At Zanarkand eta oporrak.
Badira gauza ugari gure bizitzan, muturren aurrean ditugunak, baina ez ditugunak ikusten. Egunen batean, zirkustantzia jakin batzuk bat egiten dute, eta gauza oharkabatuen presentziaz konturatzen gara. Horixe gertatu zait neri. Lagun bati esker, arreta jarri nion pianoaren soinuari. Zerbait berezia igarri nuen. Nolabait esateko, musikak inguratu egin ninduen, noten atximurkada goxoak sentitu nituen, musikak ozen xuxurlatu zuen nire belarrira… eta soinu hori behin eta berriz entuzten dut, aldi bakoitza, lehenengoa balitz bezela.
Oporrak luze egiten zaizkit. Eguneroko errutinatik irtetzeak sortzen duen estresa, errutinak sortutakoari batzen zaio. Eta askotan, egoera jasanezina bihurtzen da. Ni oso egoera txarrean egon nintzan lehenengo egunetan, zer egin ez nekiela. Aspergarria iruditzen zitzaidan dena. Ezertarako motibaziorik ez nuen. Orain, ordea, oporren azken txanpan sartuta nagoelarik, lasaitu egin naiz, eta lasaitasunaren talaiatik gauzak desberdin ikusten dira. Denbora ahazten saiatu naiz, eskuko erlojua alde batera utziaz. Orain ez dut eguna orduari begira ematen. Hau noiz bukatuko edo hasiko den zain. Orain gauzak etorri eta joaten dira, besterik ez. Eta gauzen joan etorri horretan, pianoa etorri da, At Zanarkand izena duen noten jarioa interpretatuz…
Oporrak agian joanen dira, At Zanarkand baita ere, baina azken hau, hil arte geldituko da nire bihotzean.
http://www.goear.com/listen/caac6fe/at-zanarkand-final-fantasy-x
Iruzkinak
Utzi iruzkina: