8.astea Oinez ibili eta boloetan jokatu
Kaixo familiar-adiskide-ezagun-ezezagun hori!
Zelan pasatu duzue azkenengo astea? Berri aipagarririk gure Euskal Herritik? Egia esan, teknologia berriei esker gu ere ez gara bertako berri eta gertakarietatik at gelditu. 140 karakterezko mezu, streaming, skype eta internetek dituen beste hainbat erreminta ugariez baliatuz, etxeko ganbarako ordenagailuaren aurrean bezala sentitzeko aukera izaten dugu. Adibidez, aste hau pailazo agurgarrien heriotza, zein errege barregarrien ebakuntzen astea izan dela jakinaren gainean gaude. “Naranja Navelina”-ren (http://www.frutasynaranjas.com/content/1-naranjas-navelina) antza duen (ez bakarrik koloreagatik, baizik eta uzta jazotzeko garaiagatik) musika Bilboko itsasadarretatik entzun dela, jakin izan dugu ere.
Beste kontu batzuekin jarraituz, esan beharra dago hainbesteko beldurra genion, zuria eta hotza den munstroaren aztarnarik ez direla oraindik, inondik inora ageri. Hortaz, lasai gaude momentuz. Eskiatzeko tresnek eta erruberetako kataiek, garajean gordeta itxaroten jarraitu beharko dute.
4.asteko oreinak berriro ere hurbildu zaizkigu.Egunetik egunera, beraien konfiantza areagotuz doala pentsatuz, gehiago hurreratzen dira eta dagoeneko etxeko atariraino hurbiltzen dira. Ez dut argazkirik ateratzeko beta izan, baina aurrerantzean atetik irteterakoan kamara eskutan edukitzeaz gogoratzen saiatuko naiz, fenomenoa kalitatezko irudiren batekin frogatzeko.
Oraingoan, aurrekoan Leireri tokatu zitzaion bezala, Nerearen etorrera izan da guretzat gertakari nabarmenena. Berau, asteartean etorri eta aste betez gurekin izango da. Kondek, bere antolakuntza senari ohore eginez, txango ugari planifikatu eta prestatu ditu, berak eta Nereak elkarrekin disfruta ditzaten. Bejon deiela!
Niri dagokidanez, astea beste ildo batzuetatik joan da. Orain arteko errutina zertxobait aldatua izan da. Izan ere, asteazkenetik ostiralera, etxetik lanera eta lanetik etxerako ibilaldia, nire hanken laguntzaz oinez egin dut. Argi dago ez da beste munduko erronkarik, baina egunero 6retan esnatzeak eta 45 minutuz oinez jarduteak, jornala pixka bat nekagarriagoa bihurtu arazten du. Bazkarietako errituala zertxobait aldatu dut, izan ere ez da berdina bi pertsonentzat edo norberarentzat bakarrik bazkaria prestatzea. Horregatik, ostiralean; eta beste lankide batzuk egiten duten moduan, bazkaria bertako jatetxe baten enkargatzera animatu nintzen. Bertan janaria prestatzeaz gain, zuk nahi duzun tokira ere eramaten dute. Aste barruko egun guztietarako jartzen dute menua, berau: sopa bat eta, bi plateren artean aukeratzeko dagoen, jaki batez osatuta dago. Guztia hau, 70 txekiar koroen truke. (3 euro baino gutxiago). Nik aukeratutako bazkaria, irudian ikusten duzuen tomate eta arroz sopa eta oilasko papar patata frijituekin, izan zen.
Ostiral arratsalderako, lanetik irten ostean, plan berezi bat zegoen antolatuta. Bolotan izan ginen lankide batzuk. Beraien hitzetan, “elurra hasten denean sarritan” joaten dira, batzuk “hilean bizpahiru alditan” hurbiltzen dira Harcovna-ra. Tokia bitxi eta txikia da, hiru bolo-pista ditu eta bakoitzean 8 pertsonek jokatu ahal dute aldi berean . Barra txiki bat ere badauka, jokalariek beraien egarria eta gosea asetzeko nahi besteko zerbeza eta janari eskatu dezaten.
Partida ez zen oso ondo joan; izan ere bolotan nik ere “bizpahirutan” jolastu izan dut, baina bizitzan! Esan beharra dago, azkeneko tiraldietan “strike”en baten bat jausi zela.
Astea ondo amaitzeko, afari polita eduki dugu domeka arratsaldean. Arratsaldea, seietan hasi garelako esan nahi dut eta afaria, eguneko azkeneko jatordua izan delako. Lau osagaizko metro erdiko diametroa duen pitza ederra dastatu dugu, Nerea, Beñat eta hiruron artean. Azken egunotan, bakoitzari zer gertatu zaion kontatzen ibili gara eta azken buruko bereziak jan ondoren etxera bueltatu gara.
Azken bi aste hauetan, errealari etxean jokatzea gertatu izan zaion bezala ,niri tokatu izan zaizkit blogaren sarrerak idaztea. Entretenimendu jostagarri izan da eta espero dut zuri irakurtzea, niri idaztea gustatu izan zaidanaren zatitxo bat bezain gustagarria izana. Hurrengoan, beste Beñaten eskutik izango dituzue gertakarien berri.
ONDO IZAN, POZIK BIZI ETA ESKUMIÑAK ETXEAN GURE PARTETIK!
BOU
Iruzkinak
p. 2012-12-09 19:19 #1
Eutsi gogor goiari gabonak hortxe daude ta.
Utzi iruzkina: