Nostragamus!
Azkenean deskubritu da: Jainkoa zulo beltz bat da. Kasualitatez jakin dugu, zientzian sarri jazoten den legez (gogoratu, adibidez, Newtonen sagarkadaren episodioa).
Pioneer X espazio-ontziak bidali dizkigu irudiak. Eguzki-sistema zeharkatu eta espazio zabalera irtenda, haren helmuga Aldebaran izarra da. Edo, hobeto esanda, izan behar zuen. Ontziaren azken seinalea 2003ko urtarrilaren 23an heldu zen; harrezkero, mutu egon da. Hala ere, bidaia horretan, gauza arraroak gertatu dira, orain arte behar bezala azaldu ezin izan direnak. Eguzki-sistematik urrundu ahala, zientzialariak konturatu dira programatutako bidetik desbideratu dela eta abiadura motelduz joan dela.
Eta, bat-batean, zoramena.
Urteetako isilaldiaren ostean, aurreko hilean izan zuten zientzialariek berriro ere Pioneer X-en berri: ontzia ezohiko abiaduran zihoan. Zer diogu ezohikoa? Ontzia kontrol barik zihoan, erotuta, abiadura galaktikoan, Red Bull-a bihurtutako barraskiloaren antzera. Nora, baina?
Zientzialariek pentsatu zuten espazio-ontzia zoratu egin zela edo zerbaitek –indar boteretsu eta ezezagun batek– gobernatzen zuela. Egun gutxitan, urteetan egindako bidea enekatu zuen (uler bedi: bider bi adierazteko biderkatu diogun bezala, bider n aldiz espresiorako aditz hori asmatu dugu; bestela esanda: argiaren abiadura bera ere itzalpean utzi zuen).
Nola azaldu espazio-ontziaren portaera enigmatikoa? Bada, imajinatu Kubricken bi filmen arteko zirkuitulaburra: 2001eko odiseako Discovery 1 ontzia marra koloretsu haien artean ziztu bizian, gidari nor eta Jack Torrance duela, bourbon-shiningak horditurik, artean Overlook hoteleko korridore labirintikoetatik semearen trizikloan ibiliko balitz bezala, abiadura odoltsuan. Imajinatu haren begiradaren aizkorakada: hementxe nagooooooooo…
Eta, bat-batean, zulo beltz hura, alienaren gelatinazko aho adurjario hura, zerbaitek hurrupatzen zaituen sentsazio leizetsua.
Profezietan idatzita egon da hori guztia? Bai! Azkenean, argi dakusagu: orain arte, inork ezin izan ditu asmatu Saint-Rémy-de-Provence-ko profetaren bertsoak, munduko katastrofe guztiak iragartzen omen zituztenak. Benetako profezia haren izenean ezkutatuta zegoen-eta! Letra bat aldatzea zen kontua: Nostradamus barik, Nostragamus. Horixe da gizateriaren azkena: tragatuko gara! Tragatu! Irentsi! Zulo beltz batek hurrupatuko gaitu, Pioneer X-en heriotza bera izango dugu geuk ere! Jainkoak goitikatu zuen unibertsoa, eta jaurtitako txahal kosmiko haren hondar bizi bakarra den Lur planeta hara doa berriro ere, Pioneer X-ek egindako bidaia bera egingo du, zulo beltz hartan desagertuko da betiko.
Berehala etorriko zaizue galdera: zein sasikumeri bururatu zitzaion Pioneer X ontzian Lurrari eta gizakiari buruzko datu zehatzak jartzea? Haiek barik, salbu geundeke. Baina ez: unibertsoan zein lekutan gauden argi eta garbi jakiteko instrukzioak jarri zituzten, jakin barik noren eskuetan jausiko ziren. Bada, eskurik hiltzaileenetan jausi dira: Jainkoarenetan! Eta, nortzuk dira errudunak? Bada, Carl Sagan eta Frank Drake. Haien memoria izan bedi madarikatua in saecula saeculorum!
Pioneer X ontziaren ezusteko aktibitateari esker dakigu nolakoa den Jainkoaren piura. Irudiak bidali eta bidali ibili da, paparazzi inpertinenteenen lotsagabekeriaz. Eta esan beharra dago lurtar erlijioek kale egin dutela. Jainkoak ez du gizonkote bizardunaren itxura, ez ditu hiru begi… Egia esan, gaitza da deskribatzen. Pioneer X haren inguruan bueltaka hasi denetik, nondik begiratzen zaion, orain akaroa dirudi, orain marmoka, orain potrozorri iletsua. Ez ote da azken baten birus amorfo bat izango?
Irudiak konpultsiboki bidaltzeaz gain, Pioneer X-ek elkarrizketa ere igorri digu. Bai, ondo irakurri duzue: elkarrizketa! Jainkoaren satelite bihurtu denetik, intimatzeko denbora izan dute. Hasieran elkarri begiratzera mugatu ziren, baina, halako batean, Jainkoak orro moduko bat jaurti zuen, korroskada antzeko bat. Pioneer X ez dago oso prestatuta eleaniztasunerako, baina bizkorra da. Birus amorfoaren korroskada gero eta zaratatsuagoak interpretatzeari ekin zion, eta, ahal zuen moduan, erantzuten saiatu ere bai. Jakina, seguru oker-ulertzeak egon direla haien artean, eta, Pioneer X-ek bidalitako bertsioarekin fidatzerik badago, batzuetan antzerki absurdoaren azpigenerotzat har dezakegu solasaldia.
Edozein modutan ere, haren balio historikoa gogoan izanda, hona hemen elkarrizketa horren pasarte bat, ulergarri-edo den horietakoa:
Jainkoaren eta Pioneer X espazio-ontziaren arteko elkarrizketa (lagina)
Jainkoa – Zer arraio dabil hor bueltaka?
Pioneer X – Lurretik bidali naute.
J – Lurra? Bidali? Zer ostia diozu?
P – Gizakiek bidali naute.
J – Gizakiek? Ezinezkoa da! Ni bakarrik nago unibertsoan.
P – Ikusten duzu ezetz.
J – Kaguendios! Eta zer dira gizakiak?
P – Baina, ez zenituen bada zeuk sortu, zure irudiaren moldean?
J – Bai zera! Zer alukeria da hori? Nik ez nuen horrelako pitokeriarik sortu.
P – Zein izan zen, bada, zure asmoa unibertsoa sortzean?
J – Sortu? Koplak! Goitikatu egin nuen! Eta nire asmoa ez zen inondik inora nire antza zuen ezer sortzea. Ez naiz hain ergela, txotxo!
P – Zer helburu zenuen, beraz?
J – Ez neukan helbururik. Izatekotan, halako bodegoi surrealista bat sortu nahi nuen. Izadi hila, edonola ere.
P – Bada, huts egin zenuen. Lurra izeneko planetan, behintzat, bizitza dago.
J – Ostia puta! Seguru errua bakterio zikin horiena dela! Elkartzen hasten dira eta edozein barrabaskeria sortzeko gauza dira! Eta non dago Lurra?
P – Eguzki-sistemako hirugarren planeta da. Ontziaren barruan topatuko dituzu bertara joateko instrukzioak eta gizakiei buruzko datuak.
J – A, bai? Oraintxe enteratuko dira putakume horiek nor naizen!
P – Nahi duzu mezuren bat bidal diezaiedan?
J – Kabroi horiei? Bai! Esan tragatu egingo ditudala guztiak, zurekin egin dudan moduan.
P – Baina batzuek zugan sinisten dute. Jainkotzat zauzkate.
J – Bada, horiekin hasiko naiz. Zein da haien ezaugarria?
P – Zu gurtzeko tenploak dituzte.
J – Nola deitzen dira tenplo zikin horiek?
P – Hainbat bertsio daude. Batzuk elizak deitzen dira, beste batzuk meskitak, edo sinagogak… Hainbat batzoki motatan elkartzen dira.
J – Prestatu daitezela marikoi horiek! Laster ezagutuko dute nire malaostiaren kalibrea!
P – Zer egingo duzu?
J – Horiek guztiak xurgatu eta txiki-txiki egin!
P – Jainkoa izateko, nahiko satanikoa zara, ezta?
J – Ze ostia da hori?
P – Satan zure aurkaria da, Gaizkiaren pertsonifikazioa, eta Lurrean baditu hainbat jarraitzaile tximaluze.
J – Nik ez dut aurkariaren beharrik, nahikoa naiz ni zeregin horretarako. Eta, satankume horiei dagokienez, berdin-berdin amaituko dute: denak tragatuko ditut!
P – Zer egingo duzu?
J – Lehenengo, zurekin jolastu. Ipurtzuloan sartuko zaitut. Horrela jakingo duzu zer den benetako bidaia interhestelarra!
Esan eta egin.
Jainkoaren zulo beltza zabaldu eta Pioneer X hurrup! irentsi zuen. Ilunpe haietako irudiak bidaltzen jarraitu zuen horratik. Bideoklub zaharretako porno-apaletan jartzeko ere gogorregiak lirateke han barruan grabatutakoak. Lovecraftek berak sekula ez luke asmatuko halako aberrazio kosmikorik.
Hala ere, orain egun batzuk irudiak jasotzeari utzi diote. Ez dago Pioneer X-en berririk. Zientzialariak arduratuta daude. Eta, kasualitatez?, espazio-ontziaren isilera bat etorri da gertaera harrigarrien hasierarekin.
Horietako lehena: munduko kanpandorre eta minarete guztiak desagertu egin dira, denak batera. Imajinatzen duzue eszena, aldi berean munduko kanpandorre eta minarete guztiak espazioaratzen, esku beltz batek su eman eta jaurti balitu legez? Zientzialariek estonaturik ikusi dituzte irudiak teleskopioetatik: kanpandorre eta minareteak, kohete bihurturik, ziztu bizian Eguzki-sistematik ateratzen.
Bigarren ustekabea gaur goizean gertatu da. Jakin dugunez, Vatikano, Jerusalem eta Meka desagertu egin dira. Haien lekuan krater bana topatu dute. Eta, hara!, Lurreko teleskopioek beste eszena ikaragarri baten berri eman digute: San Petriko basilika, Haram meskita eta Arrokaren Kupula galapan Lurretik urruntzen!
Zer etorriko da horren ostean? Dagoeneko inor ez dago salbu. Bizitza basatzara doa. Etorkizuna erorkizuna da. Konturatu orduko, Jainkoaren hesteetan estekaturik egongo gara.
Nostragamus!
Prostetnic Vogon Jeltz
Iruzkinak
peru 2011-04-21 17:36 #1
oso ona prostetnik!
itzel ederra eta barregarrixe. jainkuen eta pioneerX-en arteko elkarrizketie itzelien gustau jate. zelako ona!
ondo ibili
Utzi iruzkina: