21 aditz trinko XXI. menderako
XXI. mendean, txikia da nagusi. Aukeran, nahiago ditugu gauza txikiak. Ordenagailu mandoen ordez, ultraeramangarriak erosten ditugu. LP zaharkitu haien lekuan, zintak erosten hasi ginen, baina, haiek ere zahartuta, CD fin-finak erosteari ekin genion; hori ere ez ei da nahikoa baina: MP horiei esker, tresna txiki baten askoz ere musika gehiago pilatzen dugu. Agian, minimizatzeko moda hau muturrera eramanez gero, egunen baten munduko musika guztiak biltzen dituen belarritakoak erosi ahal izango dira. Ainbentarlo! Jakina!: ordenagailua, telefonoa, agenda, erloju-iratzargailua, argazki-kamera, bideo-kamera eta Interneteko konexioa tresnatxo bakar batean eduki ahal badugu, hainbat hobeto!
Argi dago, beraz: trinkotze-joera da nagusi. Intelektualoide batzuek diote “Aro Likidoa” dela hau. Zer pitokeria da hori? Likidoa eskuetatik jausten da, ezin da atzeman. Eta egungo gizarteak gauza atzemangarriak nahi ditu, bai horixe! Ezta pentsatu ere ura eskaintzea. Zertarako? Parrastaka jausteko? Utikan likidokeriak! Gauza txikiak behar ditugu, esku-ahurrean ondo gordetzen direnak! Produktu trinkoak! Izan ere, XXI. mendea ezer bada, Aro Trinkoa da. Edo, nahiago baduzue (eta trinkoago), Trinkaroa.
Hizkuntzara etorrita, zertarako esan bizpahiru hitzetan bakarrean esan ahal dena? Akabo ziren, adibidez, pertsona izen konposatuak. Tetuanera joan ziren Jose Julian, Jesus Miguel, Agustin Manuel eta antzeko izen luze astun horiek. Belaunaldi berriak izen laburrak nahi ditu. Izen bakarra, eta kito! Era berean, hizkuntzak trinkotasuna eskatzen du, soiltasuna. Objektu batean, erabilera asko; berba batean, esaldi osoa.
Horretan, euskara hizkuntza trebea da: harrijasotzaile diogu, berba baten, gaztelaniak hiru berbatan esan behar duena (levantador de piedras); lau letradun neba hitzak hermano de hermana esan nahi du; excremento de ave esateko, berba labur bezain adierazkorra darabilgu: zirin.
Aditzei dagokienez, euskaldunok betidanik izan gara aditz trinkoen zaleak. Gogoratu, kasurako, Arnaud Oihenart idazle handiak nolako gustua zuen horrelakoak erabiltzeko. Hona hemen batzuk, konparazione:
bu = qu’il l’ait (ukan dezala)
bihotsa = qu’il le dise (erran diezaiola)
degidala = qu’il m ele fasse (egin diezadala)
leristan = q’elle pensât de moi (nitaz pentsa zezan)
axeka = saisis-toi de lui (atxik ezak)
ezpadaitsa = s’il ne descend pas (jaisten ez bada)
darraizt = ils me suivent (jarraitzen ari zaizkit)
dikuzke = il le lave, il peut le laver (ikuz dezake)
deragotza = il les jette (eragozten ditu)
zindiaurizan = que vous (sing.) vinissiez (zu jaugin zitezen)
Horiek bai aditz trinko lirainak! Olerki bikainak ondu zituen Oihenartek, besteak beste halako hizkuntza-perla ederrak erabilita! Baina ez da adibide bakarra. Gure literaturaren lorategian eurrez topatzen ditugu halako liliak. Gure idazle klasikoek barra-barra erabili zituzten aditz trinkoak. Jakina: berba berean informazioa bateratzeko gaitasun hori duen hizkuntza goi-mailakoa da. Ez da arraroa, hortaz, euskaldun askok pentsatu izana geurea izan dela Ludiko lehen hizkuntza, noizbaiteko paradisuan hitz egin zena. Uste hori aski zabaldu da, baita gure lurraldetik kanpora ere. Froga moduan, hona zer dioten ysursa.com websitean:
Centuries ago a Basque priest bragged that Euskara—the Basque language—was the original, sole language of the world as spoken in the Garden of Eden which of course would make it the original of God. Meanwhile, other Basques have pointed out that their homeland is the center of the universe. One good friend commented that Jesus Christ was actually born in the hills of Gipuzkoa then later transported to the Holy Land.
Hara! Euskal Herria ei da unibertsoaren erdigunea, eta euskaldunok gara Jaungoikoak aukeratutako herri sakratua! Ez ote da euskal aditza horren frogarik nabarmenena? Kasurako, Hirutasun Santuaren misterioa ezin hobeto uler daiteke euskal aditz trinkoaren idiosinkrasiaren bidez. Har dezagun NOR-NORI-NORK paradigma. Hiru kontzeptu daude hor (egilea, objektua eta hartzailea), eta hirurak, desberdinak izan arren, izaki batean biltzen dira (berba berean, alegia). Jar dezagun adibide bat: diostazu diogunean, adizki horren baitan hiru kontzeptu batzen dira (zuk / niri / zerbait). Eta hirurak, gorputz batean! Bai, argi dago: erromatar hizkuntzako Deus hori ez litzateke deus izango euskaldunon eta euskararen izaera trinko hori barik.
Baina aditz trinkoen erabilera ez da literaturara mugatzen, ez horixe! Herri xeheak ere erabili izan ditu, fin-fin erabili ere. Ondo gogoan daukat aditz trinko zoragarri hura entzun nuenean: bebiz! Halako orgasmo intelektuala eragin zidan aditz trinko hark, eta ia-ia konortegabetu nintzen emozioarekin! Eta nork bota zuen lili eder hura? Euskaltzain oso batek? Jakituriaz eta endelguz hornituriko gizon handi batek? Ez horixe! Gure amama Julianak! Ez zekien ez irakurtzen ez idazten, eta eskolara joan bakoa zen, eta zer? Berezko jakituria zuen, haren berbak berezko musika jainkotiarrez blaituak ziren, paradisuko mintzoa zerabilen, eta halaxe irten zitzaion aditza, natural-natural. Hain zuzen ere, horrexek erakusten du aditz trinkoak euskararen esentzia direla, eta euskara paradisuko hizkuntza. Gaur egun, zoritxarrez, euskaldun erdaldundu gizajook hori esateko aditz konposatu gazbakoen beharrean gaude: ibili daitezela esan behar dugu, gure euskararen esentziari uko eginda. Berriro aipatu beharko dugu Oihenart, argi eta garbi aldarrikatu baitzuen aditz trinkoen jatortasuna. Mauleko seme handiak zioenez, euskararen berezko joko mota da aditz trinkoa; perifrastikoa, berriz, ez da jatorra:
Duae sunt coniugandi formae. Altera Propria, Altera impropria, quae fit per circumloquutionem. Propria est cum verbum per seipsum inflectitur, absque vllo alterius vocis adminiculo, vt à themate ek’us, id est, vide, fit Decussat video, decussac vides decussa videt, decussagu videmus, decussasue videtis, decussate vident. Necussan videbam &c. Conjugatio Impropria est cum verbum coniugatur, non per se, sed circumloquutione, per participium suum & verbum substantiuum nais hoc est sum & eius auxiliare adi, si verbum sit passiuum vel neutrum, Actiuum vero per verbum possessiuum dut, hoc est, habeo, & eius auxiliare esac vt, Eziten nais iaceo, Sehazen vel Sehatu nais caedor, Ecusten dut video. Vtraque coniugatio quinque habet modos, Indicatiuum, Imperatiuum, Optatiuum, Conditionalem, & Subiunctiuum. (Oihenart 1656: 63)
Hortxe dago gakoa: lehengo euskaldunak, gure amama lakoak, euskaldun kutsatu bakoak ziren. Utikan!, esan beharko genieke gure sena aldrebesten duten hizkuntza mengel eta sasiko horiei. Gaztelania, latinaren azpiproduktu degeneratu hori, jaurti dezagun txerri askara! Eta zer esan ingelesaz? Orain denek jan nahi duten hanburgesa txiklealako hori ezin da osasunerako ona izan: mundu guztiak irrikitzen duen zerbait kalitate txarrekoa izan behar, derrigor.
Gure Sabinok ere gustuko zituen aditz trinkoak, baita haren kume ideologikoek ere. Eleizalde’tar Koldobikak 1918an idatzitako “Arana-Goiri’tar olerkientzako itzaurre laburra” hartatik ateratako esaldiak irakurtzea besterik ez dago:
Abertzalea ba-zara, irakurle ori, idazti au txalo ta poz-oyuka darkezu, noski. Abegirik gurenena dagiskeozu. (...)Itxarkundia ta Mendiko Negarra, ta beste aunelako zenbait olerki irakurriaz, gure Batzar ta Batzokietako amaikatxo yayaldi ederren oroipen atsegiñak, oroipen ezin gozoagoak gogora galgalka datorskezuz! Idazti au, beraz, sarri dirakurkezu. (...) Alabere, abertzalea izan ez-arren, olertizalea ba-zara, daskeintzugun idazti au abetalduko dozu.
Bai bikaina adizkien trinkotasuna!
Hala eta guztiz ere, ezin da ukatu aditz trinkoen gainbehera. Euskaldun kutsatuok gero eta hutsago dugu aditz trinkoen kutxa. Horretaz Amuriza ere konturatu da. Begira zer dioen Anboto aldizkarikoek eginiko elkarrizketan:
Aditzekin arazo handiak dauzkagu. Aditza elementu bat baino gehiago izaten da askotan. Adibidez “lloras” esateko “negar egiten duzu” erabiltzen dugu. Gure alboko hizkuntzetan silaba bigaz esaten dena, guk zazpigaz esaten dugu, eta hori askotan oztopoa da. Askotan gauzak labur esatea behar dugu; titularretan, esloganetan, pelikulak bikoizterakoan, abestiak egiterakoan... aditz luzeak gero eta gehiago erabiltzen ditugu, eta horrek asko mugatzen gaitu. Aditz trinkoak berreskuratzen hasi behar dugu. “Etorriko nintzateke” esan beharrean “nentorke” esan genezake. Horrelako formak galtzen gabiltza. “Neroan” barik “eroaten nuen” esaten dugu, eta hori ez da hizkuntza aurreratuen martxa, alderantzizkoa baino.
Xabier Amurizak gure hizkuntza biziberritzeko proposamena egiten du bere liburu interesgarrian (Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza). Hain zuzen ere, aditz trinkoak suztatu (eta erraustu) barik, sustatu egin behar direla proposatzen du, eta gu guztiz ados gaude harekin.
Zer da, bada, kontua? Aberastasun hori berreskuratu egin behar dugu, lagunak! Gainera, lehen esan dugun legez, XXI. mende hau teknologia laburzalearena da. Zelan idazten dira SMSak, bada? Zelan idazten da txatetan? Hor ez dago legerik, esparru horietan Euskaltzaindiaren arauek euliaren gorotzaren balio bera dute. Espazio horietan libre da hizkuntza delinkuentzia. Askatasuna dago edozertarako. Eta horixe gustatzen zaie endemas gazteei. Begira zelan idazten duten gaur egun Interneten:
ke larunbatien daukot karrera de atletismo tolosan eta ba ke inbiot

zm? resakias o¿ jaja bo ba zela iñok stauen Apu aktualizaitten ba nik aktualizaitteote....sk dau ganorabat....jeje Bo atzo nd o? nik dpm pasau neben!!!!! oso nd!!!!! pff bñ aittata enteau skero z rdutan fanintzan....akabo itteostai!

nerea borratxa nbreee!!! nik zurekiñ oso oso oso oso seixo inbiot berba eee!!! bueno... berba ez... akabo inbiotzut, sin+!! bueno ez... lenengo sufriu ta gero akabo...jajaj

Geo pelukixara in biot diar aber noizko emuten dozten txandia.. ia dakot atzeko melena puta au mosteko gogotzar batttttt! bo baña ez dot moztu biar motz mozt eeee jajajaja gastau in biot.

otzaik eztaotzue ee?? sagarfotegira fan da..... ARDAUA EATEN!! aixx...
ee enik eneben ardo tanta bat be eran eee k konste..........

Bueno gaurko argazkie da publiko femeninoantzako. Ta zuek galdetuko zarie: zeba?? Ba OBBIAMENTE erdien dauen mutil katxarruengatik. Ezta por etxarme flores baia el traje me ba k ni pintau!!!!! Nik be enauen uste ain ondo nauenik trajea imini nauen arte, hortik aurrera... sobran las palabras!!!!!jejejejeje
Zer ikusten dugu mezu horietan? Gazteek haien artean darabilten hizkera erdalkeriaz zipriztinduta dago. Eta zer? Horrek ez du ezaintzen euskara: bizitu egiten du, alaitu, jostagarri bihurtu. Hain zuzen ere, mentalitatea aldatu behar dugu: amaitu ziren garbizalekeriak. Gora nahaste-borrastea! Biba hizkuntza-saltsa! Eta, lehenengo eta behin, euskararen pisu atomikoa arindu egin behar dugu. Alde horretatik, gazteentzat ez dira erakargarriak Oihenarten edo Eleizalderen aditz trinko zahar itxurako horiek. Bestelakoak behar dituzte, barre eragingo dieten jostailuak modukoak izan behar dira. Eta, gainera, tokiko euskarara moldagarriak izango direnak. Jar dezagun adibide bat: zelan esan, aditz trinkoa erabilita, “eso me toca los cojones”? Bada, hona lehen aukera, batuan oinarritua: “horrek potroak dakituzkit” (ukitu aditzaren gainean eraikia). Beste toki batzuetan, berriz, ikutu esaten denez, adizki hori honela esan daiteke: dikutuzkit”. Inguruko euskarara egokitzen jakin behar dugu, gazteei gaur egun horrexek egiten die grazia eta.
Beste gauzatxo bat: bide batez, hikaren gatza eta piperra baliatu ahal dugu. Dagoeneko ezaguna da neska zein mutilentzat erabilgarria den –nk amaiera, ezta? (da = dunk). Amaiera horrek punkaren errima errimea erantsiko die gure aditz trinkoei, eta are dibertigarriago bihurtuko.
Bai, egiguzue jaramon! Gure gazteen artean indar itzela izan lezakete aditz trinkoek. Euren laburrean, erakargarriak egingo zaizkie; gaztelaniatik hartutako espresioak zuzen-zuzenean itzultzeak barregarri bihurtuko ditu, jostagarri, eta, horri esker, erraz zabalduko dira haien artean, sarean jarritako bideoen antzera (hain zuzen ere, bitarteko aproposa izango litzateke artikulu honetan proposatzen ditugun aditz trinkoak hartuta esketx batzuk grabatzea eta EuskalTuben (edo beste Tuberen baten) jartzea. Seguru gaude behinolako gaseosa Cruz del Gorbea hark bezala sekulako arrakasta lortuko luketela!
Eta, proposatzen ditugun aditz trinko horiek guztiz arau-apurtzaileak direnez, gazteen gustukoak izango dira, gehien horixe atsegin dute eta: arauak urratzea. Zer esanik ez: aditz trinko horiek, erabiliaren erabiliaz, arrunt bihurtuko dira, eta SMS eta txatetan are laburrago idatzi ahal izango dira. Hona beste adibide bat: zelan esan, aditz trinkoa erabilita, “echamos un kiki”? Oso erraza!: “dakikigu?” Zer? Polidemasa, ezta? Eta, behin ospetsu eta arrakastatsu bihurtzen denean, gazteek (eta bestelako hankabikoek) honela erabiliko dute mezu idatzietan: dkkg? Kamisetak egiten dituzten multinazional euskaldunek badute hemen beste urre-meategi bat. Hasi daitezela “dkkg?” letrak dituzten elastikoak egiten, loreak mendian beste salduko dituzte eta!
Amaitu orduko, aitorpena egin behar dugu: badakigu ez garela proposamen honetan lehenak. Horrek ez digu bihotzerrerik eragiten. Poz-pozik jartzen gara beste batzuen ganberradak irakurtzen edota entzuten ditugunean. Esate baterako, adibide bikaina da izerditu aditzetik asmatutako dizerdit aditz trinkoa. Hara zelan azaltzen duten Ikakazten blogekoek:
Niri dizerdit = A mí me la suda
"Dizerdit" "izerditu" aditzaren trinkoa da.
Jokatua: niri dizerdit, zuri dizerdizu...
Aditz hau Nor-nori-nork eran deklinatzen da.
Tira ba, kopla gutxiago, eta joan gaitezen harira: hemen doazkizue 21 aditz trinko. Pilula kontzentratuak dira, eta, berriak direnez, ez dakigu zer eragin sekundario izango dituzten. Hor konpon! Kontua jolastea eta barre egitea da. Eta, jakina!, zuek guztiak animatzen zaituztegu zerrenda luzatzera. Artikulu honi erantzun eta bidali zuen asmazioak, ongi etorriak izango dira eta (hizkuntzaren osasuna horrelaxe neurtzen da: hiztunek sortzeko eta berritzeko duten gaitasunaren arabera; euskarak hiztun asmatikoak behar ditu!).
21 aditz trinko XXI. menderako | |
¿Echamos un polvo? |
Dautsagu? |
¡Tú flipas! |
Daflipank! |
Ese/a va de sobrao/a |
(Horrek) dasobera! |
Vamos de culo |
Dipurdigu |
Ayer no pillé |
Atzo ez nerrapan |
¡No me taladres! |
Ez daratuluidank! |
Se le fue la olla |
Zelapikon / zeltzekion |
Es un/una pringao/a |
Dakoipe |
No me des la vara / brasa |
Ez demakiladank / detxingardink |
¡Ya le follaría! |
Narruskioke! |
Me cago en tal |
Urlian dakakat |
¿Nos abrimos? |
Dazabalgu? / Direkigu? |
¡Que se joda! |
Bizorra! |
¡Mola! |
Damola! |
La cagaste, Burt Lancaster |
Zenekakan, Lady Gagan |
¡Chúpamela! |
Dexurgaidank! |
Es un/una agonías |
(Horrek) dilzori |
¡No me rayes! |
Ez demarraidank! |
Va a ser que sí |
Dabaike |
No está bien del tarro |
Ez dapitxer |
¡Eres un crack! |
(Hik) krakank! |
Iruzkinak
xme 2011-01-02 02:05 #1
ezin barreari eutsi.

edo: "me meo (de risa)" = (barrez) dapixakit /datxixakit

zorionak.

x.

xme 2011-01-02 02:28 #2
bi maitale txatean despeditu ezinik:
-damuxukizut.
-ez, nik damuxukizut zuri.
-bale ba, iemuxukidazu.

-ai, zer ondo damuxikidazun.
-damuxukiogu beste behin elkarri?

(berak dakien bati eskainia)

sukram 2011-01-02 19:55 #3
Oso ona! Txurroa dazatikit! = Me parto el churro

peru 2011-01-06 23:15 #4
oso ona artikuloa eta lana.
zorionak bai.
beste bat hemen:
me sopla la polla= buztana dapuzkit
jajaa..
Natxo 2011-01-11 09:57 #5
Umore ikutua dakukiot zure artikuluari baina debotazkiguzun hainbat ideiek hizkuntzen kontzepzio dominatzailea disladate, hizkuntza batzuk uher eta bestea jainkoarena
2011-01-21 08:38 #6
Daragardogu? = ¿Echamos unas cervezas?

Arantzainita

Arantzainita 2011-04-05 16:56 #7
dardaugu? = ¿Echamos unos vinos?

Peru 2011-11-15 11:09 #8
Ez al dira erdalkeria nabarmena hor goian asmaturiko trinkoek? Den-denak erdarazko esamoldeen menpeko (bide batez "Horrek dasobera" edo "Horrek dilzori"?? Izatekotan "Hori", ez baitira Nor-Nork...). Erdararen menpeko, baita horixe salatu eta konpondu uste nahi denean... Konplexuz betetako herriak ez du iraunen...

Peru 2011-11-15 11:12 #9
Jakina, "erdal" diodan tokian, uler bedi (buler?) "gaztelania"...

Utzi iruzkina: