Sua gorri da gauaren erdian
Kidaleko «adagh», edo «adar», edo «adrar» mendi diren gailurretatik dator «kel_tamasheq-en», tuaregen, abesti hau.
Gitarra, durbantea, irrintzia, eta txaloak.
Emakumeak, gizonak, eta haurrak hondarraren leunean eserita, elkarren ondoan, familia bat, herri bat, amets bat dira. Erraietatik kanporatutako desioa, garrasi ozena, «al-horrija» askatasuna, eta «toumastin» lurra.
Sua gorri da gauaren erdian «tenere» basamortuaren magalean.
Suaren itzalean, suaren berotasun gozoaren babesean tea, «imidiuan» edo lagun zaharren artean. Solasa, patxada, tea, eta sua «tenere» basamortu betikoaren altzoan.
Eta zeruaren erdian, eder, beti bezala «aiur» ilargi amandrea, gaueko erregina.
Azawadeko seme-alabek, basamortuarenak «al her ghas» bake desioz blaitu nahi dute seme-alaben etorkizuna, «imazighenena» gizaki askeena.
Insalah!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: