Nomadak

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-05-23 19:43

 

Eguzkia du durbantetzat

eskorpioiak jantzitzat

arantzazko oinetakoak

suge zatibitua makulutzat

 

Hautsi dira aurrean suzko mendiak

kiribildu atzean lurrezko alfonbrak

 

Egarriak marraztu dio bidea

eta izar uxoen dirdai liluragarriak

amildegietatik haratago

ametsik gabeko murmurioen oinkadak

 

Atzo berunezko armadak erre zion kanpamendua

Lehorteak erraztatu dizkio itxiturak

 

Putzuetan du emaztea

piltzar grisez jantzia

imintzio zorigaiztokoa

aurpegian errautsen igurtzia

ilekordak aske

alargun mamua

 

Haurrak belaunikaturik

pozoiaren zingiran

gosearen zuloan

miseriaren atzaparretan

geruza zaragartsua

zomorrozko burusiak

 

Larre zelai itxiak

kezko tornadoak

bide metatuak sareetan

preso ziegetan

kontserba poteak

 

Nomada hirian sartu da

hiru ontza gari erostera

hormigoia maite dutenek

tu egin diote aurpegira

bizkarrera jaurti diote

bere ardien hezurdura

Hiriaren garrasiak

Nomada madarika bedi

azeri lapur traidore

basati armiarmaren lagun

gameluaren adiskide

 

Azoka utzi du

izarrengatik

axolagabe asaldaturik

urratsen soinua baino ez du entzuten

biltzen duen hautsa

doinu bakar batean

iragana eta etorkizuna

harmonizatzen dituen kontrabaxua

oraina blaitzen duen kizkurra

 

Aspaldiko iraganera

begira jarri da

arimen isuriak lagunduta

Inta-ren dendagatik

eta Abat-en idortasunagatik

bizitza gainezka daukatenengana

bizitza argitasun bits

bihurtzen den unera

izatea ispiluen ispilatzea den ozeanora

 

Bere arranguretara itzuli da abestuz

alderraiaren doinua

 

Duintasun ezari tu egiten ez dionari

trabek begiak lehertuko dizkiote bihar

Morrontzaren kateetatik

askatu ez denari

ez zaizkio korapiloak laxatuko

gutizien zorroari loturik bizi direnei

hazi txinpartari

 

 

Hawad (moldatua)

 

 

 


Utzi iruzkina: