kopromisu
Grekoak aurrizki eta atzizki asko eman dizkigu. Horietako bat κόπρος da, zeinak kaka esan nahi baitu, gorotza (eufemismo bat erabilita, eginkaria). Kaka egitea ekintza zatartzat daukagu. Gizakiok animaliak garela gogorarazten digun erritual fisiologiko horrek lotsa eragiten digu. Bizkaiko herri batzuetan, adibidez, komunari eskusaua esaten diote. Hesteak husteko ekintza hori, hain itsusia begitantzen zaigunez, beste modu baten adierazten saiatzen gara. Findu egiten dugu. Kaka egitera noa esan beharrean, zera esaten dugu: pinua landatzera noa, erregeari gutun bat idaztera noa (gaurko teknologia erabiliz gero: erregearekin twitertzera noa). Pentsatzen jarrita, zer egiten dugu komuneko asientuan jartzen garenean? Guk dakigula, ekintza horrek ez du inola ere zerikusirik idazketarekin. Noizbait trantze hori mendian izan baduzue, ohikoa izaten da behin eginkaria eginda sortutako obrari kuku bat egitea. Hor dago sortu berri dugun kreatura, museoetan sekula lekurik egingo ez dioten eskultura abstraktua. Bai, gure gorotzak ez dira gutunak, ezpada ze eskulturak. Eta gu, eskultoreak. Imajina ezazue gaur aurkezpena duzuela Durangoko Liburu eta Disko Azokan. Argitaratu berri dizuten albuma aurkeztu behar duzue, eta horrek sekulako kakalarridura sortzen dizue. Ihesi joango zinatekete Tetuaneraino, baina harrapatuta zaudete: ordu erdi barru eskenatokian egon behar duzue, jendearen aurrean. Zer aitzakia asmatu? Beharrizan fisiologiko bat duzuela esan dezakezue. Eta egia izaten da: izututa gaudenean, kakalarria izaten dugu. Nor ez da komunetik pasatu zeregin garrantzitsu bati ekin baino lehen? Eskolako lehen egunean, esaterako. Edo album bat aurkeztu behar duzuenean, gaur bezala. Gobernatzen zaituzten izua hustu behar duzue, erremediorik gabe. Hortaz, komunera joan eta eskultura egiten duzue. Eta zuek, kreatzaileok, zer zarete? Izuen eskultoreak! Grekoak eskaintzen digun atzizki hori hartuta, beste lokuzio bat proposatzen dizuegu kaka egitera noa adierazteko: kopromisu bat daukat. Zer? Dotorea, ezta? KOPROMISU: kakalarria (modu fin eta dotorean esanda). Barkatu, baina alde egin behar dut. Kopromisu bat daukat.
Iruzkinak
adur 2011-12-07 00:39 #1
<p>Niri eguneroko (edo kasik) erritual hori zeremonia itzela iruditzen zait. Dela goizean dela afalosteko lasaitasunean, beti bada liturgia erlijioso-fisiologiko horretarako beta.</p>
<p>KOPROMEZA izan daiteke fede gutxiko piztiontzako erremedio espirituala!</p>
Utzi iruzkina: