21.astea Pazko Astea
Gaur zortzi Aberri Eguna izan zen domeka ez zen nolanahikoa izan. Aurreko eguneko orkestrako kontzertuaren osteko ospakizunek luze jo zuten, eta egun lasaia izan behar zuenak abentura bat baino gehiago ekarri zituen.
Gure etxean Honza eta Karel tronpeta joleek lo egin zutenez eta BOU gurasoekin Pragan elkartzeko etxetik goizean goiz irtetekoa zenez, bi txekiar musikari lagun hauekin egin nuen plana. Armusatu eta kanpora irten ginenean, orduan komeriak!
Urte guztian ikusitako elur ekaitz handiena! Kotxea ia aurkitu ezin, eta gero ateratzeko, ezinean. Ordu t’erdiko pala eta bultzakada lan gogorraren ostean lortu genuen autoa errepide nagusira ateratzea, hau da 10 metro mugitzea.
Metylovice-n Guláš jaia zegoela eta Karel bertakoa izanda etxera dutxatzera joan behar zenez, Pod Lípami jatetxean Äertův Gulášék edo “Deabruaren zopa” jan genuen, benetan bizi-bizia. Bazkaltzen ordu t’erdi egin genuen, baina irten ginenean ikusi Leontxio nola geratu zen, sinestezina!
Gero Frýdek-Místek-era bidean autobusak gurutzatuta eta kotxeak geratuta ikusi genituen. Autopistan 30 km/h joan ginen, hamaika ikustekoak jaio gaituk! Behin Honza-ren etxean ginela, gauerako prestatu ginen. Stolarna jazz-klubera joateko alkandora behar zenez, hawaiiar itxura honekin joan ginen Honza-ren ama eta hirurok, bera dotoreago, noski!
Dantza batzuk egin genituen AKUMA taldearekin, bertako Michna tronpeta jole maisuaren doinu ederrekin. Gelatxoren orkestrako adina izan arren, kalitate handiz eta ia lau orduan jo eta ke jardun zuten musikari hauek.
VIP mahaian geunden izar handiaren emazte, alaba, biloba eta pupiloekin, demaseko ohorea. Pizza batzuek, garagardo bat edo beste eta futbolin partida batzuen ostean Honza-ren etxerako bidea hartu genuen.
Hurrengo egunean etxera iritsitakoan, zelako sorpresa; elurraren eraginez autoa sartzeko lekurik ez etxe aurreko zelaitxoan! Pala hartzeko etxera joan eta izter erdiraino elurretan hondoratuz metro batzuk egin ostean, eskiatzeko prakak hartu eta buelta kotxearentzako lekua egitera. Ordubeteko lanaren ostean lortu nuen Leontxiorentzako habia egitea.
Hala ere ez ziren hor amaitu nire lanak, arratsaldean etxeko jabeak Brno-tik itzuli zirenean laguntzeko eskatu baitzidaten. Eskerronez, martitzenean eurekin afaltzera gonbidatu ninduten, eta azkenean lau ordu egon ginen txor-txor nire txekiera hobetzen, kar kar kar. Ikurrinarengatik behintzat oso ederra zela esan zidaten eta bi herrialdeen historia errepasatzen jardun genuen Errioxako beltz eta Moraviako zuriaren laguntzaz.
Txekiarrak orokorrean oso erlijiotsuak ez diren arren, oraindik badituzte eliza katolikoak ezarritako ospakizunak mantentzeko ohitura. Adituek diotenaren arabera, antzina udaberriaren etorrera kultura askotan, judutarrek, zeltek eta egiptoarrek esaterako, ospatu izan da eta kristautasunak aspalditik zeuden jai hauek bere egin zituen Gabonekin edo San Juanekin gertatzen den antzera.
Aste Santuari ez diote hainbeste garrantzirik ematen, han Eguen eta Barixaku Santua diren bezala, hemen lan egun normalak baitira. Baina hala ere, badute zerbait berezia Pazko astelehenarekin. Velikonoce izena duen Pazko astelehenean, Beránek izeneko arkume itxurako bizkotxoak eta margotutako arrautzak oparitzen dira eta herriko mutil eta gizonak kuadrillatxoetan batuta neska eta emakume gazteen etxeetara joaten dira. Bertan makila bati lotutako koloretako zinta batzuekin nesken hankak astintzen dira eta batzuetan ur baldekadak ere botatzen zaizkie. Espiritu txarrak kentzeko, ei den ohitura hau amaitzeko, gizonezkoei etxean egindako Slivovice edo okaran likorea ematen zaie.
Hasiera batean horrelako kuadrilla batekin joatekoa nintzen, baina eguraldi txarra zela eta, bertan behera geratu zen plan hau. Hala ere, lortu nuen etxerik etxe zebilen kuadrilla batzuen argazkia:
Barixakuan Pilar Urizar eta Ramon Osinaga etorri ziren Beñatekin batera gure etxea, herria eta inguruak ezagutzera. Beskyd Hotelean hartua zutenez gela, bertan afaldu genuen laurok etxeko berezitasunak probatuz eta oso giro atseginean.
Zapatuan ostera ere Poloniara joan ziren Osinaga-Urizartarrak eta domekan gurasoak Arrasaterantz agurtu zituelarik, Mošnov-en elkartu ginen bi Beñatok. PÅíbor-etik oso gertu geundela aprobetxatuz, Sigmund Freud-en jaioterria bisitatu genuen.
Arkupedun plaza bat eta elizatxo bat ditu herri honek, baina gehien harritu gintuena errekan ikusi genituen kaio samalda izan zen. Itsasotik hain urruti eta hainbeste itsas-hegazti ikustea oso arraroa egin zitzaigun…
Beste gauza harrigarri bat, txekiar gurasoen mendirako zaletasun porrokatua da. Domeka goizetako ohiko mendi bueltetan sarritan ikusten denez, eta gaurkoan ere horrela ikusi ditut amak trineoak gerrira lotuta tiraka eta umeak bertan eserita lasai asko. Euskal mendizaletasunarentzako jarraibide argia alajaina!
Ondo segi eta ea hurrengo asteetan udaberriko kontuekin gatozkizuegun.
Primaderako liliak, goizik ziren loratuak, urte hartan gertatu zen, Pazko Erramu baino lehen…
BKU
P.S. Itsas txoriak, Larus ridibundus, antxeta mokogorriak ziren, espezie migratzailea eta Mediterraneotik Baltikora bidean ikusi ditugu Txekian
Iruzkinak
Utzi iruzkina: