3.astea Gaztelu eta hiri historikoak

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2012-10-21 23:42
2

Aurreko astean eguraldi hotza eta umela izan bagenuen ere, aste honetan hobekuntza itzela izan du giroak eta udaberriko egun paregabeak izan ditugu. Goizean fresko hasten zen eguna 5ºC inguruan, baina eguerdi parterako 20ºC-tara iristen zen termometroa. Zeru oskarbiak eta haize leunak kanpoan ibiltzeko gogoa ematen zuten eta hemen oso goiz iluntzen duen arren arratsaldeak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen ginen.

Gure etxea herritik 3 km-tara dago, bailararen goiko aldean, Elgoibarko Sallobente-Ermuaran edo Arrasateko Garagartza bezala gutxi gorabehera, horregatik kalerako bidea erraz egiten dugun arren, etxeranzko bidea, sarritan ilargiaren laguntzaz bakarrik, benetan aldapa gorakoa izaten da.

Aste barruan gertaera triste bat gertatu zen, Ben etxeko txakurra gaixorik zegoela eta akabatu egin behar izan zuten jabeek. Guk etxekoei doluminak emateko Škoda (pena, tristura, esan nahi du auto marka bezala) esan eta aurrera jarraitu genuen.

Barixakuan lanekoekin entsalada bat jan eta bazkalostean Moravia-Silesia iparraldea ezagutzera joan ginen biok. Hradec nad Moravicí-ko gaztelu jauregia ikusi genuen lehenengo, marigorringoz jositako paretekin.

Ondoren Opava-ra joan ginen. Hau hiri handiagoa da, antzina Silesiako hiriburua izandakoa eta oraindik eraikin historiko asko mantentzen dituena. Trolebusen joan-etorria etengabea bada ere, hiri lasaia da, horren erakusgarri kale nagusian zegoen etxe hau.

Hasiera batean Ostravan gelditzekoak ginen arren, Frýdlant nad Ostravicí-ra itzuli ginen afaltzera. Beskyd ostatuko jantokian txekiar berezitasunak probatu (oilasko bularra gaztarekin patata pure errearen gainean) eta Radegast pare bat hartu eta gero etxera joan ginen.

Zapatua ere Moravia erdialdea ezagutzeko egun aparta izan zen. Goizetik giro ona zegoela aprobetxatuz Leontxio hartu eta Hukvaldy-ko gaztelua ikustera joan ginen.

Gaztelu hau mendi tontor batean dago eta bertara joateko, kotxea herrian laga behar da eta ordu erdi bateko ibilaldia egin. Hango bistak merezi dute aldapa luzea igotzea.

Jaistean Txekian oso ezagunak diren Lopatka izeneko pastel zati bat probatu genuen hurrengo herrira joan aurretik.

Kopřivnice eta Štramberk herrietatik pasatu ginen, baina eskaintzen zituzten atrakzioak (museoak, erakusketak…) negurako aproposagoak zirenez, aurrerantz jarraitzea erabaki genuen eguraldi ona aprobetxatzeko. Horrela iritsi ginen Nový Jičín-eko plaza ikusgarrira. Herritxo lasai honetan inork ez luke pentsatuko horrelako plaza zabala eta arkupedun kaleak egon zitezkeenik.

Hranice eta Lipník nad Bečvou ikusi ostean Helfštýn-go gaztelura sartu ginen. Gaztelu handia  eta korapilatsua da hainbeste pareta eta hormarekin, baina nahi gaizki gordeta dago eta bista onak eta eskultura ugariz hornituta dagoen arren. Bisita hau egin ostean bertako parke batean bazkaldu genuen.

Azkenik Olomouc-era joan ginen, Moraviako hiriburu historikora. Bertako harrizko kaleek eta tranbiek oraindik antzinako hirien ukitua ematen diote. Horní náměstí plaza dotorean udaletxea inguratzen duten lau iturri daude.

Udaletxearen albo batean erloju astronomiko bat dago, baina Bigarren Mundu Gerraren ostean santuak beharrean beharginak ageri dira panpina eta grabatuetan.

Olomouc-ko kaleetan zehar katedral eta elizak ikusi ostean etxerako bidea hartu genuen. Nekatuta geunden egun guztian bueltaka ibili ondoren eta etxean bertan afaldu genuen doinu inprobisatuen laguntzaz.

Domeka ere aurreko egunak bezala ikusgarri esnatu da, lainorik ez zeruan eta tenperatura epelak. Baba gorriak su baxuan pil pilean laga eta Lysa Horá mendira igo gara Malenovice-ko aldetik (ekialdetik) aurrekoan Ostravice aldetik igo baikinen (hego-mendebaldetik).

Menditik bueltan azak egosi eta bazkari legea egin dugu Euskal Herrian zaudetenotaz gogoratuz. Izan ere, korreoz botoa emateko aspaldi eskatu arren, ez genuen garaiz jasotzerik izan. Hori dela eta, arratsaldea etxea garbituz, arropak plantxatuz eta hurrengo egunerako bazkaria prestatuz pasa dugun arren, lantzean behin, internetez sondeoei begiratzen genien, hauteskunde legeari eta korreos-i esker botoa emateke geratu garen hauteskunde hauei.

Hala ere, animoak denoi eta AURRERA BOLIE!

BKU

xarlem creations

xarlem creations 2012-10-22 12:13 #1

zelako ondo bizi zeran hor beñat!! (BKU) disfrutau!! kursoko afarirako etorriko zera??

muxu bat!

Maialen eta Larraitz

Cave canem

Cave canem 2012-10-23 23:37 #2

Ondo ibili!!!!! Aprobetxatu et ondo bizi!!!! Ea helbidea lortzen dudan Maps delakoan ikusteko. Muxu mila....
In novis terris valete!!!!!

Utzi iruzkina: