Takamba
Takamba hitza entzun orduko sentsualitatea datorkit gogora. Giza gorputzak basamortuko duna bilakatzen dira, eta haizeak ferekatuko balitu bezala mugitzen, lotsagabe, aske.
Takamba musikak eta dantzak XV.mendeko Songhai inperioan dute jatorria, Gao hiria, kultura eta komertzio hiriburua zen garaietan. Tamasheq griot-ek eta perratzaileek moldatua, uztaren bilketa, gudarien etxeratzea, eta familia nobleen laudorioak ospatu eta goratzeko tresna bihurtu ziren biak ala biak.
Griot-ak, eserita, “Tedarhent” tresna jotzen du, songhai-ek “Kurbu” bezala ezagutzen duten instrumentua, edota beste batzuek “ngoni” deitzen dutena.
Gorputz atal ororen, esku, oin, ipurdi, begi, ezpain, aldaka... uhindurei, garrasi, txalo, eta algara ozenek laguntzen diete, barruak astinduz, gogoak kanporatuz, beldurrak uxatuz.
Takamba, Songhai herrian hasi eta Tamasheq kanpamentura hedatuz joan zen, bi kulturak uztartuz, eta aberastuz.
Tinbuktu eta Gouranen artean dagoen Temera herrixkan omen ditu sustraiak. Bada, istorioak dio bazirela behin Temeratik gertu kanpatu zuten maisu Tamasheq bat eta bere griot-a, eta zaharrek diote, Temerakoak “Tedanhert”aren soinuak liluratuta kanpamentura hurbildu zirela, eta hain omen zen ederra euretako emakume bat, Tamasheq maisuak eskua eman nahi izan ziola, eta hortik “Takamba” hitza, “har ezazu nire eskua” esan nahi duena.
Kontakizunak kontakizun, magia dario Takambari, bizitzari darion magia bera. Hilkorrak garela gogorarazi nahi digu agian, eta gure txikitasunean ere, zerbait bagarela, infinituaren atala garelako.
Bizirik izatearen gozamenaren aldarria da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: