Tuaregak eta Tubuak
Mortuak artaz gordeta dituen altxorren usnan dabil azeri zaharra Fezzan-en, Libia hegoaldean.
Mortua, birjina oiraino, urratu gabea, oraino harro, oraindik lo, ez da ohartu zaharraren trikimailuez. Ez daki ahaleginak eta bi egiten ari dela, bere magaleko bi kuttunak, aspaldikoak, betikoak... elkar irentsi dezaten, elkar zulatu, bortxatu, elkar ezereztu.
Tuaregei, eta Tubuei, mortuko paisaia eternaleko ibiltari nekaezinei, nomadei, aspaldiko bizilagunei... hutsaren hurrengoa baino ez diren odolez zipriztindutako diru eta botere promesak xuxurlatu dizkie belarrira, piztia nardagarriak.
Hondarrarenak, haizearen seme-alabak, askatasunarenak, armaz janzten ari da, begi-bihotzetan herra ereiten, anai-arreben arteko amorrazioaren oinarri sendoak eraikitzen.
Basamortu munstro xaloa, Tuareg eta Tubuen arbasoen urratsez zizelkatua, abandona dezaten baino ez du nahi usurpatzaileak, paisaia gorrietan bere tronua jarri, eta oraino erautsi gabearen erraietatik lehertu arte jateko.
Itoko ahal da piztia bihozgabea, bere antsia aseezinen atzapar artean... behingoz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: