, azkenean parean jarri zitzaion, eta hara!:
baleatzat hartu izan zuenaren aurpegia ezaguna egin zitzaion. Egia ote
zen ikusten ari zena? Baina, baina… Jesus Nazaretekoa zen eta!
Keinuen bidez
baietz erantzun zion, bera zela nazarenoa. Skafandra Vulvovak errukiturik
begiratu zion, gurutzeetako jesus anorexiko haien aldean hura munstroa
baitzen. Nazarenoak ahal izan zuen moduan azaldu zion guztia: itsasoaren
gaineko osteratxo haietako batean goseturik sentitu zela, eta badakizu,
bera betidanik oso gustukoa izan duela arraina, gogoratzeko ogi eta
arrainen miraria. Eta antxoak jaten hasi zela, antxoak jan eta jan aritu
zela denbora luzean, eta mirariaren kontrakoa gertatu zela azkenean,
antxoak biderkatu barik zatikatu egin zirela, zati-zati egin zirela
bere ahoan. Hortaz, bera zela antxoak Kantauri itsasotik desagertu izanaren
erruduna. Eta halako tripakadaren ostean uraren gainean ibili ezin eta
pisuaren pisuaz hondoratu zela, eta hantxe zebilela, besterik ezean,
itsasoaren hondoan batetik bestera paseatzen, gazteluetako mamuak legez,
bola astuna batetik bestera daramatela.
Skafandra Vulvovak,
belauniko jarrita, nazarenoa gurtu zuen, eta bere bekatuak oro barkatzeko
eskatu zion. Hantxe zeukan bere bihotza garbitzeko parada. Nazarenoak
baietz erantzun zion, barkatuko zuela, baina baldintza batekin: handik
atera behar zuen.
Skafandra Vulvova
pentsakor geratu zen. Nola eraman antxoa-ontzi hura itsasgainera? Ikastaroan
erakutsi ez zioten zerbait bururatu zitzaion, deskonpresioa lortzeko
sistema sekula erabili gabea, hain zuzen ere: nazarenoak bere lapafreskoan
hartu beharko zuen arnasa. Eta horixe egin zuen, ondo pozik barrez:
neska eder haren beheko ezpainetan itsatsi zituen bereak, bentosak bailiran.
Eta horrelaxe obratu zen miraria: Skafandra Vulvovak atoian eraman zuen
itsas zepelin hura, kostalderaino.
Nazarenoak,
lehorrera heldu zenekoxe, ebanjelizazioari ekitea erabaki zuen. Bi mila
urte arinago bezala, arrantzale bila hasi zen. Eta, hara kasualitatea:
hantxe bertan horrelako batzuk zeuden, heldu berriari harriturik begiratzen
ziotela.
—Neuk desagerrarazi
dut antxoa Kantauri itsasotik!
Miraritzat
hartuko zutelakoan esan zien, arrantzale haiek txunditzeko asmoz, baina
esaldi hark ez zien batere graziarik egin, antza. Morroi hura drogan
zebilela iruditu zitzaien, eta ezelango erreparo barik egurtu zuten,
mankaturik utzi arte. Skafandra Vulvovak, errukituta, ez arduratzeko
esan zion:
—Nazareno,
kontu egizu bi mila urte pasatu direla eta daukazun itxura horrekin
ez zaituela inork ezagutuko. Dizipuluak barik, managerra behar duzu.
Uzten badidazu, neu izango naiz zure managerra. Irabazien erdia zuretzat;
bestea, niretzat.
Horrela hasi zen euren elkarlana. Enpresari INRI S.L. jarri zioten izena. Skafandra Vulvova gogotsu hasi zen lanean. Lehenik, Vaticanora deitzea bururatu zitzaion, papamobila alokatzeko. Baina nazarenoaren dimentsio zetazeotarra gogoan, zerbait handiagoa beharko zuten, limusina baino handiagoa izango zen zer edo zer.
—Bricomaniara
joango gara! —erabaki zuen Skafandra Vulvovak.
Erabaki zuzena
izan zen, programa horretan irtenbidea topatu baitzieten: zer hobe nazarenoarentzat
Aste Santuko pasoa baino? Gurutzean joateko moduan ez zegoenez, besaulki
erraldoia egin zioten, bertan jarrita joan zedin, patxada ederrean.
Ondoren, Skafandra
Vulvovak, pasoa nork eramango zuen erabakitzeko, katalogoetara jo zuen.
Sevillako kofradiei deitu zien aurrena, baina ezetz erantzun zioten,
nahikoa zutela euren pasoekin, eta ez zeudela gantz pila hura eramateko
prest.
—Doala Descorporación
Dermoestáticara! —erantzun zioten guztiek.
Azkenean, mila
eta bi porroten ostean, pasoa nork eraman topatu zuen: Letoniako neska-eskola
batetik berrogei nerabe bidali zizkioten. Ilehoriak ziren guztiak, eta
euren motots luze-luzeak elkarri lotuta ibiltzen ziren pasoaren azpian.
Esan zitekeen denen artean gorputz bat osatzen zutela, eta euren arteko
lotura motots luze haiek zirela. Nazarenoak eskatu zuen neskatila haiek
ikusi nahi zituela, pasoa zeramatela. Beraz, zorua kristalezkoa jarri
zioten pasoari, eta zelan begiratzen zien berrogei neskatila letoniarrei
nazarenoak, zelako irritsaz! Harrezkero, gau-poluzioak egunez ere izatera
pasatu zen (kontu hori ez zen miraritzat hartu, ordea).
Horrela hasi
zen nazarenoaren ebanjelizazioa. Tarteka, mirariak egiten saiatzen zen,
baina praktika falta zitzaion, bi mila urte ez baitira alferrik pasatzen.
Behin bost
ogi eta bi arrainen miraria errepikatzen saiatu zen. Zapatu gau batean,
milaka gazte bilduta zeuden basamortu itxurako toki batera heldu ziren.
Gazteak oro horditurik zeuden, elkarretaratze alkoholikoaren kariaz,
eta han dena zen sodoma eta gomorra.
—Zatozte!
Neuk emango dizuet afaltzen!
Eta nazarenoak,
berbok esanda, bost ogi mutur eta bi sardina-lata atera zituen zorrotik.
Eta, jakiok bedeinkaturik, Skafandra Vulvovari esan zion gazte haiei
guztiei emateko. Eta orduan jazo zen jazo beharrekoa: ogi muturrak donuts
bihurtu ziren, milaka donuts gazte-aldra harentzat. Latetako sardinak,
berriz, oilasko bihurtu ziren, ezin jakin nola. Eta gazte haiek guztiek
lehertu arte jan zuten, eta batu zituzten hondarrak hainbeste izan ziren,
ze hamabi zaborrontzi bete zituzten.
Mirari horrek
ez zion inolako onurarik ekarri. Hasteko, gazte haien kontura negozioa
egitera joandako saltxitxautoetako jabeak sutan jarri ziren, eta berrogei
neskatila letoniarrek ziztu bizian atera behar izan zuten nazarenoa
handik. Baina txarrena hurrengo egunetan etorri zen: donutsak ekoizten
zituen enpresak salaketa jarri zion, plagioa egin izanagatik, eta Pollos
Oikina enpresak ere nazarenoa salatu zuen, lehia leialbakoa leporatuta.
Nazarenoari
zazpi t’erdi axola salaketa haiek guztiak. Skafandra Vulvovak kontuz
ibiltzeko esaten zion, egile eskubideak kontu serioa zela, baina alferrik.
Nazarenoa mirariopteroen espeziekoa zen nonbait, eta ezin burutik kendu
grina zoro hura.
Beste batean,
andre konkortuaren miraria errepikatu nahi izan zuen (Lukas 13, 10-13).
Ospetsu bihurtu guran, aireportu batera joan zen, bertan biltzen baitira
paparazziak izenekoak, famatuen xerka. Eta probidentziak nahi izan zuen
egun hartan aireportu hartara Albako dukesa iristea. Babuinoen oinordeko
zuzen hori, denek dakitenez, gurpilaulkian eramaten dute (irakurleak
erabaki dezala aurreko esaldiaren koma artekoa zeinekin doan). Bada,
nazarenoa haren aurrera joanik, hauxe esan zion:
—Andrea,
libre zara zure gaitzetik.
Eta eskua haren
buruan paratu zuen (nazarenoa ezin zenez besaulkitik altxatu, gomazko
esku bat erabiltzen zuen mirarietarako, makila luze-luze baten muturrean
itsatsita zegoena). Atoan, Albako dukesa itxuraldatzen hasi zen, erran
nahi baita buruko ile kizkur zuri zatar haiek gorputz osora barreiatu
zitzaizkiola. Horrekin batera, gurpilaulkitik altxatu eta jauzika hasi
zen, bere babuinotasuna agerian utziz. Bere segizioa eta paparazzien
saldoa atzetik joan zitzaizkion, ezin harrapatu baina. Handik egun batzuetara
zine areto batean topatu zuten, El Planeta de los Simios ikusten,
eta zooilogiko batera eraman behar izan zuten.
Horrelako mirarikerien
ondorioz, azkenean nazarenoa atxilotu egin zuten. Berrogei neska letoniarrak
libre utzi zuten, eta euren herrira bidali, beti ere mototsak elkarri
lotuta. Skafandra Vulvova, berriz, nazarenoaren defentsa egiteko prestatu
zen (“Ikasi abokatutza hamar egunetan” liburuxka erosita).
Nazarenoari
egozten zizkioten karguak ez ziren makalak: Eliza Katolikoak pertsonalitatearen
ordezkatzea leporatu zion, eta euren eliztarrei iruzur egin nahi izatea
(Eliza Katolikoak ez zuen inondik inora sinetsi fedegebe hura Salbatzailea
izan zitekeenik); Pollos Oikinak, oilanden lapurreta; Alba familiak,
dukesaren baitan hominido baten izpiritua sartu izana; arrantzaleen
kofradiek, Kantauri itsasoaren desantxoazioa; Letoniako gobernuak, berrogei
neraberen bahiketa eta esplotazioa; Donuts enpresak, formularen plagioa;
Skafandra Vulvovak, finitzeko, salaketa haien maremagnuma ederto baliatu
zuen, bere aitaren hilketa egotzi baitzion, zer arraio!
Audientzia
Nazionalean egitekoa zen epaiketa; hala ere, garai latzak ziren haiek,
eta ez bakarrik krisi ekonomikoagatik: Somaliako pirata haien erasoa
inoiz baino lotsagabeagoa zen, eta lasai asko ibiltzen ziren Mediterraneoko
uretan ere. Horietako eraso baten ondorioz, Espainiako printzea bahitu
zuten Mallorca aldeko uretan (diotenez, morena bat harrapatu nahian
zebilen, baina morena zen printzea harrapatua zuena; Somaliako piratak
heldu zirenean, bazirudien elkarren lagun handi eginak zirela, besarkaturik
aurkitu baitzituzten. Hori ez zitzaion batere gustatu printzesari).
Piratek Espainiari Barne Produktu Gordinaren erdia eskatu zioten, eta
horrek diru murrizketak eragin zituen boteregune guztietan. Horren guztiaren
ondorioz, epaiketa Audientzia Nazionalean egin barik, Telecincori saldu
zioten esklusiba (“Condéname deluxe” programari, hain zuzen ere).
Telecincok
epaiketa hartarako telebista kateetako hienarik ospetsuenak fitxatu
zituen. Zenbat diru eskatzen zuten ikusita, hara zer irtenbide topatu
zuen Telecincoko zuzendaritzak: nazarenoari galdeketa egingo zioten
kazetariei hankak moztu zizkieten (horrela, soldataren erdia ordainduko
zieten, kar-kar-kar). Patiño, Mariñas eta enparauen gerritik gorako
gorpuzkinak besaulkietan jarri zituzten, euren galdera pozoitsuak jaurti
zitzaten. Primeran egin zuten lan hori: fiskalik zitalena baino askoz
ere hobeto. Besteak beste, kontu hauek argitzeko esan zioten nazarenoari:
- Zer erlazio izan zenuen Maria Magdalenarekin?
- Maria Magdalenak ikusi zuen inoiz zure txoritxoa?
- Maria Magdalenari axola zitzaion zure txoritxoaren tamaina?
- Larrutan egin zenuen Maria Magdalenarekin?
- Eta zure dizipuluek zer? Eurek ere matxunbratu zuten?
- Madalenak gosaltzen zenituzten elkarrekin, ala Maria gailetak?
- Zer dio zure aitak erlazio horri buruz?
- Homosexuala zara?
- …
Azkenean, bistan
da, nazarenoa zigortu egin zuten. Somaliako piratei esan zieten hura
zela Espainiako Barne Produktu Gordinaren erdia, eta zamaontzi batean
bidali zuten harantz. Diotenez, zamaontzi hori Suez kanalean geratu
zen trabatuta, harako bidean nazarenoak Mediterraneoko arrain-sarda
guztiak jan zituen eta. Ordurako, beraz, Espainiako Barne Produktu Gordinaren
erdiaren hirukoitza zen (gutxienez).
Skafandra Vulvovari
dagokionez, Errusiara bueltatu zen. Merkataritza ilegala da orain bere
zeregina: vodka botilak trafikatzen ditu, ur bedeinkatua delakoan. Eta
ez dute inoiz harrapatu, ondo gordeta eramaten baititu.
Ez, ez zaitezte
hain maltzurrak izan: ez ditu abizenean eramaten, izenean baino.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
joe 2009-11-11 21:36 #1
jjjj
Utzi iruzkina: