16.astea Edurretik salto eta edurretan jausi
Kaixo berriro ere! Hemen gaude! (eta poztutzen naiz)...
Otsailaren zati handi bat gure herrian igaro ondoren, bueltan gara Txekiar Errepublikan, “Ahoj”, “Dobre Rano”eta “Prosim” artean.
Hainbeste alerta laranja eta limoien abisuak entzuten arduratuta pasa genuen aste-bukaera bideak eta aireportuak itxita egongo ziren beldurrez. Azkenean ez zen hainbesterako izan, eta, urtarrilean egin genuen bezala, bidaia inongo konplikazio edo atzerapenik gabe pasa zen.
Aipatzekoa da, gure herrian pasatako azken astean, Igorren kokatuta dagoen Batzeko instalazio zentralak bisitatzeko parada izan dugula. Bertan, hainbat makina, prozesu eta ezagutza berriak ikusi eta barneratu ditugu, Jon, Leire, Xabat, Iker, Pablo, Iñaki, Vita eta Zdenek-en konpainian besteak beste. Azken bi hauek, Txekiako gure lankideak dira; eta beraiekin bazkariz-bazkari itzultzaile lanak eginez, gure jaki tipikoak dastatu ditzaten aprobetxatu dugu egonaldia.
Euskal Herria zuri tindatuta utzi eta beste paraje elurtu batzuetara salto egin dugu. Hala ere esan beharra dago, eguraldi paregabea izaten ari garela Frydlant-en, aste honetako tenperaturak 0 gradu inguruan dantzan ibili baitira gorabeheraka (filosofo askok esaten duten bezala, “Ez hotz eta ez bero”). Gainera egunak pasa ahala, eguzkiaren izpien konpainiaz geroz eta denbora gehiagoz gozatzeko aukera izaten ari gara eta, beraz, goiz eta arratsaldeak argiagoak iruditzen hasi zaizkigu.
Gauzak horrela, inguru, gastronomi eta lan trantsizioa, arinago eta errazagoa bihurtu da guretzat.
Badakigu abenduaren 24 aspaldi pasa zela, baina Euskal Herritik Olentzeroren baten eskutik magiaz betetako kutxa miragarri bat iritsi zaigu bertara. Gaurtik hasita eta geratzen den denboran zehar, magia trikimailuak probatuko ditugula zin egiten dugu.
Segur aski, igande gabetik astelehen goizerarte doan denbora tartean, zinea gustuko duen edonori Kalifornian dagoen letrero famatuaren irudia etorri zaio burura. Bertan, guardia zibilik ez baina, aktore zuzendari eta produktore ugari elkartu dira Kodak (®) antzokian. Tristea den arren, Prada, Versace eta Armaniren izenak, Tarantino, Lawrence eta Watz abizenek baino presentzia handiagoa izaten dute edozein koloretako kroniketan. Dagoeneko, pelikulek, glamour eta alfonbra gorriari utzi diete bere tokia eta bigarren plano(-sekuentzian) geratu dira. Zer egingo diogu ba! Horrelakoa da bizitza eta horrelakoa da “show-businessa”.
Ezin ditut sariei buruz taxuzko ondoriorik idatzi, oraindik etxeko lanak geratzen baitzaizkit bukatzeko. Izan ere, lehenik Argo, Amor, PI eta Linkonen istorioak ikusi behar ditut objetibotasunera hurbiltzea nahi duen iritzi bat emateko. Geroagorako utziko dut zeregin hori.
Hala ere, pozik nago, gure lagun Quentini bere lana berriro ere balioetsi baitzaio (Niri pertsonalki “Inglorious Bastard” hobea iruditu zitzaidan) eta berari esker Chistopherrek bigarren estatuatxoa eskuratu duelako. Bitxia da azken hau, ez baita oso arrunta austriar batek, oso desberdinak diren bi pertsonai aleman antzezten maila berdineko emaitza lortzea.
Festa osoan zehar gauza asko pasa zirela esaten dute; besteak beste Jenniferren estropezua. Kalean norbera jausi ezkero, (nik behintzat) egiten dudan lehengo gauza azkar-azkar aldeetara begiratzea da, ea bateren batek ikusi nauen jakiteko. Ba imajinatu momentu batez, zer izango ote den mundu guztiko milioika eta milioika begiak zuri begira egotean takoia puskatu, soinekoa zapaltzea edota irrist egitea... Tira, “Gauzen alde ona” ikusita, ez da hain larria 22 urterekin (eta bi nominaziorekin), norberaren lan arloko sari garrantzitsuena lortzea, nahiz eta youtubeko “fail” guztietan agerraldia egitearen truke bada ere.
Gure kontuekin jarraituz, eskerrak eman behar dizkiogu Eibartik Edurne, Jose eta Mikeli, Gabonetan oparitutako ahate izterra, zapatuko afari bereziaren plater printzipala izan baitzen. Prestatzen genuen lehengo aldia izateko, oso goxoa irten zitzaigun.
Hurrengo egunean, igandean goiz esnatu eta eguraldi ona aprobetxatzeko asmoz, eskiatzera joan gara. 8 eta erdietan etxetik irten dugu eta bederatzietarako, eskiatzeko pistetan ginen telesilla hartzeko prest! Elur artean bizitzeak alde onak ere baititu!
4 orduz, gora eta behera ibili ondoren etxera bueltatu gara ondo merezitako bazkari eta siestaz gozatzera.Igande polita, benetan.
Eta hala bazan ala ez bazan, sartu dadila kalabazan eta irten dadila Elgoibarko eta Arrasateko plaz(et)an! Hemendik, ezer gehiago.
Dagoeneko putzua zeharkatu duzuen eta datozen orduetan gurutzatu behar duzuen denontzat, nire desiorik onenak opa dizkizuet. Konturatu orduko elkar ikusiko dugu berriz !
PD: Denon hobe beharrez eta pake santua mantentzeko, joan zen ostiraleko futbol partidaren inguruan ez dut larregi hitz egingo. Agian batzuentzat Urruti(a) geratzen da, baina beste batzuentzat katedraleko azken “ostia” sakratua gure otoitzetan mantenduko da persecula seculorum...AMEN!
BOU
Iruzkinak
Utzi iruzkina: